argia.eus
INPRIMATU
Piloturik gabeko abioiak
jarri nahi dituzte gure zeruan

Joxerra Aizpurua Sarasola 2013ko abenduaren 12a

Amazon banatzaile erraldoiak piloturik gabeko abioiak, droneak alegia, erabili nahi ditu hainbat material banatzeko.

Droneak ezagun egin dira gerra makina gisa, AEBek behin baino gehiagotan erabili baitituzte arerioak suntsitzeko. Hala ere, azken aldian droneen erabilpen ez-militarraren bidea gero eta zabalagoa da. Udaren amaieran AEBetan gertatu suteak ikuskatzeko droneak erabili ziren, baina baditugu hurbilagoko beste adibide batzuk. Frantzian, adibidez, 2012an onartu zuten droneek hegan egitea baimentzen duen legea, eta harrezkeroztik kartografia lanetarako, nekazaritzarako, artelanak zaintzeko... erabiltzen ari dira.

Antza, Amazonen aurretik enpresa askok agertu du piloturik gabeko abioienganako interesa, uste baitute banaketa-kostuen murrizketa handia ekar dezaketela kasu askotan. Baina oraingoz arazoak abantailak baino handiagoak dira: oso autonomia txikia dute, eta istripuen edo lapurreten aurrean nola jokatu ez dago garbi.

Badirudi AEBetan 2015ean onartuko dela droneek hegan egitea baimenduko duen legea, eta bitartean Frantzia bihurtuko da saiakuntza eremu. Baietz hamarkada hau amaitu aurretik lehen postari droneak geure artean izan!