"Baionan auzapeza hautatzeko abertzaleak giltzarri izanen dira"

  • Lekorne, 1947. Baionako Institutu Unibertsitario Teknologikoan (IUT) ingeles irakasle izana. Borondatezko lana egiten du Enbata aldizkarian. Ipar Euskal Herriko politikaren behatzaile zolia eta iritzigile da. Frantziako Estatuaren deszentralizazio politikari buruzko bere ikusmoldea eman digu, baita datorren martxoko udal hauteskundeez aburu zenbait ere.

Dani Blanco

Hezur-muinetan darama politika Mixel Bidegain militante abertzale historikoak. Azaroaren 30ean, Maulen, Lurralde Elkargoaren alde, 3.500 herritar bildu zituen manifestazioa hizpide abiatu dugu solasaldia.

Ipar Euskal Herriaren instituzioaren eskaera ozen zabaldu da berriz ere. Oraingoan Mauleko karriketan.

Manifestazioak beharrezkoak baitira, bizi dugun ataka gainditzeko katarsi gisakoak. Mazelako asko hartu dugu. Gainera, hondar aldian, Baionako manifestazioak nola-halako dezepzioa utzi zuen, jende gutxi bildu zelako. Irudi zuen zerbait lortua genuela eta 5.000 jende bildu zen, abertzale bozkatzailea 10.000-12.000 delarik. Hau da, abertzaleak berak ez ziren mobilizatu. Horregatik beharrezkoa zen barnealdean egitea eta areago Zuberoan. Zuberoko hautetsi abantzu guztiak manifestatu ziren. Hori duela hamar urte pentsaezina zen Zuberoan.

Bi egun lehenago Jean-Marc Ayrault lehen ministroak Ipar Euskal Herria Polo gisa egituratzea proposatu zuen.

Frantziako Deszentralizazioaren III. aktaren edo ekimenaren harian heldu da proposamena. Baina, egituratze hori ez da batere deszentralizatzeko asmoz egina, lurraldea berregituratzeko urrats nimiñoa da, ez da batere tokian tokiko egiturei botere gehiago emateko. Berrantolatze horren bidez bizpahiru metropoli sortu dituzte. Lyongo eskualdean, konparazione. Metropolia egiteko hiria eta departamendu zati bat elkartu dituzte, alta, ez dute departamendua deuseztatu, eginen zutela hainbestetan erranagatik ere. Deszentralizazioaren desmartxa gezur hutsa besterik ez da.

Euskal Herrian ere halako zerbait egin lezake Frantziako Gobernuak?

Euskal lurraldea lotu ote zezaketeen gure metropolira –departamendua deuseztatuz– Lurralde Kolektibitatea sortzeko? Nork daki. Haien ustea hau da: “Euskal Herriaren lurralde egitura sortu nahi dute eta Espainiako Euskal Herriarekin lotu”. Ugarte bat bagina, Korsika edo Kaledonia Berria, aspaldi finkatua zen lurraldea. Euskal Herria estatu arazoa da, lurralde afera, lurraldearen jarraitutasuna –Continiuté territorial printzipio delakoa– uki ezinezkoa da Frantziarentzat.

Eskualdea, departamendua, kantonamenduak. Frantziako egituraketa eta deszentralizazioaren politika ez da aise ulertzen.

Kantonamenduak eta herri elkargoak berrantolatzen ari dira orain. Azal iezaguzu zertan diren horiek guztiak.
Egiari zor, normala da berrantolaketa egitea. Kantonamendu batzuetan 5.000 biztanle dira eta beste batzuetan 30.000; Hendaiakoan, adibidez. Kantonamendu horretan Kotte Ezenarro da kontseilaria, bakarra. Eta Bidaxunekoan ere bai, 5.000 biztanleekin, Jean-Jacques Lasserre. Frantziako historiaren “ondarea” dira horiek. Hiriak handitu dira, baina kanpaina, baserria, tipitu da jendetzari dagokionez. Beraz ordezkapen-desoreka hori orekatzeko zerbait egin behar da. Maleruski, kari horretara, izugarrizko nahas-mahas (charcuterie politikoa) muntatu dute. Esaterako, Biarnoko kantonamendu bat eta Euskal Herriko beste bat lotu nahi dute. Amikuzekoa eta Biarnokoa, gainera, ez dakigu zein den. Paueko Kontseilu Nagusiak erabaki behar zuen, Ministerioak onarturik, baina ez dute egin. Sei urte horretan aritu dira, eta urte bat luzatu dute afera, 2015era arte.

Paueko Kontseilu Nagusiaren jarrera zein da kantonamenduen berregituraketan?

Departamenduko kontseilari nagusiak, PSko Georges Labazeek, esan omen du Manuel Valls Barne ministroak agindu duela mugen berregituratze hori. Hemengo sozialistek erabakia goitik datorrela diote, baina, ziur naiz, Labazeek eta beste sozialista askok, hemengo gehienak barne, horren alde daude. Ez dute nahi Euskal Herriak berezko mugak eta izate juridiko, politiko eta administratiboa ukan ditzan. Hau da, Hego Euskal Herriko instituzioekin hainbat esparrutan hitzarmenak egin litzakeen erakunde bat izatea. Akitania-Euskadi edo Pirinio Atlantikoak-Nafarroa-Aragoi egiturak bai, baina Euskal Herria izan gabe.

2014ko martxoan Herriko Etxeko bozak izanen dira. Herri hautetsiez gain, herri elkargoetako kontseilariak ere hautatuko dira. Herri elkargoen bidez, Lurralde Elkargoa eratzera irits zitekeela entzun da han-hemenka.

Batek daki. Zaila da jakitea. Demagun horrelako zerbait egiten dela. Kontua da zein eskumen izango lukeen elkargo horrek. Baluke agian lehendakari bat. Herri elkargoetan badago, denen arteko egitura bat era lezakete. Baina funtsean, Frantziako egituretan zinezko eskumenak eskualdeek, departamenduek edo Lurralde Elkargo espezifikoek dituzte. Herri Elkargo bakarra eratzeak ere ez lizkiguke emanen Lurralde Elkargo berezi baten eskumenak, legeak ez baitu onartzen guk abertzaleok galdatzen ditugun eskumenak. Urrasñoa litzateke aitzina egiteko? Usaiako galdea.

Eredu asko, baina zehatzik batere ez.

Deszentralizazio politika Mitterranden garaian hasi zen, gero UMPko Jean-Pierre Raffarin Lehen ministroak segida eman zion II. aktaren bidez. Eskumen gehiago eman zuen eta antolatzeko askatasun gehiago. Baina ez da usu erabili. Erregioaren egitura (Akitania eskualdea) erreferentzia nagusia izatea nahi dute. Irudiz, departamenduaren eskumen batzuk nahi izan dituzte transferitu eskualdera eta beste batzuk herri elkargoetara. Saltsa-maltsa horretan ari dira, baina horretarako lege egitasmorik ez dute behin ere egin. Politikarien asmakizunak dira, nahikeriak. Une batez “horrela ezin dugu segitu pentsatu zuten”. Hainbeste kontseilu, kontseilari eta funtzionariorekin. Dossier bat lantzen da, eta herri kontseilutik, herri elkargotik, departamendutik eta eskualdetik pasa behar da. Egitura sinplifikatu nahi dutela diote, baina orainokoan ez dute egin.

Pays egitura delakoa desagertu da. Haren bidez baliatutako eskumenak nola eskuratuko dira orain?

Jean-Marc Ayrault Lehen ministroak Ipar Euskal Herria Polo egitura proposatu omen du horren karietara. Hedabide zenbaitek hori ulertu dute. Polo deitzen ahal zaio? Egitura berri delako hori definitu gabe dago. Ayraultek ez du garbi adierazi, edo nik ez dut garbi ulertu. Polo hori herri elkargoen bidez osatua balego ere, zein eskumenekin? Ez dute behin ere garbi mintzatzen. Herri elkargoak desagertuko al dira? Herri elkargoek Sindikatu ereduko egitura osa lezakete, Syndicat mixte delakoaren antzekoa. Bil ta Garbi da horren adibidea, hondakinak biltzen dituen egitura. Polo edo egitura berriak bi edo hiru eskumen izanen lituzke, ez gehiago, eta ez lioke Euskal Herriari ezagupen instituzionala bermatuko. Gure eskakizuna urrunago doa. Abertzaleok Lurralde Elkargoaren alde borrokan segitu behar dugu.

Martxoko Herriko Etxeko bozak hizpide. Nola ikusten dituzu abertzaleen aukerak? EH Bai izango al da abertzaleen batasun marka?

EAJ kenduta, gainerako guztiek –AB, Batasuna eta EA, bai alderdirik gabeko abertzaleak– osatutako zerrendak direnean EH Bai izanen da. Beste arazo bat da, zerrenda horiek irekiak direnean. Funtsean, ez da izango abertzalek soilik osatutako zerrendarik. Zerrenda abertzaleetan abertzaleak ez direnak ere izanen dira, baita zerrenda irekiak direlakoetan ere.

Baionan, abertzaleek Jean Claude Iriarte dute zerrendaburu. Ezkerrekoa bai, baina ez dute abertzale gisa aurkezten. Zer espero duzu?

Jean Claude Iriartek zuzenduko duen taldea irekia da, badira abertzaleak ez direnak. Baina funtsean abertzalea da. 1983tik hala izan da. Ni orduan zerrendako bigarren lekuan izan nintzen, Claude Harlouxet buru zela. Bozen %4,94 egin genuen. Hautetsirik ez genuen ukan, %5 behar baitzen gainditu. Espero dut abertzaleek orain arteko %8tik goiti egitea, %10a ere erdiestea. %10a egiten duzularik bigarren itzulian pisu handia duzu, giltzarria bilakatzen zara. Baionan auzapeza hautatzeko erabakigarriak izanen dira abertzaleak.

Jean Greneten ondorengoa nor den erabakiko da. Jean Rene Etchegaray zentrista eta axuantak UMPren sostengua dauka. Batera-ko kidea da. Beste aukera nagusiak PSko Henri Etcheto du zerrendaburu.

PSko Etchetoren profila antieuskaduna da, Lurralde Elkargoaren aurkakoa. Etchegarai deszentralizazio erreformarako ministro Marylise Lebranchu Angelura etorri zen eguneko protestan egon zen, bizkarra emanez. Baionako auzapeza izan nahi duen Baterako kidea da. Laborantza Ganbara urririk defendatu duen abokatuak bere lerroa fermuki atxiki du. Naski, boza emateko unean abertzale bakoitzak ikusiko du. Zer aterako den horretatik?

Miarritzen Didier Borotra auzapezaren ondorengoa hautatuko da. Biarritz Elkartu eta Biarritz Bestelakoa talde abertzaleak Michel Veunac (UDI) zentristarekin aurkeztuko dira.

Akatsa iruditzen zait abertzaleek beren taldea ez osatzea lehen itzulian. Jakes Abeberrik bozen %14a eskuratu zuen orain hogei urte, orduan miraria zirudien. Abertzaleek urteetan eraman zuten lanaren uzta. Borotrarekin hitzartu zuten udal politika. Orain, Borotra doa eta abertzaleek ez dute taldea osatu, baina behar zuten egin, Brisson edo Veunac garaile izanda, zerbait negoziatzeko bigarren itzulian. Abertzaleen arteko zatiketa izan da iraganean. Abeberri ere badoa eta ez da zerrenda osatzeko ahalmenik izan. Horretarako pertsonalitate politiko bat eta lan franko egin behar baita. Hots, militantismoa lana da, eta egitea gero eta nekezagoa da egun. Miarritzen abertzaleek beren arima saldu dute nolabait, beste zerrenda batean sartzean.

Nola ikusten duzu Michel Veunac zentristaren eta UMPko Max Brissonen arteko lehia?

Veunac gizon irekia da. Baina zer eskainiko die abertzaleei? Brissonek UMP du gibelean. Lurralde Kolektibitatearen aldekoa da. Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) lehendakaria izan da luzaz. Azken hamar urteetan Euskal Herria ezagutu du. Euskaldunekin aritu da lanean. Max Brisson garaile bada, zer leku izanen dute abertzeleek Herriko Etxean?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ipar EH-ko politika
Euskal Konfederazioak haserrea adierazi du EEPren batzar nagusian, euskararen aldeko politikei diru gehiago ez bideratzeagatik

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) batzar orokorra izan du astelehenean 2024ko aurrekontua bozkatzeko. Alain Iriart, Euskal Elkargoko ordezkaria kontra bozkatu duen bakarra izan da.


2024-01-31 | Euskal Irratiak
Peio Etxeberri Aintxart
"Estatuak heriotza heroikoa eskaini zion gainbeheran zen Enbatari"

Mende erdia bete da Enbata legez kanpo ezarri zutenetik. Frantziako gobernuak Enbatak Hego Euskal Herriko ETA erakunde armatuarekin zuen balizko lotura ezarri zuen estakuru bezala. Horren ondorioz,Ipar Euskal Herriko lehen mugimendu abertzalearen azken kideak HAS Herriko Alderdi... [+]


2023-12-20 | Euskal Irratiak
Dominika Daguerre
"Hiru urtez, GALen atentatu bat jasan genuen hamabost egun guziz Iparraldean"

Berrogei urte bete dira GALek aldarrikatu lehen hilketatik. 1983ko abenduaren 19an Ramon Oñaederra ‘Kattu’ 23 urteko errefuxiatua hil zuen talde parapolizial horrek Baionako Bourgneuf karrikako Kayetenia ostatuan. Gertakari hori mugarria izan zen, hor abiatuko... [+]


2023-11-09 | Euskal Irratiak
Europako 10 milioi euro zuzenean kudeatuko ditu Euskal Hirigune Elkargoak

Lehen aldia izanen da Europako funtsak zuzenean kudeatzen ahalko dituela Euskal Hirigune Elkargoak, Akitania Berriko eskualdearen esku hartzerik gabe. 10,8 milioi euroko diru-funtsa izanen da, 2024 eta 2027 artean baliatu beharrekoa.


2023-11-06 | ARGIA
Bagira prozesua
Ipar Euskal Herriko abertzaleek aurrera begirako erronkak zehaztu dituzte

Bagira prozesuak Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak etorkizunera begira hartu beharreko orientabideen inguruko gogoeta egin du, eta ondorio nagusiak aurkeztu berri ditu. Inkesta 1.500 pertsonak erantzun dute. Mugimenduaren erronka nagusi izango diren bost gai zehaztu... [+]


Eguneraketa berriak daude