Londres, 1840ko otsailaren 10a. Victoria erregina haren lehengusu Alberto Saxe-Coburg eta Gothako printzearekin ezkondu zen Saint James jauregiko kaperan. Soineko zuria jantzita, erreginak tradizio bat hautsi eta gaurdaino iraun duen beste bat sortu zuen.
Antzinako Erroman ere andregaiak tunika zuria soinean ezkondu ohi ziren, zuria Himeneo ezkontzaren eta ugalkortasunaren jainkoaren kolorea baitzen. Oinetakoak eta mantelina, aldiz, azafrai kolorekoak izaten ziren. Handik aurrera, ordea, andregaien soinekoen koloreak ez zuen sinbolismo erlijiosorik izango Europan; botere ekonomiko eta sozialaren seinale bihurtu zen. Erdi Aroan eta Berpizkundean, ezkongai aberatsenek oihal purpura, gorri edo urdin biziak aukeratu ohi zituzten jantziak egiteko, koloregai garesti horiek ordain zitzaketen bakarrak zirelako. Hala ere, baziren salbuespenak. 1406an, esaterako, Ingalaterrako Henrike VI.aren alaba Philipa zuriz ezkondu zen Erik Danimarkakoarekin.
Barrokoak ezkon soinekoen kolorea leundu zuen, pastel koloreak modan zeuden eta. Dena den, orduan ere izan zen araua hautsi zuen andregairik: 1660an Maria Teresa Austriakoak beltza aukeratu zuen Frantziako errege Luis XIV.arekin ezkontzeko. Baina, oro har, errege familietako ezkontzetan kolore distiratsuak nagusituz joan ziren. Katalina Errusiakoak zilar koloreko soinekoa aukeratu zuen, eta Ingalaterran ere Victoriaren aurrekoak zilarrez ezkondu ziren.
Hannover etxeko azken erreginaren moral hertsia kontuan hartuta, pentsa liteke garbitasunaren ikur gisa hautatu zuela zuria. Arrazoia, ordea, friboloagoa izan zen: bereziki gustuko zuen parpailazko oihala erabili nahi izan zuen soinekoan, eta parpaila zuria zenez, soinekoa kolore berekoa egitea erabaki zuen. Izan ere, zuria ez zen, artean, birjintasuna adierazteko kolore erabiliena. Ama Birjinaren kolorea urdina zen, eta, horregatik, soineko azpian bada ere, ezkontza egunean urdin koloreko zerbait eramateko ohitura gaurdaino iritsi da. 1854an Eliza Katolikoak Sortzez Garbiaren dogma onartu zuen, eta zuria garbitasunaren ikur bihurtu zen. Victoriak hamalau urte lehenago hautatu zuen soinekoaren kolorea eta, gainera, protestantea zen. Beraz, zuriz ezkontzeko tradizioa arrazoi mundutarragoei egotzi behar zaie; zehazki, jaio berria zen argazkigintzari. Batetik, ezkontzako argazki ofizialak lau haizetara zabaldu zirelarik, kontinente osoko andregai askok erregina imitatu nahi izan zuten; eta oihal zuria zilar kolorekoa baino merkeagoa zen. Bestetik, zuri-beltzeko lehen argazkietan kolore biziak ez ziren antzematen, eta zuria, aldiz, ederki nabarmentzen zen.