ETAren aurka hobeto bizi ote ginen bada?

Errealitatea ondo ezagutzen dugula uste dugun arren, askotan ezaguera hori partziala da, eta bestetan, errealitatea baino gure nahia besterik ez dugu ikusten.

Errealitate soziala konplexua bada ere, esango nuke gutxieneko oinarri komuna badagoela, oso gutxienekoa bada ere.

Gure oinarri hori etorkizunari lotuta dago. Herri honetan etorkizuna merezi dugula erabaki genuen aspaldian eta horrela jakinarazi genien itxaropen hori ukatzen ari zitzaizkigunei, batez ere –baina ez bakarrik– ETAri. Herri honek hausnarketa sakona eskatu dio ezker abertzale tradizionalari; desagertzea exijitu dio ETAri eta indarkeria mota guztiekin bukatzea –baita Estatuarena ere– ezinbestekotzat jo du etorkizun hori eraiki ahal izateko.

Eskaera horiek helburu zehatzak zituzten: giza eskubideen urraketa gelditu, gure elkarbizitza lortu eta etorkizuna sendotu, elkarrizketa eta adostasunaren bidez. Baina hori guztia posible al da? Benetan lor al daiteke elkarbizitza? Gure aurrean ikusten ditugun oztopoak gaindi al ditzakegu?.

Garai berria baina zaila zabaltzen ari da Euskal Herrian. Berria, bizikidetza hobetzea eta bake-bidea jorratzea posible ikusten delako. Zaila, oraindik ere politika normalizatzea urrun ikusten dugulako eta iraganak zauri eta esperientzia larriak utzi dizkigulako.

Etorkizunak baldintza sendoa behar du: aniztasuna. Gure herrian dagoen pluralismo ideologikoa eta soziala aukera ezin hobea da elkarbizitza errotzeko, denon begiradak, sentimenduak, sufrimenduak eta ametsak beharrezkoak direlako. Kolore askotako etorkizun aberatsa nahi dugu, inor kanpo geratu gabe.

Aniztasuna bai, baina abiapuntu komuna: iraganari begirada kritikoa luzatzea eta elkarbizitza normalizatzea. Hemen daude zailtasunak eta aukerak ere.

Etorkizuna aurreikustea ez da erraza. Baina iragana “iragartzea” ere ez. Oso zaila da iraganari buruzko ideia partekatua izatea, interpretazioa eta subjektibismoa batera doazelako. Baina iragana pentsatu eta adierazterakoan asmo konpartitua behar dugu –sikiera asmoa–.

Eginbehar horretan talde politikoek zeresan handia dute, noski. Eta esaten ari dira, euren zailtasun, interes eta beldurrekin. Alderdiei behin eta berriro exijitu behar zaie interes horiek gizartearen ilusioa itzal ez dezaten eta interes orokorrari hel diezaioten.

Herritarrok ilusio handiz ezagutzen ari gara hainbat esperientzia interesgarri eta eskuzabal: biktimen arteko topaketak; biktimak eta presoen arteko elkartzeak; herritarron arteko elkarrizketak... Pentsatzekoa da ekimen hauetan iraganak toki handia izango duela, baina etorkizuna berea hartzen saiatuko dela.

Indarkeriaren biktimak –ETArenak bereziki– sufritzen ari dira: ez dute ulertzen zer gertatu den orain arte eta ez dute onartzen horrenbeste kalte eta min egin dizkieten horiek kalean egotea eta gure gizartearen parte izatea. Baina herri honek –beste herri gehienek bezala– ez dauka beste erantzunik: justiziarik gabeko gizarteak ez du aurrera egiten. Herri honek biktimei zor diena hauxe da: kaltearen injustizia aitortzea –ez zilegitasuna– eta elkartasuna adieraztea, egia eta justiziaren bitartez. Baina gizarte honek ezin die elkarbizitzari eta etorkizunari uko egin: hori bai izango litzateke erremediorik gabeko injustizia orokorra. Gure seme-alabek ez ligukete inoiz barkatuko.

Indarkeriarik gabeko gizartean hobeto biziko gara denok, denok biziko garelako. Ala ez?

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


ASTEKARIA
2013ko abenduaren 15a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Eguneraketa berriak daude