argia.eus
INPRIMATU
Enpatia bila, geure buruaren alde

Dabid Anaut 2013ko abenduaren 10

Aurrerantzean, euskaraz eginen duten euskaldunok bi –edo hiru– hizkuntzatan ongi moldatzen diren hiztunak izanen dira. Sarritan, erdaraz euskaraz baino hobeki moldatzen direnak gainera. Euskaraz eginen dute, baina ez ezinbestean euskaldun elebakarren garaian bezala, hala nahiko dutelako baizik. Gauzak ikaragarri aldatzen ez badira behintzat.

Gutako askok, ez denek jakina, bi aukera izanda euskaraz egitea hobetsiko dugu, halaxe nahi dugulako. Nahi edo sentimendu hori ez genuke akaso denek berdin azalduko, askotariko bulkadak egon bailitezke horren atzean: ideologikoak, kulturalak, erosotasunari lotutakoak…

Ez naiz deus deskubritzen ari eta irakurle horrek hainbeste badakizu. Susmoa dut, ordea, askok ez duela guretzat bistakoa den kontu hau usaintzen. Alegia, euskaraz egin nahi dugula hobeki sentitzen garelako, ez dela apeta hutsa. Euskarari eusteak hainbatetan sortzen dizkigun gatazkatxo eta deserosotasun handien eta txikien gainetik euskaraz egin nahi izaten dugu, hain zuzen ere, batean edo bestean ez garelako berdin sentitzen.

Saiatzen ote gara, ordea, gure barruko sentimendu hori azaltzen erdaldunei, esate baterako? Egoera jakin eta ohiko bat daukat gogoan eta horretaz ariko naiz: zazpi euskaldun + erdaldun bat = zortzi erdaldun. Erdaldun bakar hura gaizki edo deseroso senti ez dadin, gu sentitzen gara gaizki, etsiak hartuta, gurekin beti euskaraz ari direnekin erdaraz arituta, erridikuluaren eta egonezinaren arteko sentsazio arraro batean.

Ez baikaude ohituta hizkuntza erabilera emozioekin eta sentimenduekin lotzen, eduki formal eta ideologikoekin osatzen baitugu euskararen inguruko diskurtsoa, batzuetan erdaldunen enpatia aktibatzeko aukera bat galtzen ari garela iruditzen zait. Egin dezakegu euskaraz, noski, eta zortzikotearen egoera horretan hala egin behar dugula iruditzen zait niri behintzat. Eta egin dezakegu inori argibiderik eman gabe, guk ere badugu normal aritzeko eskubidea.

Baina agian aiseago gaindituko genituzke egoera jakin horietan euskaraz aritzeko konplexuak eta ezintasunak gure ondokoen –gure inguruko erdaldunez ari naiz– erresistentziak erortzen ikusiko bagenitu, eta uste dut gure sentimendu horiek noizean behin behintzat adieraztea behar beste erabiltzen ez dugun arma bat dela horretarako. Adierazteak merezi duenean, jakina, ez baita beti horrela izaten! Merezi duenean, horrenbestez, azaldu, hitz egin, eta hortik aurrera eutsi lasai geureari.