AEB eta Europako lobbyak labekatzen ari diren TAFTA

  • Ofizialki den arren Transatlantic Trade and Investment Partnership (TTIP), ezagunagoa da ekarriko duen fruituaren izenez: Transatlantic Free Trade Area (TAFTA), Atlantikoaren gaineko Merkatu Librearen Gunea. Herritarrok burua ilargian daukagun bitartean, denon bizimodua errotik aldatuko digun aldaketa ari dira egosten ezkutuka.

"Stop TAFTA" goiburuz Parisen azaroaren 24an burutu zen elkarretaratzearen irudi bat. Les Engraineurs (engraineur frantses argotean da besteren aferetan muturra sartzen duena, zirikatzailea ere bai) kolektiboak Saint Michel plazan hiru ziento jende bildu zituen AEB eta Europako eliteak antolatzen ari diren merkataritza libreko itunaren kontra ohartarazteko herritarrak. Susan George ekintzaile altermundialista ezaguna mintzatu zitzaien, besteren artean. Salatu zuen korporazio multinazionalek pagatutako lobbyak, ehunka bulego eta milaka abokatu eta aditu diruz ongi hornitu eta herritarrei osasunaz, ongizateaz, ingurumenaz eta ekonomiaz oraindik dauzkaten azken kontrol mekanismoak ostu nahian ari direla konspiratzen, TAFTA hori sekretuan erditzeko. Datozen hilabeteetan herritarrek izango dute aukera Euskal Herrian ere ordezkaritzak eta agenteak dauzkaten lobby horiez gehiago jakiteko.

Ikusi ingelesezko Wikipediak nola laburbiltzen duen: “1990eko hamarkadan aipatu zen lehenbizikoz eta 2007an berriro. 2013an Enpleguaz eta Hazkundeaz AEBen eta Europar Batasunaren arteko Goi Mailako Lan Batzordeak gomendatu zuten ekitea Atlantikoan zeharreko Merkataritza eta Inbertsio Bazkidetzaren negoziaketei.

Izan daiteke historian zehar antolatu den merkatu libreko gunerik zabalena, munduaren Barne Produktu Gordinaren %46 bere baitan hartuz (...). Ituna osorik abian jarriko balitz, Europako Batzordeak kalkulatu du 2015erako ekarriko duela 400.000 lanpostu berriren sorrera, familia bakoitzarentzako urteko 545 euroko aberastasun gehitua, Europarentzako 160.000 dolarreko irabaziak eta AEBentzako 128.000 milioikoak. Hala ere, beste batzuek eztabaidatu egiten dituzte argudio horiek eta kritikatzen itunaren inguruko negoziaketa sekretuak eta copyright klausulak”.

Ez da mirari goizeko kafea hartuz Athleticen edo Osasunaren azken balentriak oihukatzen diren ostatuetan TAFTA inork ez aipatzea. Baina EAErentzako estatus aldaketaz edo erabakitzeko eskubideaz kezkatzen den herritarrak ere, kronika honen egilea barne, TAFTAz ezer ez jakitea bai da nabarmena. Ez ordea kasualitatea.

AEBak ahalegin handiz ari dira negoziatzen bi merkataritza itun, bata Europar Batasunarekin eta bestea Itsas Bareko 11 herrialderekin, eta aurrerazaleak borrokarako antolatzen ari dira. Baina hain kaltegarriak ote dira itunok?

Europako Batzordeak negozio erakargarri bat marrazten du “Partenariat transatlantique de commerce et d'investissement (TTIP): Le plus important accord commercial au monde” aurkezpenean: AEBen eta Europar Batasunaren arteko salerosketak ugaritzeko dauden hesiak ezabatu nahi ditu, aduanako tasak gutxitu, batean eta bestean dauden arautegi ezberdinak bateratu, esate baterako bateko eta besteko homologazio prozedurak berdindu, honek enpresei kosteak gutxitzea ekarriko dielarik. Zerbitzuen atalera ere zabalduko omen da merkatuen liberalizazio erraldoi hau, baita inbertsio eta zerbitzu publikoetara ere, azkenean mundu osorako balioko duten arau berriak eraikiz.

Hain kaltegarria ote da hori? The Ecologist aldizkarian Ben Whitfordek (“Secret trade deals attack global health and environment”) erantzun du: “Hitzarmenok baimenduko diete konpainia handiei herrialde bakoitzeko legeek ezarritako edozein mugari izkin egitea”. Baina zein neurritaraino? “Ezin da jakin: negoziaketak sekretupean egin dituzte eta korporazio handien interesak defenditzen dituzten lobbyak negoziaketen muinean ari diren bezala, tratuaren kontra egon zitezkenei informazioa ukatu egin zaie”.

Korporazioen diktadura

Hona The Ecologistek iragartzen diguna TAFTA berriarekin. Fracking gasaren ustiaketa denetan zabalduko da, Europako moratoria pikutara joateak eta AEBetako gasaren esportazioak bultzata. Europako merkatuak produktu transgenikoz beteko dira, hormonaz hazitako zekor eta txerrikiz, kloroz esterilizatutako oilaskoz. AEBetatik laborantzako produktu merkeen uholde berria dator Europara. Europan kontsumitzaileen babeserako dauden arauak lasaituko dira korporazioen mesedetan. Europako agintariek produktu kimikoen gain daukaten kontrola galduko dute. Europako energia berriztagarrien planak are gehiago ahulduko dira.

“Berriro katastrofekeriatan!”, kexatu liteke irakurlea. Ez tamalez. The Guardian egunkarian George Monbiotek (“The lies behind this trasatlantic trade deal”) azaleratu du negoziaketok ezkutuka darabilten arriskua. “[Negoziaketa] batzordeak indar egiten du TTIP itunak barruan eraman dezan ‘investor-state dispute settlement’ mekanismo pozoitsua. Tresna honek, sartu duten aurreko itun guztietan, indarra eman die multinazionalei auzitara eramateko gobernuak bitartekari talde sekretuen aurrera; alegia, lekuko auzitegien eta parlamentuen erabakiak zangopean erabiltzen dituzten eta korporazioen abokatuz osatutako batzordeen aurrera”.

Horixe dela posible. Alemaniak erabaki duenetik pixkanaka itzaliz joatea bere zentral nuklearrak, Suediako Vattenfall konpainiak 3.500 milioi euroko kalte-ordainak eskatu dizkio. Quebecek fracking gasaren ustiaketari moratoria ezarri dionean, AEBetako konpainia batek 250 milioi dolarreko ordainketak eskatzen dizkio. Australiako gobernuak erabaki zuenean, legebiltzarrean luzaz eztabaidatu ostean, zigarretak markarik gabeko paketeetan eta soilik osasunarentzako arriskuen aipamenez apaindurik saltzea, Philip Morris konpainiak Australia auzitara eraman zuen Hong Kongekin zeukan merkataritza itun bat aitzakiatzat erabiliz.

Mendebalde aberatseko herritarrei deigarri suertatzen zaizkigu kasuok, gure gizarteekin parekatzeko moduko estatuei gertatu zaielako. Baina aurretik mundu osoak nozitu ditu estrategia honen kalteak. Argentinako gobernuak bere krisi larriaren ostean erabaki zuenean blokatzea energiaren eta uraren prezioak, zerbitzuok berenganatuak zeuzkaten multinazionalek kalte-ordain handiak kobratu zizkioten. Berrikiago, El Salvadorren herritarrek lortu zutenean agintariak konbentzitzea urre meategi erraldoi bat irekitzeko proiektua geldiarazi dezaten, asmoaren atzean dagoen Kanadako konpainiak auzitara eraman du gobernua 315 milioi pagatu diezazkion etorkizunean lortu behar zituen etekinen kontura.

Baina negozio erraldoion gakoa auzitara eramate horretan datza. “Korporazioek –zehaztu du Monbiottek– beren erreklamazioak egiten dituzte inbertsiogileen eta estatuen arteko eztabaidetarako [TAFTA bezalako] itunek ezarrita dauzkaten batzordean. Batzorde edo panelotan ez dago gure auzitegietan dauzkagun bermeetatik batere. Auziak sekretupean egiten dira. Epaileak negozioetako abokatuak dira, horietako asko antzeko auzietan sartuta dauden korporazioen soldata kobratzen dutenak. Lekuko biztanleek ez dute hitzik erabakietan. Ez dago apelazio eskubiderik. Eta lekuko auzitegien nahiz parlamentu guztien gainetik daude”.

XXI. mendeko eztabaida nagusienetako bat ernetzen hasi baizik ez da egin Europan: lurraren, uraren, kapitalaren, haizearen eta oro har ondasun guztien jabe egin ondoren, ea korporazioak gai izango diren aginte judiziala eta politikoa ere pribatizatzeko, herritarrei azken burujabetza izpiak ebatsirik. TAFTArekin, opila oso-osorik aberatsentzat? 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: TTIP/TAFTA
2016-11-23 | Unai Brea
CETA akordioa Europako Auzitegian aztertzeari ezetz esan dio Europarlamentuak

Europako Legebiltzarraren gehiengoak ezetz esan dio Europar Batasunaren eta Kanadaren arteko merkataritza eta inbertsio ituna (CETA) Europako Justizia Auzitegiak azter zezala eskatzeko aurkeztutako mozioari. 258 parlamentarik bozkatu dute proposamenaren alde, eta 419k aurka... [+]


2016-11-10 | Unai Brea
Júlia Martí (Euskal Herria TTIPari Ez! kanpaina):
"Valoniak erakutsi du merkataritza askeko akordioei aurre egitea posible dela"

“TTIP eta CETA ezartzearren herritarrek aukeratutako parlamentu eta gobernuen aurka joko dutela frogatu du Valoniarekin gertatutakoak”, diosku Júlia Martík, Euskal Herrian TTIPari Ez! kanpainako bozeramaileetako batek. Azaroaren 5ean merkataritza askeko... [+]


TTIP eta CETA akordioen aurkako mobilizazioak larunbatean Hego EHko hiriburuetan

Larunbatean, azaroak 5, Hego Euskal Herriko hiriburuetan TTIP eta CETA akordioen aurka mobilizatzeko deia egin dute Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta TTIP/CETA Ez plataformak.


2016-10-30 | Juan Mari Arregi
Ez ezazu irentsi

Hainbat plataforma sozialek ohartarazi dute zein ondorio izango dituen AEB eta EBren arteko merkataritza eta inbertsio itunaren (TTIP) negoziazioak. Munduko merkatu handiena sortuko du. Baina itun hori, CETA edo beste batzuk bezala, ez da merkatu akordio hutsa. Enpresa handiei... [+]


Eguneraketa berriak daude