A babua!

Banana, hazirik gabeko fruitua.
Banana, hazirik gabeko fruitua.Steve Hopson-CC By SA

Iraultza inondik etortzez gero baratzetik etorriko da. Historiak hala dio, eta hiztoriak zer esanik ez. Kontzientzia eta jakiak behar ditu historiak, baita hitzak ere. Jatenik gabeko hitzik ez da. Loretik dator jatena, loreak emango duen fruituak daraman hazitik.

Eboluzioaren bidezidorretan landare gehienek haziaren ugalbidea hautatu zuten. Ez denek. Garoek, adibidez, ez. Nork ezagutzen du garoaren lorea? Eta hazia? Garoek perretxikoen bide bera hartu zuten, esporak darabiltzate ugaltzeko. Loreetan eta fruituetan energiarik alferrik galdu beharrik ez.

Askotu edo ugaritzeko fruituaren hautu zahar hari buelta eman dio batek baino gehiagok. Landareak, eboluzioaren zurrunbiloan, zer berritan bilakatu saiatu eta saiatu ari dira. Begi-laburron muturraren aurrean, egunero milaka aldaketa gauzatzen ari dira landareak, etengabe.

Zurrunbilo horretan erotzen denik ere bada. Landareek ere badakite: txoroa baino hobea da eroa. Ero horietako batzuek urrats harrigarria eman dute. Ugalketaren ikurra eta bitarteko nagusia den hazia abandonatu dute. Utzieste horren arrazoiak ez ditut aditzen. Ea nork dakien, eta ez dakienak trabes egin: bitako bat: bere bilakaeran, landareak, hazia ez bestelako ugaltze sistemaren bat hobetsi du edo jendeak etxekotu duen neurrian, bezatuta, gure espezieak behar duen neurrian ugaldu eta zainduko duela pentsatu eta hazia baztertzeraino otzandu da.

Bi adibide: banana (Musa acuminada, Musa balbisiana edo bien hibrido den Musa × paradisiaca) eta pikua (Ficus carica). Ugalketa sistema endekatuta sortzen dituzte “fruituak”. Bananak ba al du hazirik? Eta pikuak? Ez batek, eta ez besteak. Fruitu antzuak dira, eta “partenokarpikoak” deitzen zaie. Landare berriak sortzeko gaitasuna duten hazirik gabeak. “Alferrikakoak” diren fruituak. Bananondoa ipurdiko altsumatik eta pikondoa adarretik, erraz asko ugaltzen ditugu.

Fruituok jateko soilik balio dute. Gero eta horrelako igali gehiago ikusiko ditugu. Udarea, mahatsa, angurria... zerrenda hazten ari da. Hazia eragozpena da jateko orduan. Baina landareak bilakatzen ari dira eta alferrik ez dute energiarik xahutuko: laster dira fruiturik ematen ez dutela. Gure muturraren aurrean. A babua!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Fruitu arbolak
2023-09-04 | Jakoba Errekondo
Ahuakateondoa eta xenofobia

Ahuakateondoak ondo emango al du hemen? Ezin konta ahala alditan luzatu didate galdera hori azken urte hauetan. Gure etxean ahuakate arbola (Persea americana) ederki bizi dela erantzuten diet eta Mutrikuko kaian hantxe dago arbola bikaina, eta urte asko da aleak ematen dituela... [+]


2023-05-29 | Garazi Zabaleta
Errota
Hur-olioa eta beste hainbat produktu, Senpereko lurretan sortuak

Vincent Trebessesek sortutako ekimena da Errota, Senperen hurrak ekoizten eta eraldatzen dituen proiektu berezia. 2008an jarri zuen martxan hur-olioa egiteko errota, hasiera hartan Ziburuko bere etxean. Hurrak kanpotik erosten zituen, baina pixkanaka proiektuan sakontzen joan... [+]


2022-11-13 | ARGIA
Gaztainondoaren garrantzia aldarrikatuko dute Oñatin azaroaren 16tik 23ra

Euskal Herriko isuri atlantiarrean gaztainondoak eta gaztainadiek berebiziko garrantzia eduki zuten nekazarien elikaduran, hemengo paisaiaren elementu nagusi ere izanez. Ez da kasik haien arrastorik geratu, ez behintzat Gipuzkoa eta Bizkaian, batetik gaixotasunek ahuldu eta... [+]


Eguneraketa berriak daude