'Pig Idea' Londrestik: txerri-jana zergatik alferrik ez galdu

  • Azaroaren 21ean txerri-jana izan da Londresko Trafalgar Squaren, Pig Idea egitasmoak deiturik. Herritarren hondakinez hazitako urdeen okela dastatuz aldarrikatu dute jakien soberakinez aziendak bazkatzea, txerriak zehazki baina oiloak ere bai. Ingurumenaren, laborarien eta batik bat munduko gosetien mesederako delakoan.


2013ko abenduaren 08an
Karolina Webben argazkian, Tristam Stuart hondakinetan aditua eta Thomasina Miers sukaldaria Stepney City Farm etxaldean, Londres erdian, urdeak bazkatzen Wahaca jatetxeetan sobratutako ogi, barazki eta bestelako hondarrekin. Pig Idea zabalduz nahi lukete
Karolina Webben argazkian, Tristam Stuart hondakinetan aditua eta Thomasina Miers sukaldaria Stepney City Farm etxaldean, Londres erdian, urdeak bazkatzen Wahaca jatetxeetan sobratutako ogi, barazki eta bestelako hondarrekin. Pig Idea zabalduz nahi lukete jakiak hobeto probestea mundu guztia ase ahal izateko, txerriak hazten dituzten baserritarrei kosteak apaltzea, hondakinek dirutan eta ingurumenean eragiten dituzten kostuak gutxitzea, munduaren bioaniztasuna hobeto zaintzea, hala nola sojatarako alorren presioagatik Amazonian eta bestetan arriskuan dauden basoak eta jendeak, eta hemen bertan lanpostu berriak sustatzea. Erokeria? Ingalaterran I. Mundu Gerran gobernuak debekatu egin zuen zerriak elikatzea laborez, hauek jendeen asetzeko behar zirelakoan. 2001ean legeak derrigortu du zerri berak labore hutsez haztea, urdeen eta gizakien milaka urteko elkarlana etenez.

Orendaingo alkate Gorka Egiari entzun zitzaion Hernanin Konpost Egunak izeneko mahai-inguruan, joan den urrian: “Orendainen jakingo dugu txerri bat zenbat urtez bizitzen den”. Sekula ez zaio utzi gure inguruetan txerriari zaharturik hiltzen, askoz lehenago akabatzen zen etxekoen apetitua asetzeko. Gipuzkoako lehenbiziko Zero Zabor herri txikia den Orendainen, ordea, Ttip eta Ttup urde pinttoak herriko elkarteko otorduen hondarrekin hazten dituztenez legeak ez die baimentzen haien haragirik jatea, kutsaduren beldur.

Aldiz, Pig Idea Feast deituan azaroaren 21ean Londresko bihotza den Trafalgar Squaren hondakinez gizendutako txerrikiak dastatu dituzte. Esan nahi baita, legeak baimendutako otordu hondarrez elikatuak, aldarrikapenez betetako ekitaldian.

Pig Idea sortu zuten Tristam Stuart elikadura xahuketaren aditu eta salatzaile ezagunak eta Thomasina Miers sukaldariak, oso famatua Ingalaterran telebistako programengatik eta jaki mexikarretan bereizitako Wahaca jatetxeen jabea delako. Trafalgar Squareko bazkaritarako chef famatu gehiago bildu zitzaien.

Waste: Uncovering the Global Food Scandal” (Hondakinak: munduko jakien eskandaloa argitara ekarriz) liburuaren egile Tristam Stuartek 2009an Londresko plaza berean Feeding the 5.000 (Bostmila jenderentzako otordua) antolatu zuen: zaborretara kondenatutako janariz osatutako oturuntza herrikoi batez salatu zuten planeta osoan hainbeste elikagai alferrik galtzea.

Aurtengo jaialdirako, zazpi hilabetez hazi dituzte zortzi txerri Londresko erdigunean dagoen Stepney City Farm etxaldean. 1979tik auzolanean darabilte Londresko dorretik oinez hogei minutura dauden ortu eta ukuiluok, zeinetan baitauzkate untxiak, oiloak, ahateak, antzarak, astoak, ardiak eta bestelako aziendak. Etxaldeak jendeen aisialdirako eta haurren heziketarako daukan erabileraz, abere asko gizendutakoan hil eta saldu egiten dituzte tarteka, “garrantzitsua baita haurrek jakin dezaten okela nola sortzen den”.

Pig Idearen antolatzaileek aldarrikatzen dute zakarretara botatako jakiak erabiltzeko modu garbi, eraginkor eta merkeena –beste gizakiei oparitzearen ondoren, prefosta, lehenesten baitituzte janarien bankuak– zerriei ematea dela, historian zehar egin izan den bezala.

Stepney City Farmeko kortan txerriak gaur Europako lege zorrotzek markatutako baldintzetan hezi dituzte, baztertutako ogi zaharra, fruituak, esnekien hondarrak, fruituak eta barazkiak emanez, ez ordea jaki elaboratuen hondakinak.

Baina horrekin batera kanpainak sustatzen du Europak bere legedia aldatzea. 2001ean debekatu zuten zerriak gure soberakinez bazkatzea, urte hartan zabaldutako ahoeriaren errua horri egotzirik. Pig Idearen sustatzaileek diote aski dela hondakinok pasteurizatzea, egostea, arriskua uxatzeko.

 Txerrientzako soja Amerikatik

Stuarten kalkuluetan, mila milioi jende badaude munduan goseak, horiek ase ahalko lirateke AEBetan alferrik galtzen diren 40 milioi tona jakieekin, AEBk eta Europak zaborretara jaurtitzen dituzten elikagaien laurdenarekin. Horrez gain, baserri eta haztegietatik komertziorako bidean zakarretara doa ekoiztutakoaren erdia, saltzeko itxura txarrekoak direlakoan xahuturik.

Europarron hondarrekin ez baina Hego Amerikatik ekarritako sojaz bazkatzen ditugu orain zerriak. 1964tik 2004ra bitartean soja produkzioa munduan handitu da 29 milioi tonatik 200 milioitaraino. Europak 40 milioi inportatzen du urtean.

Oraindik Japonian, Hego Korean, Txinan eta AEBetako zenbait estatutan jendeei baimentzen zaie zerriak sukaldeko hondarrez gizentzea. Europan 2001ean debekatzeak kaltea baizik ez du ekarri Pig Idearen arabera.

Ingurumenarentzako kalte, sojatarako soro berriak tropikoetako oihanak eraitsiz goldatu direlako, horrek berekin ekarriz C02 isurketen ugaritzea eta lekuko jendeen bizimodua hondatzea. Legea aldatuz gero Europak labore haiekiko menpekotasuna txikiagotzeak ekarriko luke deforestazioa gutxitzearekin batera herrialde haietako biztanleen bizi-maila hobetzea, jatenarengatik gure zerriekin konkurrentzian ibili beharra bukaturik.

Europako txerrien urritzea ere ekarri du 2001eko legeak, Britainia Handian bertan 8,1 milioitik 4,8 milioira gutxitu dira, gero eta garestiagoak izanik inportatu beharreko laboreak, baserritarrek bestelako ekoizpenei heldu behar izan dietelako. Pig Idearen sustatzaileek diote merkeago hazi ahal izango lituzketela txerridunek beren urdeak, baldin eta eskueran baleuzkate hirietako hondakin organikoak.

Gaur egun Europako Batzordeak hondakinon konpostatzea eta biometanizazioa lehenesten baditu,  Stuart eta bere lagunentzako hori da bigarren soluzio egokiena... abereei ematea den onenaren ostean. Besteren artean, dirutan askoz merkeagoa eta iraunkortasunaren ikuspegitik eraginkorragoa delako.

Hala ere Pig Idearen azalpenetan aitortzen dute “gobernuak uzkurregi daudela urdeak sukaldeko hondakinez elikatzea antolatu eta arautzeko, jendearen babesik izango ez duten beldur direlako”. Horregatik esku batekin aziendak gaur egungo legeen barruan hazi, saldu eta kontsumituz, bestearekin ari dira kanpainan legea aldatu dadin.

Ahoeria zela eta 2001. urte inguruan nozitu zituzten kalteen ondorioz, badirudi baserritarrak ez daukatela txerri-jan kontuak berritzeko batere gogorik. The Guardian egunkariak Trafalgar Squareko jaialdiaren kariaz elkarrizketatu dituen guztiak horrela mintzatu dira, “Farmers v celebrity chefs in pig diet battle” (Zerrien elikaduraz elkarrekin borrokan baserritarrak eta chef famatuak) kronikan leitu daitekeenez. Zerri hazleen ordezkari batek dio soberakinak zerrientzako pasteurizatzea konplikatuegia litzatekeela, beste batek azpimarratu ditu sistema horrek osasunarentzako dauzkan arriskuak, hirugarrenak berriz arinkeriaz ari direla Pig Idearen ingurukoak.

Krisiak emanen dio haize txerri-janaren eztabaidari. Jakien hondarrak zerrien eta oiloen asketan berrerabiltzen baldin badira ondo eta merkeen, zertarako tematu hori debekatzen, higiene aldetik egon daitezkeen zalantzak gainditzeko neurriak antolatzeko ordez? Hondakinak prebenitzeko astean, Zero Waste Europe mugimenduak  jakien xahuketa gutxitzeko ahalegin bikainen artean aipatu du “Initiatives to reduce food waste” bilduman.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Erresuma Batua
Ogi-apurrak Afrika espoliatuarentzat

Ghana, 1823. Ashanti Inperioaren eta britainiarren arteko lehen gerra hasi zen. Guztira lau gerra izan ziren bien artean, eta gatazka 1901 arte luzatu zen. Lehenago, europarrek herrialdeko Urrezko Kosta kontrolatzen zuten. Baina 1807ko esklabotzaren abolizioaren ondorioz,... [+]


Kristinn Hrafnsson Assangeren emaztea: "Estraditatzen badute, hil egingo da"

Otsailaren 20an eta 21ean Erresuma Batuko Justizia Auzitegi Gorenak erabakiko du Julian Assangeren estradizioak bide librea duen ala ez. Teorian bederen, hori izango da azken aukera juridikoa kazetari australiarra AEBetara estraditatuko duten ala ez erabakitzeko.


2024-02-09 | Sustatu
Fujitsu eta Erresuma Batuko Postaren eskandalu informatiko eta judiziala

2024 hasiera honetan inpaktua izan duen telesail bat Mr Bates vs The Post Office da. Lau atal dira, ikusteko ondo egina dago, eta inguruan entzun ez baduzu ere, Erresuma Batuan gobernu adierazpenak sortzera iritsi da. Kontatzen duena harrigarriki larria baita, 2000 eta 2015... [+]


Palestinako bandera erakustea delitua da Erresuma Batuko Gobernuarentzat

Erresuma Batuko Barne ministroak Suella Bravemanek bandera palestinarra astintzea “ordena publikoko delitutzat” har daitekeela adierazi du. “Israel mundutik ezabatuta ikusteko gogo bortitzaren adierazpen" gisa uler daitekeela uste du Bravemanek.


2023-09-01 | Gedar
Pertsona migratzaileei GPS gailuak jartzea, mahai gainean Erresuma Batuan

"Legez kanpoko migratzaileak azkarrago atxilotzeko eta kanporatzeko" gaitasuna aldarrikatzen jarraitzen du gobernuak, eta pertsona migratzaileak jazartzeko eta erreprimitzeko neurri gehiago ari da aztertzen.


Eguneraketa berriak daude