Multinazionalak
gero eta nagusiago eta ziurrago

Beti esan da multinazionalak eta berauen interesak defendatzen dituzten lobbyak estatu gobernuen gainetik daudela. Laburbilduta, ekonomia politikari gailentzen zaiola. Eta orain urrats bat gehiago eman gura dute, baldin eta AEBen eta EBren arteko merkatu askeko hitzarmena gauzatzen bada behintzat.

Jadanik, sekretupean noski, negoziazioak aurrera doaz, nahiz eta azken hilabete hauetan zerbait mantsotu diren elkarrizketa horiek NSAren espioitza afera dela eta. Halere, berriro ekin diete eta berehala itxiko dute hitzarmena –1998an bezala–, bere azpian dauden desmasiak galgarazten ez baldin baditugu. Izan ere, hitzarmen horrek antzeko aurrekariak baditu. 1998an AMI (Inbertsiotarako Alde-anitzeko Hitzarmena) lantzen ari ziren eta salaketa baten ostean, bertan behera utzi behar izan zituzten akordioak.

Hitzarmen horren arabera, multinazional batek estatu batean inbertsioak egiten bazituen, estatu horretako gobernuak ezin zezakeen enpresen aurkako neurri ekonomiko kaltegarririk hartu. Hori eginez gero, mozkinen galerak kalkulatuko ziren eta estatuko aurrekontuetatik kalte ordaina jasoko zuen. Azken finean zergadunek jasango zuten ordainketa. Zorionez, ez zuen aurrera egin, baina berriro ekin diote.
Oraingo negoziaketek, merkatu librearen dogmapean, AEBetako eta EBko eremua hartzen dute eta izugarrizko onurak erdietsiko omen dituzte bi estatu-erakunde horietako herritarrek. Oroitu behar dugu mexikarrei ere ideia bera saldu zietela 1994an Iparramerikatako Merkatu Libreko Akordioa (NAFTA) sinatu zutenean. Orain, ikusi besterik ez dago zein egoeratan dauden, herrialde horretako pobrezia maila ez baita asko hobetu.

Zertan datza, bada, bi aldeen arteko akordioak? Laburbilduta, AEBetako edo EBko multinazional batek beste nonbait inbertsio bat egiten badu eta herrialde hartzaileak, behin inbertsioak eginda neurri ekonomiko bat hartzen badu eta inbertitzailea “kaltetu”, adibidez zerga handiagoak ezarri zaizkiolako, irabaztetik utzi duen zatia exijituko dio neurri hori hartu duen herrialdeari. Beraz, Eurovegasko Adelson jauna lasai egon daiteke. Orain lortzen baldin badu erretzeko baimena izatea eta hemendik urte batzuetara Espainiako Gobernuak berriro erretzea debekatzen badu, ondorioz galduko dituen mozkinak kalkulatuko ditu epaile batek eta Espainiako aurrekontuek egin beharko diote aurre dirutza horri.

Halaber, epaile horiek ez dira Espainiako epaitegietakoak izango, hitzarmen horrek bere aferetako epaile bereziak izango ditu, estatuaren gainetik dauden epaileak eta inork kontrolatuko ez dituenak: multinazionalek izendatuak.

Hitzarmen horren onura ekonomikoak zenbatekoak izango dira? Sinatzearen alde daudenentzat, EBko ekonomia geldoari, motelalditik irteten lagunduko omen lioke. Baina interesatuek finantzatu dituzte egin diren ikerketak eta ordaintzen duenari beti arrazoia eman behar zaio. Aldiz, ikuspegi kritikoagotik egin den beste ikerketa batek dioenez, estatu-erakunde bietako BPG %0,06 (!) haziko omen da; beste batek dio, aldiz, AEBetako eta EBko aberastasuna egun eta pertsona bakoitzeko hiru zentimotan gehituko omen da 2029tik aurrera.
Egiatan, hitzarmen horren ondorio onuragarririk ez dugu jende xeheok gehiegi nabarituko, multinazionalek ordea bai. Orain arte zerga ordainketak saihestu badituzte, hitzarmen hori onetsi ostean, beraien mozkinak oraindik ziurragoak izango dituzte.

Horretan ari zaizkigu, sekretupean, EBko gure agintariak. Hori ikusita ez da harritzekoa eurofobia indartuz doala nabarmentzea.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Eguneraketa berriak daude