Inoizko setiorik luzeena

Otomanoak gotorleku bat erasotzen Candiako setio luzean. Bi hamarkada luze beharko zituzten behin-betiko garaipena lortzeko. (Arg: Jan Peeters)
Otomanoak gotorleku bat erasotzen Candiako setio luzean. Bi hamarkada luze beharko zituzten behin-betiko garaipena lortzeko. (Arg: Jan Peeters)

Candia (egungo Heraklion), 1648. Urte horretan Kretako hiriburuko harresien barruan bizi zirenak 21 urtez itxaron behar izan zuten hiritik irten ahal izateko.

1570ean Otomandar Inperioak Veneziako Errepublikaren menpe zegoen Zipreko uhartea inbaditu zuen –kondairak dioenez, modu horretan Selim II.a sultanak Commandaria ardo kuttunaren hornidura bermatuko zuen–. Espainiako Koroak, Veneziako eta Genoako Errepublikek, Estatu Pontifikalek eta Maltako Ordenak Liga Santua sortu arren, eta Lepantoko guduan (1571) otomanoak mendean hartu zituzten arren, Zipre turkiarren eskuetan izango zen beste hiru mendez. Eta garai bateko Veneziako Errepublika aberatsak pixkanaka Meditarraneoko lurraldeak galdu zituen, Kreta besterik geratu ez zitzaion arte.

1645ean, Maltako zaldunek konboi otomano bati eraso zioten eta Candian hartu zuten babesa, harrapakinak eta Ibrahim I.a sultanaren harena haiekin eramanez. Irainari erantzunez, 60.000 turkiarrek Kretan lur hartu zuten eta hiru urtetan ia uharte osoa konkistatu zuten. Candia hiriburua besterik falta ez zitzaienez, setiatu egin zuten.

Hiria 6.000 soldaduk babesten zuten, eta hornidura ez zen nahikoa setioari luzaroan eusteko. Turkiarrek ur hornidura eten zuten eta hiria hainbat hilabetez bonbardatu. Hala ere, Candia ez zen behera etorri eta lehorreko borroka ez atzera ez aurrera geratu zen. Veneziarrek eta aliatuek lehengaiak itsasoz sartzea lortu zuten, kostaldeko gotorlekuaren iparraldean zabaldutako zirrikitutik. Hala, gatazka lehorretik itsasora aldatu zen, batzuk zein besteak hornitzeko itsasbideen kontrola helburu. Gudu horietan, zenbaitetan otomanoak ziren garaile, besteetan veneziarrak eta aliatuak, baina behin betiko garaipenik ez zuten lortzen. Setioa barrutik hausteko bi saiakera ere egin zituzten, baina alferrikakoak izan ziren, turkiarren ahaleginak bezalaxe.

1669an, 21 urte geroago, beraz, Francesco Morosini kapitain jeneralak 3.600 soldadu besterik ez zituen, eta ia ez zitzaien elikagairik eta muniziorik gelditzen. Irailaren 27an errenditu ziren, eta turkiarrek ahal zuten guztia hartzeko eta bizirik alde egiteko baimena eman zieten, 21 urteko hurbiltasunak limurtuta edo.


ASTEKARIA
2013ko abenduaren 08a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Otziren tatuaje modernoak

1991n Alpeetan Ötziren gorpua aurkitu zutenetik, egoera oso onean kontserbatutako 5.000 urteko arrastoak ikerketa asko egiteko erabili dituzte. Hasieratik arreta eman zuten azalean zeuzkan 61 tatuajeek. Adituek uste zuten tatuaje horiek azalean ebaki txikiak eginda eta,... [+]


Sabbatai Zevi mesiasaren irakaspenak

Esmirna (Turkia), 1647. Sabbatai Zevi rabinoak (1626-1676) bere burua mesias izendatu zuen. Autoizendatze horrek ez zuen une horretan oihartzunik izan. 1651n Esmirnatik egotzi zuten eta hainbat urtetan Grezian, Trazian, Palestinan eta Egipton ibili zen, noraezean. Baina 1665an... [+]


Euskal Herriaren lehen atlas kartografikoa osatu dute

Ramon Oleagak eta Jose Mari Esparzak egina, 300 mapa dakartza Imago Vasconiae izeneko bildumak eta Interneten ere kontsultagarri dago. Euskal Herriaren historiaren bilakaera irudikatzeko eta "ikerketarako jatorrizko materiala izateko" ezinbesteko tresna sortu dute... [+]


Eguneraketa berriak daude