argia.eus
INPRIMATU
Ekonomia
Kapitalismoak hiltzen du

Juan Mari Arregi 2013ko abenduaren 04a
Francisco Aita Santua, 'Ebanjelioaren poztasuna' izeneko obraren egilea.
Francisco Aita Santua, 'Ebanjelioaren poztasuna' izeneko obraren egilea.

Bai, sistema kapitalistak hiltzen du. Halaxe esan nahi izan du Francisco aita santuak Ebanjelioaren poztasuna izeneko bere lehen dokumentu publikoan. Vatikanoak ordea, beti bezala hain diplomatiko, ez du horrela esan. Ez du kapitalismo hitza erabili, bere adierazpenak argiak eta irmoak diren arren. Hala, Franciscok dioenez “gaur ezetz esan behar diogu bazterketaren eta zuzentasun ezaren ekonomiari. Ekonomiak hiltzen du. Gaur dena sartzen da lehiakortasunaren eta indartsuenaren legearen jokoan, boteretsuak ahulena jaten du”. Egoera horren ondorioz “populazio masa handiak baztertuta eta marjinatuta bizi dira: lanik gabe, etorkizunik gabe, irteerarik gabe. (…) Sistema sozial eta ekonomikoa injustua da errotik”. Aita santuaren hitzetan desoreka sozial hori sortu dute “merkatuen autonomia absolutua eta finantza espekulazioa defendatzen duten ideiek. (…) Tirania ikusezin eta birtual berria ezarri da, eta aldebakarrez inposatzen ditu bere lege eta arauak”.

Sistema kapitalista honek hil egiten du, paradisu fiskalak mantentzen dituen bitartean, milioika lagunengan gosea, langabezia, miseria eta pobrezia sortzen duelako, batez ere gazteengan. Lan istripuek ere heriotzak sortzen dituzte, baita amiantoak, suizidioak… Kapitalismoak ongizate estatua desegin du, baita ametsetako europar “paradisura” iristeko ahaleginetan Hirugarren Mundutik emigratu duten milaka lagunen heriotza eragin ere. Franciscok zehaztu ez duen arren, horrek guztiak baditu erantzuleak: sistema hau, finantza espekulatzaile haiek, gestore politiko horiek –asko katolikoak–… Eta Eliza ofiziala ere Vatikanoko erakundeetan hain lasai dabilen kapitalismoaren konplize da askotan. Eliza erreformatzeko beharraz hitz egiten badu ere, Francisco aita santua sinesgarriago litzaiguke aukera aprobetxatu izan balu barkamena eskatzeko. Bere elizak eta bertako kideek sistema hiltzaile honekiko izan duten konplizitateagatik eskatu beharko luke barkamena. Sistema horrek izen bat du, Franciscok aipatu nahi ez badu ere: kapitalismoa.