argia.eus
INPRIMATU
Baratzea, iraultzaileena
Jakoba Errekondo 0000ko ren 00a
Baratze txikia Todmordenen, Ingalaterra. (Arg: Anita Mathas)
Baratze txikia Todmordenen, Ingalaterra. (Arg: Anita Mathas)

Ospakizun bat dela tarteko, ardo botila bat ireki dut. Ardoa Sarako baserri batean egiten dute, etxerako. Sagardo botilan sartzen dute, eta gustuz ere badu sagardoaren antza: ahoan dantzaria, alkohola labur, zur gustu arrastorik ez eta amaiera... hori bai kategoriako amaiera, egundokoa! Sagardoa bezala, mahatsaren ardoa ere gero eta gehiago egiten da etxean etxerako. Osasuna eta bizitza-kalitatea uztartzen dakienak ederki asko daki etxean egindako gaien mailaren berri.

“Ihitia” izen gurbil pimenta du Sarako baserriak, eta jaki hauta mordoa lantzen du bertan urbistondotarren sendiak: sagardoa, muztioa, sagardo ozpina, mahats ardoa, eztia, gasna, patea eta bestelako zerrikiak... Nik, tarteka, horietakoren bat dastatzeko ohorea dut; gaur, 2012ko ardo bikaina. Borgoina eta Bordele, tokitan daude!

Bakoitzaren eta haurrideen hazkurria bat da, ondo bestelakoak hurkoaren neurrimendua eta jendartearen alha. Kalitatezko bizigailu aukera eskueran izatea, eskubide beharrean, bide nekea da. Hortik baratzearen garrantzia. Baratzea da munduaren hasiera. Baratzea da gaur egun egin dezakegun gauza iraultzaile bakarra. Ia bakarra. Iraultzaileena. Lurra ukitu, lurrari esker garaian garaikoaz elikatu, jatenen benetako balioaz jabetu, nekazarien lana aintzat hartu... zenbat mesede dator bakoitzaren baratzetik. Herri baratzeena hobea da. Jendartean baratzea eginez iraultza herritarra bihurtzen da. Diruak badaki: etorkizuneko boterea elikagaien ekoizpenaren kontrolean datza. Egin ditzagun, bada, baratzeak. Baratzeak berak ekarriko ditu oilategiak, zerri-kortak, artaldeak, gaztandegiak, sagastiak, upategiak... Bizi poza.

Jabetzen ari gara, gero eta txoko gehiagotan bizi du baratzea jendeak. Todmordenen, Ingalaterran, buruargitu eta ernatu dira. Hiriko 70 berdegunetan fruitu arbolak, barazkiak, belar finak eta abar landatzen dituzte. 15.000 biztanleetatik 270 borondatezko langile gisa ari dira hilean bi goizez. Lan horren uzta edonork eskura dezake, baita turistak ere. Trenez bertara iristean ikusten den lehena baratze eta fruitu arboladi horien mapa bat da. Eta bertan idatzia “Help yourself!”, “Har ezazu!”.

2018rako erabat buruaski izateko itxaropenarekin ari dira, jo eta su eta ke.