argia.eus
INPRIMATU
Baimenak eta diru-laguntzak
Itsaso Zubiria Etxeberria 2013ko abenduaren 04a

Indusketa bat egiteko urte amaieran eskatu behar izaten da hurrengo kanpainan landa-lanarekin jarraitu ahal izateko baimena. Lurraldeko aldundiaren eskumena da onarpena ematea, eta Amaiurko kasuan Nafarroako Gobernuko Kultura sailaren esku dago. Hurrengo urterako baimen-eskaera egiteko, azken kanpainako memoria txostena eta hurrengo urteko indusketarako proposamena aurkezten dira. Erantzuna hurrengo lanaldia hastear dela ematen dute, uda hasieran. Nafarroako Gobernuaren baimenik ezean, kasu honetan inoiz gertatu ez bada ere, dagokion urtean ezingo litzateke aztarnategian eskurik sartu.

Baina landa-lanerako baimena edukitzea ez da nahikoa. Lan hori burutzeko baliabide ekonomikoak beharrezkoak dira. Aranzadi Zientzia Elkarteak orokorrean erakunde publikoak ditu sostengu ekonomiko, ez Euskal Herrikoak bakarrik, proiektu anitz baitituzte munduan barrena eta tokian tokiko laguntza jasotzen baitute.

Amaiurkoa bezalako aztarnategi batean udako bi asteko ikerketa-lan txukun bat egiteko 20.000-24.000 euro inguru behar izaten dira, kontuan hartu gabe urte osoan zehar horrek atzetik dakarren lana. Zortzi urte hauetan Nafarroako Gobernuak ez die laguntza ekonomikorik eman ikerketa honetarako, eta Udalbidek zein Baztango eta Amaiurko Udalek eskainitako diru-laguntzei esker biziraun du gazteluaren azterketak, baldintzak onenak ez badira ere.