Beti mugan zen anarkista

  • Manuel Chiapuso donostiar cenetistaren heriotzaren hamaseigarren urteurrenean, bere bizitzako hamaika xehetasun berreskuratu eta bere ibilbide libertario zabala errepasatu dugu senitartekoen bidez.

70eko hamarkadan berriz heldu zion Chiapusok militantzia aktiboari. Goian, 1979ko irudia.
70eko hamarkadan berriz heldu zion Chiapusok militantzia aktiboari. Goian, 1979ko irudia.

“Azalpen luzeengan –faltsuturikoak edo hurrengo belaunaldiek gainditurikoak– interesa jarri eta historia txikiari trufa egiten dioten teoria modernoak badiren arren, historia txikiak handian esku hartzen du etengabe, eta, askotan, baita zehaztu ere”. Fred Bérence idazlearen hitzok Manuel Chiapuso iraultzaileak jaso eta Los anarquistas y la guerra en Euskadi liburuaren hasieran ipini zituen. Bere bizitzaren epitafio bailitzan, erreportaje hau ezin hobeki deskribatzen duten hitzak dira; memoria historikoaren esparruan gabiltzanontzat gure eginkizuna primeran laburbiltzen duten berbak ditugu.

Historia txikitik gogor eragin dute Manuel Chiapusoren lanek, eta garaiko gizartea astindu zuten bere hitzaldiek. Azken horietako batetik Miarritzera bueltan zihoala, istripu bat izan eta Gurutzetako ospitalean (Bizkaia) zendu zen egun gutxira, 1997ko azaroaren 29an, hain zuzen ere. Askatasunaren aldeko borroka luzea, bere ideia eta gertakarien hamar bat liburu eta makina bat artikulu utzi dizkigu.

“Oso gizon sentikorra zen, hezia, intelektualki gaitasun handikoa, mintzatzaile eta hizlari fina. Bere planteamendu ideologikoetan ere oso erradikala zen: beti mugitu izan zen legaltasun eta ilegaltasunaren mugetan… Benetan harritzen ninduen! Nire familia politikoa izan da, baina Manuel beti haratago zihoan. Oso gozoa zen hizketan, baina beti ertzean zegoen; abangoardia izan zen hil zen arte”, dio Norka Chiapusso (Donostia, 1963) ilobak, egun Donostia Kulturako antzerki-programatzailea dugunak. “Pertsona bikaina zen: kritikoa, baina adeitsua, maitekorra, sentimentala, intelektuala… Esaten dizudan guztia gutxi da”, gaineratu digu Lucía Cantabranak (Donostia, 1940), Manuel Chiapusoren lehengusuaren emazte eta Norkaren amak.

70eko hamarkada: itzulera iraultzailea

Frankismo garaian Parisen bizi izandako hamarkadetan, jarduera iraultzaile lausoa izan zuen. Baina 1972 edo 1973an berriz heldu zion borrokari eta klandestinoki muga pasatzen hasi zen anaia Ignaciorekin, Gipuzkoa eta Arabako adiskide anarkistei lagundu asmoz. Hasiera batean, bidaia horiek euren senitartekoei bisitak egiteko probestu zituzten.

“Beti Eguberri egunean etortzen ziren bera eta Ignacio anaia, eta kafea eta xanpaina edaten zuten. Solasaldia oso aberasgarria izaten zen, beti euren gaiez: anarkismoa, politika, iraganean igarotakoa… Udan ere bi anaiak gau askotan izan genituen gure artean, eta, Gabiriara joan ohi ginen”, azaldu du Cantabranak.

Casilda Hernáez, Casilda miliziana anarkista eurekin azaltzen zen frankotan. Casilda eta haren senar Felix Likiniano anarkista historikoa Manuelekin bizi izan ziren Miarritzeko etxe berean: “Likiniano hil zenetik, Casilda askotan etortzen zen Chiapuso anaiekin –azaldu du Lucíak–. Aragoiko Agustina zirudien, oso borrokalaria, beti txapela buruan zuela, garai hartarako oso gizonezko itxuran”.

Martinez, Armada Errepublikarreko Hegazkineriako kapitain izandakoa ere haiekin joaten zitzaien bisitan. Taxista deitzen zioten. “Joe, zer mugitua zen hura ere bai! Manuelek biziki maite zuen! Lagun minak ziren”.

Italiar jatorrikoa

Manuel Chiapusoren aitona Italiatik Donostiara etorri zen Norteko trenbidea egitera eta Aieteko emakume batekin ezkondu zen. Zenbait arrazoirengatik abizena eraldatu zuen ‘s’ bat kenduta, eta, hala mantendu dute orain urtebetera arte: “Seme-alabekin eta arrebarekin batera aldatu dut nik, benetako abizena errekuperatuz. Orain jatorrizkoa irakurrita ulertzen da nondik gatozen”, argudiatu du Chiapussok.

1912ko apirilaren 14an, Espainiako Errepublika egunean jaioa, gurasoak Parisen erbesteraturik, Chiapuso gaztea Zubietako haranean hazi zen, Urnietako baserri batean, euskaraz. 13 urterekin seminariora joateko aukera baztertu eta lanean hasi zen. Antzerki-zaletuen talde bat eratu zuen garai hartan. 19 urterekin CNT sindikatuan afiliatu eta Gipuzkoako Gazte Libertarioak sortu zuen; bertako aurreneko idazkaria izan zen.

Emakume batekin harremana hasi eta semea izan zuten elkarrekin, baina “erlazioa ez zen aurrera joan”, dio Chiapussok. Ondoren, abizena ezezaguna zaigun Maria anarkista aragoarra izan zuen bikotekide hil arte.

Bizitza osoa borrokan

30eko hamarkadan langile mugimenduen manifestazio eta deialdietan parte hartu zuen Manuelek, eta zenbait kartzela ezagutu zituen, besteak beste, Ondarreta, Alcalá, Ocaña eta San Miguel de los Reyes. 1936an gerra lehertu zenean, lehen lerroan izan zen Donostiako defentsa antolatzen, baita Loiolako kuartela erasotzen ere. Beste hainbat ekintzetan ere parte hartu zuen hilabete erabakigarri horietan: Aian, San Martzialen, Irunen eta Puntzan. Gipuzkoako Defentsa Batzordeko Lan-Ataleko presidenteorde izendatu zuten eta Donostiako CNTko presidente ere bai.

1936ko irailaren 13an, frankistek Gipuzkoako hiriburua eskuratu zutenean, Manuelek Durangora ospa egin zuen zaurituta. Handik Bilbora. Bertan propaganda arduradun aritu zen, lan eskerga eginez: Horizontes aldizkaria eta CNT del Norte egunkaria sortu zituen. Agirre lehendakariaren gobernuan CNT sartzea zen bere asmoa –berarekin batzartu zen 1937ko maiatzean-, baina, azkenean, ezin izan zuen erdietsi.

Bizkaia frankisten esku erori zenean, Bartzelonara jo zuen Chiapusok, eta, han, besteak beste, Lan Ministerioko delegatu anarkista gisa jardun zuen. Katalunia ere erortzear zela, Frantziara ihes egin eta hainbat kontzentrazio esparrutan egon zen. Ondoren Erresistentziarekin batu zen, harik eta 1944an Miarritzen etxebizitza erosi zuen arte. “Bertan antifrankista eta ezkertiarrentzat beti zegoen lekua. Bazkariak-eta egiten zituzten Casildarekin batera. Eskuzabalak ziren oso”, gogoratu dute senitartekoek.

Naziek alde egin zutenean CNT berrantolatzen aritu zen, erbesteratuei laguntzen, Euskal Kontseilu Kontsultiboko kide izan zen… Hala pasa zituen zenbait urte, azkenean Pariseko kanpoaldeko baserri batera joan arte. “Aberez inguraturik bizi ziren; oso sentimentalak ziren”, azpimarratu du Cantabranak. Sorbonnen ikasi zuen 1949an eta hizkuntza eta literatura irakasle aritu zen.

Anaia desagertuaren agerpena

Josetxo Chiapuso anaiak urpeko minak desaktibatzen igaro zuen gerratea. Baina behin itsasoan leherketa bat izan zen eta desagertu egin zen. Nolanahi ere, ez Manuelek ezta Ignaciok ere, ez zuten sekula uste izan anaia hil zenik, konbentziturik zeuden ez zegoela han leherketa gertatu zenean. “Urteak eman zituzten anaiaren bila, Ignacio Errusiaraino ere joan zen”, esplikatu digu ilobak.

“Ez zuten topatu eta jada Ignacio hilda, berrogei urteren ondoren, 80ko hamarkadako egun batez, Donostiako Udaletik Mari Pepa Sanz prentsa-arduradunaren telefono deia jaso zuen Cantabranak: “‘Kaixo, Jose Chiapuso delako bat ezagutzen al duzue?’. Eta nik beti bere izena entzun dudanez, baietz esan nuen. ‘Paris eta Euskadiren artean dago, Frantziako hegoaldeko herriren batean’, izan zen erantzuna”.

Manuel korrika batean joan zen anaia desagertuarengana, baina jada burua erabat galdurik zuen Josetxok; soilik bere aita eta Donostia zituen gogoan. “Ospitale psikiatriko batean zegoen. Jaiotze-daturen bat behar zutenez, Donostiako Chiapuso guztiei deika topatu gintuzten. Manuel etengabe joan zen anaia bisitatzera –pena handia eman zion Ignacio hura ikusi gabe hil izana–. Sei hilabeteren buruan Josetxo hil zen eta ez zuten inoiz jakin bere nondik-norakoez…”.

Hitzaldiz hitzaldi heriotzera arte

“Euskadik min ematen zien, Euskadi bizi zuten. Anarkistak eta internazionalistak izan arren, Euskadi bihotzean zuten, erreferente hori ez zuten galdu”, dio Chiapussok. Azken urteetan makina bat hitzaldi eta ekitaldi politikotan esku hartu zuen Euskal Herrian Manuelek, bere adiskide Martinez “taxista” zuela.

1997an hil zenean Derioko hilerrian erraustu zuten, 20 edo 25 anarkistek lagunduta. Bertan izan zen Norka Chiapusso, bere aita zenarekin: “Hunkigarria izan zen. Anarkismoaren inguruko jendea bildu zen, gazteagoak denak, ekitaldi xume baina ederra izan zen”.

Manuel Chiapuso eta Donostiako solasaldi horietan izaten ziren anarkista zaharrak –Ignacio, Martinez eta Casilda bera– primeran deskribatzen dituzte Lucía Catanbranaren hitzok: “Idealistak ziren, helburu politiko argiak zituzten. Eurek bai eramaten zituztela beren ideiak azkeneraino!”.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
Materialismo histerikoa
"Mario Lopez" eta "Gernika"

Krimen matxistak, mediatizatzen direnean, emakumeontzat lezio bilakatu ohi dira, eta bizirik badago, biktimarentzat. Nerea Barjola ikertzaileak Alcasserko kasuaren bidez azaldu zigun hori. Eta Nagore Laffageren hilketak ere lezio astun bilakatzeko arriskua izan zuen, lezioa... [+]


Jokin Pantxeska Etxebarria. Gerrako ume, aitaita
"Hiru aldiz esan dute gorria naizela, komunista!"

Irisarriko herrigunera sartu orduko, hantxe, etxe baten atarian, ikurrina eta estelada. Jokin Etxebarriaren bizitokia duzu. Gerrako ume izandakoa, hamaika ibilera –eta hamaika baino gehiago ere bai–, han eta hemen egindakoa. 92 urtek nahi beste bizitzeko aukera... [+]


Industria agortu eta gero, zer?

Beriain (Nafarroa), 1974ko otsaila. Potasas de Navarra enpresako langileek greba egin zuten, besteak beste, aurreko urtean Motor Ibérica lantegiko langileek egindako grebak bultzatuta. Ez zen, beraz, Nafarroako industriako lehen greba, ezta Potasasena ere. Baina Potasas... [+]


Ertzaintzaren foam jaurtigai batek pertsona bati matrailezurra apurtu zion Gasteizen

Orain arte ezagutzen denagatik, Ertzaintzak Martxoaren 3ko igandeko manifestazioan jaurtitako foam jaurtigai batek zauritu zuen pertsona hori, matrailezurra bi lekutan apurtu zioten, ospitalean dago eta ebakuntza egin beharko diote. Hori da asteazken honetan Gasteizen egindako... [+]


2024-03-01 | Euskal Irratiak
Gabi Mouesca: "Didier Laffiten etsenpluak erakusten digu lorpenak erdiesteko borrokan sartu behar dela"

Duela 40 urte hil zuen frantses poliziak Didier Lafitte Baionan. Donibane Lohizuneko arrantzalea tiroz hil zuten, Iparretarrak taldeko Gabi Mouesca autoz hitzordu batera eramaten zuela. Gertakari horren ondoren, Mouesca hamar urteko presondegi zigorrera kondenatua izan zen, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude