argia.eus
INPRIMATU
Estatuaren helegitea, hipokrisia ariketa hutsa
Unai Brea @unaibrea2 0000ko ren a

Epaia ezagutu eta bost egunera, azaroaren 18an, Alberto Núñez Feijóo Galiziako presidenteak iragarri zuen Estatuko Abokatuak haren aurkako helegitea jarriko duela Espainiako Auzitegi Gorenean. Antza, Estatuko Abokatuak uste du epaiak erantzukizun zibila eta ondorioz kalte-ordainak ezarri beharko lituzkeela. Halaber, Galiziako Gobernuko buruak esan zuen aztertu egingo dutela demanda zibila aurkeztea, “norbaitek ordaindu behar ditu-eta hondamendiak eragin dituen gastuak”.

Nunca Máis-en ez dira fio. Plataformako bozeramaile Xaquín  Rubidok Sermos Galiza astekariari adierazi dionez, “Gobernuaren jarduna zuritzea eta epaiak arduradun politikorik adierazi ez izana estaltzea da helegitearen helburua”. Núñez Feijóok ordaina eskatzea jarrera kontraesankorra eta hipokrita dela salatu du Rubidok: “Espainiako eta Galiziako gobernuen erruz eman da eman den epaia, bidea oztopoz bete baitzuten”. Zehazki, Nunca Máiseko eledunak gogorarazi du Estatuko Abokatua bera izan zela, hain zuzen, ABS sailkatze-enpresa akusatuen artean egon ez zedin porrokatu zena. ABSk eman zion onespena Prestige itsasoratzeari, zazpi aldiz errebisioa egin eta gero. A Coruñako Auzitegiak emandako epaiak dio, orain, estatubatuar enpresa dela hondamendiaren errudunetako bat.

Nunca Máisek berak ere helegitea aurkeztuko du Espainiako Auzitegi Gorenean; adierazi dutenez, auzia Estrasburgoko Epaitegira iristeko asmoa dute. Bestalde, abenduaren 1erako manifestazioak deitu dituzte Galiziako zazpi hiri nagusietan.