Zortzi urte bete dira Zarauzko Lizundia oihal lantegi zaharra Putzuzulo Amets Fabrika bilakatu zutenetik. Ordutik, Xakela Asanblada arduratu da kudeatzeaz. Gaztetxeei buruzko aurreiritziak gainditu nahian, Amets Fabrika terminoa hautatu zuten eraikin okupatu berriaren izaera izendatzeko, nahiz eta gaur egun herritar gehienek ‘gaztetxe’ hitza erabiltzen duten.
Inguruko hezetasunari eta Zarauzko hondartzan sortzen diren hondar putzuei egiten die erreferentzia Putzuzulo izenak. Eraikina berritzeko asmotan auzolanerako deia egin zuten joan den irailean, okupatu eta ondorengo lanez geroztik obrarik egin gabe baitziren. Asanbladako kideek adierazi dutenez, duela zortzi urteko lanak gaztetxeko ekintzak abiatzea zuten helburu. Gaur egun, ordea, egoera egonkorragoa bizi dutenez, Putzuzulo txukuntzeko garai egokia zela erabaki dute. Dena den, Xakelako Amaia Alberdik eta Hodei Estebanek azaldu dute bazutela beste arrazoi garrantzitsu bat auzolanerako gonbitea luzatzeko. Asanbladara jende berria gerturatzeko aitzakia ona zela pentsatu zuten. Aitortu dute azken urtean nahi baino gutxiago elkartu direla. Haien ustez, orain arte Putzuzulon parte hartzen ez zuten herritarrak berritze lanetan aritzeak proiektua gertuago sentitzea eragin lezake.
Alberdik eta Estebanek oso balorazio positiboa egin dute orain artekoaz. Larunbatetan eta asteartetan egin dituzten auzolanetan uste baino jende gehiagok hartu du parte. Batez ere gazteenen inplikazioa azpimarratu dute. Izan ere, belaunaldi berriak gaztetxearekin zerikusia duten bestelako ekintzetan aritu izan dira, baina berritze lanak direla-eta asanbladetara joaten ere hasi dira. Alberdiren ustez, auzolanak eragin du berriek eraikina bere sentitzea. Halaber, kideek azpimarratu dute gero eta emakume gehiago gerturatzen eta parte hartzen ari direla eta bereziki pozgarria izan da, parekidetasunari garrantzia eman diotelako hasieratik. Helburua bete dute momentuz, herritarren inplikazioa areagotzea. Hala ere, egoera honek erronka berria sortu du: parte-hartze kopuru onari eustea.
Zarauzko beste hainbat eragilerekin harreman estua du Putzuzulok. Gaztetxean bertan hainbat ekimen sortu dira, Arraio irratia kasu. Beste batzuek berriz, eraikina baliatu dute ekintza zehatzetarako. Kideen arabera, garrantzitsua da herrian bertako eragileen arteko elkarlana bultzatzea. Azaldu dute auzolanerako kontzientzia pixkanaka sustatzen ari dela, krisiak behartuta bada ere. Udalarekin, ordea, erlazioa txarra ez den arren hobea izan zitekeela nabarmendu dute. Asanbladak Putzuzuloren aldeko apustua egiten du eta Udalak beste eraikin batera mugitu nahi ditu. Horrekin lotuta identifikatu dute hurrengo urteei begirako erronka nagusia: gaztetxearen egonkortasuna luzaroan bermatzea, bertan geratzeko kontratua urtero berritu behar ez izateko.