Putzuzulo berritzen, amesten jarraitzeko

  • Zortzi urte bete dira Zarauzko Lizundia oihal lantegi zaharra Putzuzulo Amets Fabrika bilakatu zutenetik. Ordutik, Xakela Asanblada arduratu da kudeatzeaz. Gaztetxeei buruzko aurreiritziak gainditu nahian, Amets Fabrika terminoa hautatu zuten eraikin okupatu berriaren izaera izendatzeko, nahiz eta gaur egun herritar gehienek ‘gaztetxe’ hitza erabiltzen duten.

Herritar ugarik erantzion zion berritze lanetan laguntzeko deialdiari.
Herritar ugarik erantzion zion berritze lanetan laguntzeko deialdiari.

Inguruko hezetasunari eta Zarauzko hondartzan sortzen diren hondar putzuei egiten die erreferentzia Putzuzulo izenak. Eraikina berritzeko asmotan auzolanerako deia egin zuten joan den irailean, okupatu eta ondorengo lanez geroztik obrarik egin gabe baitziren. Asanbladako kideek adierazi dutenez, duela zortzi urteko lanak gaztetxeko ekintzak abiatzea zuten helburu. Gaur egun, ordea, egoera egonkorragoa bizi dutenez, Putzuzulo txukuntzeko garai egokia zela erabaki dute. Dena den, Xakelako Amaia Alberdik eta Hodei Estebanek azaldu dute bazutela beste arrazoi garrantzitsu bat auzolanerako gonbitea luzatzeko. Asanbladara jende berria gerturatzeko aitzakia ona zela pentsatu zuten. Aitortu dute azken urtean nahi baino gutxiago elkartu direla. Haien ustez, orain arte Putzuzulon parte hartzen ez zuten herritarrak berritze lanetan aritzeak proiektua gertuago sentitzea eragin lezake.

Alberdik eta Estebanek oso balorazio positiboa egin dute orain artekoaz. Larunbatetan eta asteartetan egin dituzten auzolanetan uste baino jende gehiagok hartu du parte. Batez ere gazteenen inplikazioa azpimarratu dute. Izan ere, belaunaldi berriak gaztetxearekin zerikusia duten bestelako ekintzetan aritu izan dira, baina berritze lanak direla-eta asanbladetara joaten ere hasi dira. Alberdiren ustez, auzolanak eragin du berriek eraikina bere sentitzea. Halaber, kideek azpimarratu dute gero eta emakume gehiago gerturatzen eta parte hartzen ari direla eta bereziki pozgarria izan da, parekidetasunari garrantzia eman diotelako hasieratik. Helburua bete dute momentuz, herritarren inplikazioa areagotzea. Hala ere, egoera honek erronka berria sortu du: parte-hartze kopuru onari eustea.

Herriari lotuta

Zarauzko beste hainbat eragilerekin harreman estua du Putzuzulok. Gaztetxean bertan hainbat ekimen sortu dira, Arraio irratia kasu. Beste batzuek berriz, eraikina baliatu dute ekintza zehatzetarako. Kideen arabera, garrantzitsua da herrian bertako eragileen arteko elkarlana bultzatzea. Azaldu dute auzolanerako kontzientzia pixkanaka sustatzen ari dela, krisiak behartuta bada ere. Udalarekin, ordea, erlazioa txarra ez den arren hobea izan zitekeela nabarmendu dute. Asanbladak Putzuzuloren aldeko apustua egiten du eta Udalak beste eraikin batera mugitu nahi ditu. Horrekin lotuta identifikatu dute hurrengo urteei begirako erronka nagusia: gaztetxearen egonkortasuna luzaroan bermatzea, bertan geratzeko kontratua urtero berritu behar ez izateko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Auzolan esperientziak
'Eutsi geureari' goiburuarekin abiatu da Errigoraren udaberriko kanpaina

Nafarroako erdialde eta erriberako nekazariei eta euskalgintzari babesa adierazteko produktu loteen eskaerak egin daitezke Errigora. eus webgunearen bitartez. 'Eutsi geureari'  izeneko kanpaina abiarazi zuten atzo eta martxoaren 13ra arte aukera dago saski horietako... [+]


14.000 saskitik gora saldu ditu Errigorak, eta 185.000 euro bideratuko ditu euskalgintzara

Hamar urte dira saskiekin hasi zirela eta bi milioi euro bildu dituzte guztira.

 


Errigora, hamar urte euskarari puzka

50 euroko saski bakar eta "biribila" eta komunitatea batuko duen argazki erraldoia atera nahi dituzte urteurrena ospatzeko kanpainan. Azaroaren 9ra bitartean egin daiteke saskien eskaera.


2023-10-15 | Leire Artola Arin
Emakume baserritarrak, funtsezkoak bezain ahaztuak

Baserritar bat abereak gobernatzen edo traktorea gidatzen irudikatu beharko bagenu, ziurrenik gizon heldu bat imajinatuko genuke. Erreportaje honetarako elkarrizketatu ditugun baserritarrek, ordea, erakutsi digute iruditeria folkloriko horren atzean badaudela landa eremutik... [+]


Ludoteka euskaldunak Nafarroa erdi eta hegoaldean, aisialdian ere haurrak euskaraz aritu ahal izateko

Nafarroa erdi eta hegoaldean euskaraz ikasi bai baina erabiltzeko aukera gutxi du haur askok. Herri horietan aisialdia euskaraz gozatu ahal izateko asmoz jaio ziren Jolasteka ludoteka euskaldunak. Ikasturte honetan gutxienez 16 herri, 22 jolasteka eta 3 eta 12 urte arteko 211... [+]


Eguneraketa berriak daude