Zubietako errauskailua 260.000 tona hondakin erretzeko diseinaturik zegoen –hirugarren labe bat jarriz gero 315.000 tonara iristeko aukera zuen–. Errauskailuak errentagarri izateko ahalmen osoaren mugan erre behar du. Aitzitik, gipuzkoarrek urtetik urtera sortutako hondakin kopurua handitu ez baina murriztu egin da eta 2013an ez da 195.000 tonara iritsiko.
Zubietako eta gainerako azpiegiturek 394 milioi euroko aurrekontua zuten; 272 milioi errauskailua eraikitzeko. Aholkularitza teknikoa eta maileguen interesak gehituta, 580 milioi euro kostako luke, Greenpeacen arabera.
Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa sozietateak (GHK) 192 milioi euroko mailegua sinatu zuen Europako Inbertsio Bankuarekin, hala nola 94 milioi eurokoa La Caixa eta Banestorekin. Kontratuon baldintza zorrotzen ondorioz, partzuergoa derrigortuta legoke hondakinak tratatzeko tarifak garestitzera, bankuek hala eskatuz gero. La Caixa eta Banestorekin sinaturiko swap produktu espekulatiboengatik berriz, hilero 300.000 euro ordaintzen zituen GHK-k, mailegua erabili ez arren.
Bestalde, 2011ko irailean, Bilduk hauteskundeak irabazi eta GHKren ordezkaritza politikoa aldatzear zenean, Zubietako behin-betiko proiektua onartu zuen orduko administrazio kontseiluak, eta enpresa eraikitzaileei kalte-ordainak bermatu zizkien.
Carlos Ormazabal Garapen Iraunkorreko Gipuzkoako diputatua (EAJ) zen presidente eta Denis Itxaso Donostiako Ingurumen saileko zinegotzia (PSE-EE) presidenteorde.
Madrilgo Carlos III Institutuaren ikerketa da errausketa eta minbizia lotu dituen azkena. Espainiako 8.000 udalerri eta 129 azpiegitura ikertu dituzte 1997 eta 2006 artean, eta ondorioztatu dute errauskailu eta hondakin arriskutsuen tratamendurako plantetatik gertu bizi direnek urdaileko, gibeleko, pleurako, giltzurruneko eta obarioetako tumoreak izateko arrisku handiagoa dute. Zubietako Artzabaletan egitekoa ziren errauskailua Usurbildik 1,9 kilometrora zegoen, Lasarte-Oriatik 3 km-ra eta Donostiatik 10 km-ra.
Hondakinak erretzean, airera isuritako kutsaduraz gain, 63.000 tona eskoria eta errauts oso toxiko sortuko lirateke. Horiek tratatu eta zabortegietan pilatu behar dira, baina Zubietako proiektuak ez zuen aurreikusita halakorik egiteko azpiegiturarik.
Urko Apaolaza Avila