argia.eus
INPRIMATU
Seattle baino lehen
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 0000ko ren 00a

1999ko Seattleko gatazka antiglobalizazioaren suzko bataiotzat jotzen den arren, atzerago joan behar da mugimenduaren erroak eta lehen zantzuak aurkitzeko.

1988an NMFk eta Munduko Bankuak Berlinen  (Alemaniar Errepublika Federaleko aldean) egin zuten urteko bilera. Protestaldi gogorrak izan ziren bilera oztopatu nahian. Bilera normaltasunez burutu zen arren, antiglobalizazioaren aurrekaritzat jo daiteke.

Hurrengo urtean, 1989ko uztailean G-7aren aurkako kontragailurra antolatu zen Parisen “ça suffat comme ci” lelopean eta herrialde txiroen zorra baliogabetzea eskaera nagusi zutela. G-7aren aurkako lehen ekitaldia izan zen; manifestazioak 10.000 pertsona bildu zituen eta ondorengo kontzertuak, 200.000. Frantziak zorra ezeztatzearen aldeko jarrera hartu zuen bilera hartan.

1994ko urtarrilaren lehenean Chiapasen zapatistak Ipar Amerikako Merkataritza Librerako Ituna (NAFTA) indarrean jarri izanaren aurka altxatu ziren. Hasieran EZLNren helburuak eremu lokalera edo, gehienez, nazionalera mugatu arren, eskaerak pixkanaka unibertslizatuz joan ziren. Hala, 1996an Marcos subkomandanteak mundu osoko foro bat biltzeko deialdia egin zuen. Chiapasen bertan burututako bilera sorta hari “topaketa intergalaktikoak” ezizena ipini zien jendeak, eta hainbatentzat hantxe jaio zen globalizazio neoliberalaren aurkako mugimendua. De Seattle a Porto Alegre liburuan, José Seoane eta Emilio Taddei egileek zera diote: “Antimundializazio mugimenduaren genesiak Chiapaseko oihan sakonera, 1996. urtearen erdialdera garamatz. Hainbat kronista bat datoz Gizadiaren aldeko eta Neoliberalismoaren aurkako Nazioarteko Lehen Topaketa, EZLNren ekimenez 1996ko uztailaren 27tik abuztuaren 3ra arte Chiapasen burutu zena, mundializazio liberalaren aurkako nazioarteko mugimenduaren lehen mugarria dela esatean”.