Oligarkiaren bortizkeria nola barneratu dugun

  • La violence des riches plazaratu dute Parisen Pinçon-Charlot soziologo senar-emazteek. Hogei urte daramatzate aztertzen aberatsek klase menperatuen kontra darabiltzaten agintezko tresnak: ekonomikoak, finantzazkoak, kulturalak, mediatikoak, politikoak... Frantziako oligarkiaren erradiografia osatzen ari dira, bestetarako balio duena.

Stephan Feugèrek egindako argazkian Frantziako gizonik aberatsenetako bat, Bernard Arnault, LVMH korporazioaren Louis-Vuitton markako saltokia inauguratzen Txinako Shangain; alboan dauzka Gong Li eta Laetitia Casta aktoreak. Arnault da zerga gutxiago pag
Stephan Feugèrek egindako argazkian Frantziako gizonik aberatsenetako bat, Bernard Arnault, LVMH korporazioaren Louis-Vuitton markako saltokia inauguratzen Txinako Shangain; alboan dauzka Gong Li eta Laetitia Casta aktoreak. Arnault da zerga gutxiago pagatzearren bere fortuna Frantziatik Belgikara eraman duten aberatsen artean ezagunenetakoa.

“Pasierako soziologia” deitzen diote bereari, umore puska batez, egiten dutenari Michel Pinçon (1942) eta Monique Pinçon-Charlot (1946) ikerlariek. 1965ean elkar ezagutu zutenetik unibertsitatean, Pierre Bourdieu mitikoaren ikasle, elkarrekin dira bizitzan eta lanean.

Frantzian ezagunak dira aberatsen mundutxoa aztertzen dutelako, tarteka deitzen zaie hedabide handietatik, oihartzun puska bat izan du plazaratu berri duten La violence des richesek. Baina 1980 ingurura arte hauek ere sistemak bazterturikoak aztertzen zituzten batik bat, soziologo gehienek bezalatsu: “Haserretzen ginen ikusirik nola zebilen hainbeste ikerlari elkarren lehian auzune txiroetan, inoiz auzitan jarri gabe sakoneko galdera: zerk eragiten duen bazterketa soziala”.

Horregatik erabaki zuten 1986an burgesia aztertzea. Historiagileak eta ekonomialariak arituak ziren alor horretan, baina oso soziologo gutxi. Senar-emazte izateak erraztu zien lana. Estatistikak biltzetik hasita, liburutegi eta artxibo pribatuak aztarrikatzera pasatu ziren, ordezkari handienekin elkarrizketak egitera. Eta lortu zuten muturra sartzea mundu itxi horretan.

“Batzuetan konbidatu izan gaituzte kantari famatu honen eta beste kirolari haren artean, bageneukalako halako zera exotiko bat. Sekula ez dugu ezkutatu ezkerrekoak ginenik, eta paradoxikoki, honek ez ditu diruaren aristokraziako zenbait ordezkari gogaitzen, beren interesak defendatzeko daukaten ahalmena baloratzen dugulakoan”.

Lan horretatik atera dira Pinçon-Charloten hainbat liburu famatu 1989tik: “Dans les beaux quartiers” (Aberatsen auzoetan, itzul genezake), “Sociologie de la bourgeoisie”, “Quince promenades sociologiques” (Hamabost pasiera soziologiko), “Président des riches” (Nicolas Sarkozy zela eta)...

Orain plazaratu duten “La violence des riches” liburuan ahalegindu dira azaltzen aberatsek gainerako mundutarron kontra darabilten bortizkeria. Hobe esanda, bortizkeriak, ez baita bakarra. “Bortizkeria ekonomikoa dago, hasteko, bere bertsio neoliberalean (...) Korporazio handiak ari dira langileak pilaka kaleratzen, etekinak handiak izan arren. Horra familia aberatsen bortizkeriaren lehen adibidea!”.

Bortizkeria politikoa darabilte, politikariekin elkar hartuta Estatuaren gezurra indartzen dutenean. Horrek ekarri du herritar soilak eztabaida politikotik aldentzea. Pinçon-Charlotek François Hollanderi ez diote barkatzen beren ustez egin duen traizioa. “Irakasle zen garaian publikatu zuen La gauche qui bouge (Mugitzen den ezkerra) hitzez hitz dago gaurko bere programan: ekonomian eredu bat besterik ez dagoela, kapitalismoa”. Beraz, alternatibarik ez dagoenez, ezkerrak alternantzia egin behar duela agintearen kudeaketan.

Hitzak ere ostu dizkigute

Bortizkeria politiko horrek, ezkerreko alternatiba desagertzeaz gain, ekarri du aberatsak eta politikariak erabat nahastu izana. Horrela, zerga saihestea ez da Estatuaren kontrako eraso masiboa soilik: Estatuaren agintariak berak dira lapurretaren konplize. “Louis Vuitton-Moet Henessey korporazioak baldin badauzka 46 filial paradisu fiskaletan, hori gertatu da Hubert Vedrine, Atzerri ministro izana, administrazio kontseiluan daukalako”. Parisko legebiltzarrean langileak ordezkarien %0,01 baino ez dira, Frantziako biztanleria aktiboaren %52 izan arren.

Pinçon-Charlot soziologoek aipatzen duten bortizkeria ideologikoa ere badago, neoliberalismoa munduari gaur naturalki berez dagokion zera eztabaida ezina dela ezartzen dutenean. Eta hizkuntzazko bortizkeria ere badarabilte aberatsek. “Marxismoaren kontzeptuak berreskuratu behar ditugu, behar diren hitzak erabili, kapitala eta kapitalistak aipatu, klase sozialak, zanpaketa, nazioarteko finantza auzitan jarri, azaldu norbaitek milioi bat euro irabazi baldin badu besteren lanaren bizkar egin duela”.

Eztabaida publikoetan horrela egiten saiatzen dira Pinçon-Charlot bikotea. Aurrean badaukate aberats handi bat horri “oligarka” edo “espekulatzailea” deitzeaz gain, neologismoak sortzeko beldurrik ez dute. Obreroen interesak defenditzeagatik haiei “populistak” esaten dietenei lotsarik gabe erantzuten diete “burgesismoa” (bourgeoisisme) edo “oligarkismoa” egiten ari direla. “Umorea ere lagungarri gerta daiteke gauzak mugiarazteko”.

Elite aberatsek hizkuntzen ezagutza erabiltzen dute beren mesedetarako. Txikitatik ohitu dituzte bizpahiru hizkuntzatan aise hitz egiten, denak moldatzen dira oso ondo ingelesez, atzerriko egonaldietan ikasita, etxera ekarritako konbidatuekin praktikatuta. Horretan ere langileen ordezkariak galtzaile edozein bilkuratan.

Eliteek berez darabilte soziologook “aberatsen internazionalismoa” deitzen dutena. Hizkuntzak jakiteaz gain, mundu osoan inbertitzen dute dirua, Argentinan milaka hektarea dauzkanak berak enpresa handi bat dauka Frantzian eta Europako beste zoko batean gazteluaren jabe da. Izpiritu horrexekin kontrolatzen dute kulturako jendea.

Aberatsek kontrolatzen dute denbora ere. Haiena luzeagoa da. Michel Pinçonek kontatu du nola Parisko jauregi bat bisitatzera joanik, patriarka ikusi zuen bilobari azaltzen XVIII. mendeko familiakoak irudietan. Egun gutxiren bueltan egokitu zitzaion Aubervillierseko HLM (babes ofizialeko etxe) sail bat eraisten ikustea. Aberaskumeak mendetako memoria dakar berekin, aldiz, cité hartako mutiko txiroei haurtzaroko oroitzapenak ere birrindu dizkiete. “Klase herrikoien bizimoduak badauka prekariotasun bat alderatu ezin dena burgesia handiaren biziak daraman patxadarekin”.

Aberatsei patxada inpunitateak ere ematen die. Honetan ez dute deus deskubritu soziologoek, baina garaiotan aipatze hutsa ez da gutxi. Lapurreta egiteagatik espetxera sartzen dituzte hainbeste gazte txiro, lapur handiak kalean dabiltzan bitartean. Honek are gaiztoago egin ditu aberatsak.

“Alerta piztu nahi dugu honetan. Neoliberalismoak ekarri du gizaki bat neoliberala, makurra, nartzisista, legeen gainetik bizi dena, erreparorik gabe sartzen dena delinkuentzian, badakielako aberatsen gaiztakeriak zigorrik gabe edo oso arin zigortuta geratzen direla”.

Baina hedabide nagusiek gero errepikatuko dituzte lapur handiek ezarritako topikoak: aberatsa ongilea da, filantropia egiten du, munduari laguntzen dio... eta txiroak garestiegi dira, iruzurretik bizi, gizarte laguntzetatik. Langileek sinets dezaten beren xurgatzaileak hauek direla.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frantzia
Elkarretaratzera eginen dute Baionan, Frantziako Ekonomia eta Etxebizitza ministroen bisitaren kari

Guillaume Kasbarian Etxebizitza ministroa eta Bruno Le Maire Ekonomia eta Finantza ministroa Baionan egonen dira ostiral honetan. Etxebizitza eskubidearen aldeko elkarretaratzera deitu du Herrian Bizi plataformak.


2024-03-12 | Euskal Irratiak
Jacqueline Idiart
"1970eko hamarkadan milioi bat emaztek abortatzen zuten Frantzian legez kanpo"

Abortuaren eskubidea Frantziako konstituzioan sartu da aste honetan. Baina abortatzeko eskubidea ez da gaur goizeko afera. Jadanik 1970. hamarkadaren hasieran mugimendu azkarrak izan ziren eskubide horren erdiesteko Ipar Euskal Herrian.


Eutanasiari buruzko lege-proiektua jakitera eman du Macronek apirilerako

Liberation eta La Croix egunkariei emandako elkarrizketan, eutanasiari bide emango dion lege proiektu bat bozkatzeko asmoa dutela iragarri du Frantziako presidenteak.


Frantziako Konstituzioak jasoko du "aborturako askatasuna bermatzea"

Senatuaren babesa jaso zuen joan den ostegunean, eta Kongresuak berretsi du astelehenean konstituzioaren aldaketa agintzen duen neurria. Frantzia da konstituzioan abortu eskubidea "bermatzen" duen munduko estatu bakarra.


Eguneraketa berriak daude