argia.eus
INPRIMATU
Olagarroen propultsio sistema imitatzen

Joxerra Aizpurua Sarasola 2013ko azaroaren 14a
Albert Kok-CC By SA

Alemaniako Fraunhofer Institutuak olagarroen propultsio sistema aztertu du, imitatzeko asmoz. Olagarroak, denbora gehienean, itsas hondoan higitzen dira, eta euren burua arriskuan ikusten dutenean propultsio-sistema berezi bat abian jartzen dute. Horren bidez ur kantitate handia xurgatzen dute azkar-azkar, azalaren azpian duten tutu batetik, eta ur hori ia bat-batean botatzen dute sabelaldean duten zulo batetik. Sistema horren bidez oso abiadura handia lortzen dute, eta gainera gai dira ura nahi duten norabiderantz hustu eta, ondorioz, eurak ere nahi duten lekurantz higitzeko.

Fraunhofer Institutuan olagarroen mugimendua imitatu dute hogei zentimetroko diametroa eta lau zentimetroko luzera dute lau globori enbolodun pistoi bana ezarriz. Sistema osoa 3D inprimagailu baten bidez sortu dute, eta ikerlariek adierazi dutenez, abantaila ugari du ohikoekin alderatuz. Batetik, helizerik ez duenez ez dio horrenbesteko kaltea egiten itsas faunari; bestetik, kutsadura gutxiago sortzen du.