argia.eus
INPRIMATU
Neguko Tregoa
Neguan etxebizitzei gasa eta argindarra moztea debekatu du Frantziako Estatuak
  • Urtero bezala, azaroaren 1etik martxoaren 21 arte “neguko tregoa” egingo dute: alokatzaileak ezingo du maizterra etxetik kaleratu, honek ordaintzeko dirurik ez badu ere. Aurten lehen aldiz, gas eta argindar konpainiek ere ezingo dute inor zerbitzurik gabe utzi.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2013ko azaroaren 13a

Sektorerik kaltetuenak babestu nahi ditu araudiak, negu gorrian kalean gera ez daitezen edo etxean hotza pasa ez dezaten. Izan ere, 2012an berogailua pizteko adina energiarik gabe geratu ziren 600.000 etxebizitza. Dena den, tregoak ez du zorrik kitatzen. Etxerik gabekoak laguntzeaz arduratzen den Abbe Pierre Fundazioaren arabera, krisi garaiotan ere etxe kaleratze bortitzak jasaten ari da jendea Frantziako Estatuan. Urtero, martxotik urrira epaileek 110.000 kaleratze agindu ematen dituzte eta horietatik 50.000 inguru gauzatzen dira. Fundazioaren hitzetan, gutxienez hiru milioi lagun baldintza prekarioetan bizi da Estatuan eta beste bost milioi arriskuan daude, alokairua ordaintzeko dituzten zailtasunak medio.

Tregoa eskaera Katalunian

Ur, argindar edo gasa ordaindu ezin dutenak neguan zerbitzurik gabe ez uztea proposatu du Rafael Ribó Herriaren Defendatzaileak. Ribók dioenez, aspaldiko arazoa da pobrezia energetikoa eta 65 urtetik gorakoak, guraso bakarrak eta langabetuak dira kaltetuenak.