Ekinaren ekinez, kultur eskaintza iraunkorra Arrasaten

  • 2010ean kultura eskaintza zabalagoa lortzeko helburuz, Kooltur Ekintza taldea osatu zuten Arrasateko zenbait musika zalek. Talde honen ekinari esker, urritik maiatzera bitartean ostegunero hitzordu finkoa du kulturak.

Kooltur Ekintza taldeko kideak.
Kooltur Ekintza taldeko kideak.Jokin Bereziartua / Goiena

Kooltur Ekintza taldeak Arrasateko kultura eskaintza aberastu nahi luke, eta ekintza nagusi gisa Kooltur Ostegunak izeneko ekimena jarri zuen martxan. Urritik maiatzera bitartean –biak barne– emanaldiak antolatzen dituzte ostegunero, eskema berari jarraituta beti ere: Arrasateko Gaztetxean izaten dira, 22:00etan hasten dira puntuan, 23:30etan bukatzeko; sarrera 5 eurokoa izaten da; talde bakarra aritzen da beti, sarreratik jasotako dirua eskuratzen du.

“Osteguna lan-eguna izanik, talde bakarraren aldeko apustua egin genuen eta beti ere puntualitateari eutsiz”, azaldu du Kooltur Ekintza taldeko Haritz Zubiatek. Hala, Arrasateko eta beste herrietako musika zaleek badakite asteroko hitzordua zein den. “Formatu oso erosoa da, jendeak gustuko du, bai ikusleek baita parte hartzen duten taldeek ere”, diosku Iago Casconek –Kooltur Ekintza taldeko kidea berau ere–.

Abiapuntua Gaztetxean

Koolturekoen aburuz, kontzertuak eta bestelako emanaldiak egiteko primerako baldintzak betetzen zituen herriko gaztetxeak, bat ezik: soinu ekiporik ez zegoela. Hain zuzen ere, Gaztetxeak agertoki handia du, 500 lagun sartzen dira, akustika eta ikusmen-puntu ona du, aldagelak, dutxak, sukaldea, lo egiteko lekua… Soinu ekipamenduaren arazoa saihesteko, herri bertako soinu enpresa batekin jarri ziren harremanetan, eta hango arduradunek materiala zorpean eman zieten. “Kontzertuetan tabernan ateratako diruaz poliki-poliki soinu ekipoa ordaintzeko konpromisoa hartu genuen eta ia bete dugu”, azaldu du Zubiatek; “eta hori estali ostean, argietan inbertituko dugu”, gaineratu du.

Gazte asanbladak oso ondo hartu zuen asmoa eta, gainera, gaztetxea beste herritar batzuei zabaltzeko ere balio izan du ekimen honek. Kooltur Ekintzakoek, hala ere, argi dute haien eskaintzak ez duela zertan Gaztetxera mugaturik, eta badute asmoa hortik kanpo ere bestelako ekitaldiak antolatzeko.

Musika eta bestelakoak

Ekimen honen antolatzaileak musika zaleak direnez, kontzertuak dira Kooltur Ostegunen eskaintzaren oinarria, baina tarteka antzezlanei eta beste diziplina batzuei ere egin diete lekua. Ander Lipusen Publikoari Gorroto izan da azken adibidea.

Musikari dagokionez, mota eta jatorri askotako taldeak pasa dira bertatik; ia 40 talde kurtso bakoitzeko: horietako batzuk oso ezagunak (Zea Mays, Atom Rhumba, Lisabö, Gari, Esne Beltza, Anari, Kerobia, Capsula, Mikel Urdangarin…); atzerrikoak ere gero eta gehiago (Japoniako Who The Bitch, Eskandinabiako Krissy Matthews, AEBetako The Hangmen…). Musika estilo ugari ekarri dituzte, horretan ere indar handia jartzen baitute arduradunek. Horren erakusle argia da orain arte bluesa, punk-rocka, popa, jazza, funkya, hardcorea, latinoa, post-rocka, garagea, folka, rock-and-rolla, etnikoa eta bestelakoak entzuteko aukera izan dela gaztetxean, eta horretan jarraitzen dutela.

Ostegunetako eskaintza zabal horri esker, bada Arrasaten bertan Gaztetxea ezagutu duenik. Zubiatek azaldu digunez, “Gaztetxeak adin eta estilo jakin batzuekin lotzen ditu jende talde batek, baina Kooltur Ostegunek aurreiritzi asko apurtu dituzte eta jende gehiago erakartzen dute. Hala, ostegun batzuetako batez besteko adina ez da Gaztetxe baten ohikoa izaten, eta hori oso positiboa da”.

Adinez eta belaunaldiez ari garenez, ez dago soberan aipatzea Kooltur Ekintza taldea osatzen dutenen artean ere hainbat belaunaldi eta diziplinatako jendea aurki dezakegula: musika programatzen aritutakoak, soinu teknikariak, diseinatzaileak, tabernariak, sare sozialetan adituak… eta gehientsuenak musutruk lanean aritutakoak. Horra hor, adibidez, soinu ekipoa lortu eta Kooltur Ostegunen programa hastearekin bat, soinu aditua den kideetako batek beste hainbat partaideri emanaldien sonorizazioari buruzko trebakuntza eman izana.

Zarata handirik atera gabe, lana fin eginez, gero eta talde (eta ikusle) gehiago batuz doaz ekimenera. Borondatea jarrita eta lan eginda, gauza ugari lor daitekeela erakutsi du Arrasateko talde honek. n
 


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude