argia.eus
INPRIMATU
Izena eta izana
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 0000ko ren 00a

“Globalizazio hitza bere egin dute boteretsuek  nazioarteko ekonomia integratzeko modu jakin bat izendatzeko, inbertitzaileen eskubideetan oinarritzen den eta herritarren interesak kontuan hartzen ez dituen modua. Ondorioz, beste globalizazio modu  batzuen aldekoei antiglobalizazio esaten zaie, eta horietako askok, zoritxarrez, terminoa onartzen dute, baztertu beharreko propagandazko terminoa den arren. Globalizazioaren, hau da, nazioarteko integrazioaren aurka dagoen pertsona zentzudunik ez dago. Ezkerreko eta langile mugimenduko kiderik ez behintzat, nazioarteko elkartasun printzipioa baitute oinarri, hau da, botere pribatu sistemen ordez herritarren eskubideak aintzat hartzen dituen globalizazioa”. Noam Chomskyk 2002an esandako hitzak dira eta ederki azaltzen dute antiglobalizazio terminoaren inguruan hasieratik sortutako eztabaida.

Globalizazioa kapitalismoa izendatzeko eufemismo gisa erabiltzen hasi zen 1990eko hamarkadan, jarduera neoliberal basatia hartzen ari zen kutsu negatiboa uxatu nahian. Antiglobalizazio hitza erabiltzen lehenak ere politikariak eta komunikabide nagusiak izan ziren, beren “globalizazioaren” aurka Seattlen izandako mobilizazioak izendatzeko. Ekintzaile gehienak terminoaren aurka daude; batetik, negatiboa delako, ukazioa duelako oinarri; bestetik, mugimendua ez dagoelako giza jarduerak nazioartekotzearen aurka, ekonomia ahulenak desegonkortzen dituzten jarduera espekulatiboetan aritzeko gero eta askatasun handiagoaren aurka baizik. Horregatik beste hainbat izen proposatu dira mugimendurako. Eremu anglosaxoiean ekintzaileek nahiago izan dute Global Justice Movement erabiltzea, edo gutxienez alter-globalization aldaera hobetsi dute. Italian Movimento No Global ere erabiltzen dute, baina hori ere prentsak asmatua da eta ez du jatorrizkoa asko hobetzen. Frantzian Ignacio Ramonetek proposatutako altermundialisme terminoak arrakasta handiagoa izan du eta, ondorioz, gaztelaniaren eremuan altermundialismo edo altermundismo zabaltzen ari da.

Batetik, termino sortak mugimenduaren izaera heterogeneoa erakusten du, erabaki bateratuak hartzeko zailtasunen isla da. Bestetik, antiglobalizazio da oraindik termino erabiliena eta, beraz, fenomenoa identifikatzeko errazena.