Gatazkak, gaurkotasuna eta auzitegiak

Nahiko argi bazegoen ere, gure herrian ez dago gatazka bakarra, gatazka asko baizik. Gatazka zabalak eta jende askorengan eragin zuzena dutenak. Gaur, ez dut uste gatazketatik libre herritar bakar bat ere egongo denik.   

Zer gatazkak dira hauek? Bada, asko, baina azkenekoak –eta, zoritxarrez, luze iraungo dutenak–, besteak beste, hauexek: delako Parot doktrinaren porrot judiziala; Hitzarmen kolektiboen ultra-aktibitatearen mugaren ondorioena; Fagor Elektrotresnak Kooperatibaren krisia.

Hirurak daude egunero hedabideetan eta hirurak erabakiko dira, partzialki, sikiera, auzitegietan. Eta zergatik hau? Ona al da hau? Edo txarra? Edo ez ona, ezta txarra ere. Agian, komenigarria. Edo guztiz kaltegarria.

Hori dena izan daiteke, bai. Gatazka bakoitzaren izaeraren eta bilakaeraren arabera. Batzuetan, justiziak berak sortutako gatazkak dira: hauxe bera gertatu da Parot doktrinarekin; auzitegiek asmatutako tesi batek sortu zuen izugarrizko eztabaida juridikoa, bi arrazoiengatik: alde batetik, bultzada politiko bati emandako erantzun judiziala zelako; eta bestetik, zuzenbidea muturreraino bihurritu zutelako hainbat pertsonen eskubideak –giza eskubideak eta konstituzionalak– urratuz. Auzitegi batek korapilatu zuen gai hau eta besteek ez zuten zuzendu –hau bereziki larria izanik Konstituzio Auzitegiaren kasuan–. Eta beste auzitegi batek, Espainiako Estatuaren eskutik urrun dagoenak, ezabatu behar izan du doktrina lotsagarri hori. Orain, Auzitegi Nazionalak dauka aukera ezin hobea irizpide arruntak eta ez salbuespenezkoak jarraitzeko: ondo hasi zen Inés del Río eta Juan Manuel Píriz aske utzi zituztenean; espero dezagun bide horretatik jarraitzea eta doktrina horren aplikazioagatik oraindik espetxeratuta dauden pertsona guztiak berehala askatzea eta ez luzatzea oinarrizko eskubideen urraketa beste bultzada politiko bati erantzunez.   

Udazken honetako bigarren gatazka potoloa iragarrita zegoen. Orain urte eta erdi jakin genuen Hitzarmen kolektiboen ultra-aktibitatea mugatzen zela. Urtebetekoa izango zela behin Hitzarmena salatuta zegoenetik, eta beraz, hitzarmen askok beren indarra galduko zutela aurtengo San Fermin egunean. Horren ondorioz, enpresaburuak eta euren elkarteak lan baldintzak aldatzen hasi dira kasu askotan eta, nola ez, sindikatuek gatazka hau auzitegira eraman dute. Kasu honetan, auzitegien lana derrigorrezkoa da, legeak sortu duen arazoa konpontzeko eta erabakitzeko zer lan baldintzak aplikatuko diren arlo eta enpresa bakoitzean. Hala ere, gatazka hau sortu da, hain zuzen ere, legeak ez duelako erabat ixten edo amaitzen erreforma eta “lan zikina” beste batzuei utzi dielako, hau da, auzitegiei. Bada, dagoeneko dauden auziei erantzungo zaie eta laster, oso laster, jakingo da zein den justiziaren erantzuna eta onargarria den ala ez langileon lan baldintzak atzeraka egitea era horretan.

Azkenik, gatazka sozial berria sortu zaigu: Fagor Elektrotresnak Kooperatibarena. Kasu honetan hainbat gai auzitegietan erabakiko da –ezin da esan konponduko denik–, baina ez guztiak. Zeren eta lanerako gai sakon batzuk gelditzen zaizkigu: kooperatiben eredua birpentsatu behar den ala ez, edota noraino heldu behar duen, nola zabaldu, nola erantzun kooperatiben talde barruan, lan hau soziala delarik eta ez judiziala, noski; pobrezia hedatzen ari zaigula nonahi, gero eta jende gehiago harrapatuz –gatazka hau ere gizarteari dagokiolarik–.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude