argia.eus
INPRIMATU
Alternatiba lausoa

Jon Alonso 2013ko azaroaren 14a

Diletante honen oso noizean behineko kolaborazio txikia, gaia ere txikia –erlatiboki– duena: urriaren 25ean, Nafarroako Parlamentuak atzera bota du I-Eren (Izquierda-Ezkerra) mozio bat. Mozioan eskatzen zen kontzertaziorik ez egitea ikasleak generoaren arabera bereizten dituzten eskolekin. I-Ek, Aralarrek eta Bilduk aldeztu zuten mozioa. UPNk eta PPNk, uste izatekoa zen bezala, aurkako botoa eman zuten. PSN eta Geroa Bai abstenitu egin ziren.

Josulagunak bezalakoek ere neskak eta mutilak elkarrekin hezten dituzten garai hauetan, edonork imajina dezake zer-nolako ideologia edukiko duten neskak neskekin eta mutilak mutilekin nahi dituztenek. Tea party forala. Ideologia hori bera daukate Geroa Baik eta PSNk? Ideologia hori daukate Uxue Barkosek, Patxi Leuzak, Manu Ayerdik, Juan José Lizarbek?

Jakina, abstenitzeko eman zuten arrazoia ez zen ideologikoa izan, juridikoa baizik: legeak atzera-eraginik edukitzea saihestu beharra.

Hau da, Yolanda Barcinaren gobernuaren alternatiba izan nahi omen duten alderdiak ez dira gauza izan berez hain konfliktiboa izan behar ez zen gai batean ados jartzeko. Zer gertatuko da gai gatazkatsuak –AHT demagun, eta beste hainbat–, ukitzean? Edo, Barcinak legealdia beteko duela etsita, ditxosozko alternatiba hori egiteko lidergoa eskuratzeko lehia da benetan jokatzen dena? Zer-nolako alternatiba, baina? Bildu baztertzen duena? Zer botorekin, orduan? Arrazoi du UPNko Carlos García Adanerok, alternatiba gutxiesten duenean, publikoki orain gutxi egin duen bezala.

Badirudi PSNren eta eskuin abertzalearen (zer gutxi erabiltzen dugun “eskuin abertzalea” espresioa, ezta?) kezka nagusia probintziako indar faktikoei –OPUSi eta abarrei– mezu lasaigarria bidaltzea dela: “Lasai egon zaitezkete, serioak gara, Diputaziora iritsiz gero ez dugu ezer hankaz gora jarriko”.

Eta horrekin batera, azpiko mezu gisa-edo, gizarteari helarazten zaiona da, aldarrikapenak aldarrikapen, alternatiba gordin-gordin dagoela; edo, are, egiazko edozein aldaketa ezinezkoa dela. Salbu eta, poltronak beteko dituzten ipurdiena, noski.