1982an, autonomia estatutua onartzean, lehen Gaztela Berria zena Gaztela Mantxa bihurtu zen. Mantxa toponimoa askoz zaharragoa da, ordea. 1691n Mantxa izeneko probintzia sortu zen Iberiar penintsulako mesetan, baina toponimo ofiziala izan baino lehen ere, askoerabiltzen zen inguru haietan; mende horren hasieran, Cervantesek bere maisulanaren izenburuan bertan adierazi zuen On Kixote Mantxakoa zela.
Toponimoa ez dugu gaztelaniatik itzuli behar –ez du “orbana” esan nahi–, arabieratik baizik. Zenbaiten arabera, Manxa edo Al-Mansha hitzean du jatorria, eta “urik gabeko tokia” esan nahi du. Beste batzuek diote Manya hitzetik datorrela, eta beraz, “goi-ordokia” edo “goragunea” esan nahi duela. Horrenbestez, toponimoaren jatorria Erdi Aroan dago, XIII. mende inguruan, arabiarrek penintsularen erdialdea konkistatu zuten garaian.