Espiritu kooperatiboa

Fagor Etxetresnen eta Mondragon Korporazioaren arteko eztabaida eta tira-bira gogorrak sumatu dira Etxetresnetakoen adierazpen eta albiste jariotik. Korporazioa isilik da. Arrazoia nork duen alboratuz, ezin bestela izan, normala delako hondoratzera doanak arnasa hartu nahi izatea kosta ahala kosta, eta laguntza gehiago ukatzen duenak ere bere burua arriskuan jarri nahi ez izatea. Iraganean ondo egin ez denak ez du bapateko konponbiderik.

Orain hiru lan garrantzitsu geratzen dira: azken unean jarduerarik salba daitekeen ikustea; zauriak ahalik eta eraginkorren sendatzea; eta korporazioko beste enpresei gauza bertsuak gerta ez dakien hausnarketa ahalik eta sendoena egitea. Arrasateko kooperatibetan eta, oro har, ekonomia sozialean ari garenontzat ikasgai garrantzitsuak izango dira. Hainbat esparru nabarmentzen ari dira asteotan, gehienak lanpostuak, finantzazioa eta kudeaketari lotuak, azken hauek erantzukizun bila gehienetan. Baina zirrikituetatik, eta hainbat elkarrizketa eta iritzitan, sumatzen dira sakonagoko zuloak ere, esate baterako, ditxosozko espiritu kooperatiboari dagozkionak.

“Baina zer espiritu kooperatibo eta zer demontre, hor kudeaketa akats batzuk egon dira eta listo, enpresa kapitalistan edo kooperatiboan berdin-berdin eman daitezkeenak”. Eta esan liteke hori,  duda barik, baina teorian hori da  kooperatiba eta elkarte anonimoaren arteko bereizgarrietakoa, boterearen erabilera eta kudeaketa ere desberdinak direla, hasi karguen hautaketatik eta erabaki potoloenetaraino. Eta akatsak akats, Mondragoneko esperientzia luze eta zabalean horrek funtzionatu izan du eta funtzionatzen du. Hori guztia ez da gezurrezkoa izan Fagor Etxetresnetan, ezta gainerako kooperatibetan ere, nahiz eta denetan ere gobernantza egoera oso desberdinak dauden.

Azken 15 urteetan Arrasateko kooperatibetan eztabaida handiak izan dira espiritu kooperatiboaren galeraz. Mondragoneko goreneko organoetan onartuta dago galera hori, oinarrizko kooperatibisten artean baino gehiago seguruenik, eta hortik ezin dela onik etorri ere bai. Etxetresnen hondoratzean, esaterako, izan al du eraginik horrek? Nola neurtzen da hori? Nork? Nola hartu zuten parte Fagorreko kooperatibistek Brandteko erosketan? Zergatik ez zuten erabaki kooperatibistek lehenago birmoldaketa sakonagoa? Proposatu al zitzaien? Ba al zuten kooperatibistek –gutxienez masa kritiko esanguratsu batek– nahikoa informazio eta hezkuntza hortaz egoki erabaki ahal izateko? Milaka laguneko kooperatiba batean posible ote da oinarrizko langile kooperatibistek horiek erabaki ahal izatea? Edo Arantza Tapia sailburuak dioen gisan, gobernantza aldatu behar da eta listo? Erabakiak azkar hartzen dituzten multinazionalak ez ote dira hondoratzen? Azkar ondo al da? Ondo norentzat? Bistan da nahi adina galdera direla, egin beharrekoak gainera. Bistan den moduan, erantzunak ere hainbat direla eta oso desberdinak gainera kooperatibismoarekiko sentsibilitatea eta sakontasuna bat izan hala beste bat. Hondoratzearen ondorioetan ere desberdina den moduan, jadanik Mondragonen askotan ikusi den moduan, eta Fagorreko krisian ere ikusiko den gisan.

Horregatik da giltzarri etorkizuneko kooperatibismoarentzat espiritu horren galeran arakatzea eta hausnartzea. Eta gaitza da. Besteak beste, krisi sasoian krisitik ateratzea delako garrantzitsuena, eta horretarako funtsezkoena ondo produzitzea izaten delako, lehiakor izan ahal izateko, biziraun ahal izateko. Nola uztartu kooperatibistaren formazioa eta produkzio denbora?

Ez da hausnarketa samurra, baina egin beharrekoa eta sozializatu beharrekoa gainera, kooperatibismoari eutsi nahi bazaio behintzat. Boterea eta kudeaketa estuki lotuta daude, eta ohiko kudeaketan parte hartzen ez duen kooperatibismoaren etorkizunak jai du. Kudeaketa kultura modernoek indar handia jarri izan dute horretan, langileen parte-hartzean, enpresa norberarena sentitzean, eta produkzioari dagokionez behintzat emaitza onekoa da. Ez da eraginkorra emaitzen banaketari dagokionean, hor kapital gehien duenak eramaten duelako gehien. Kooperatibismoak eta ekonomia sozialak hiru osagai klabe uztartzeko aukera eskaintzen dute: kapitala, botere banaketa eta kudeaketa. Aukerak badira, baliatu egin behar.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Fagor
Aritz Ameztegi, 'Debagoiena 2030'
“Inpaktua bada eskualdean bilatzen duguna, udal eta eragile guztiei entzun behar zaie lehenik”

Beterri Saretuz eraldaketa egitasmoak gonbidatuta, Debagoiena 2030 sareko Aritz Ameztegik hitzaldia eman du Andoainen asteazkenean. Eskualde batean eraldaketa lortzeko nola eragin litekeen gako batzuk eskaini ditu.


2020-07-14 | ARGIA
Amiantoak langile bati eragindako kalte handia berretsi du epaitegiak eta ez du onartu Fagor Ederlanen helegitea

Biriketako minbizian eta %95eko ezgaitasunean amiantoak izandako eragina onartu zion Gizarte Segurantzak langile bati, baina helegitea jarri zuen Fagor Ederlan enpresak. Donostiako epaitegi batek ez du helegitea onartu eta amiantoaren biktimen elkarteak enpresari eskatu dio... [+]


Fagor auzian, Mondragon absolbitu du Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak

Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak Mondragon absolbitu du Bergarako epaitegiak 2018ko uztailean emandako epaia berretsiz eta preskripzioan oinarrituz erabakia. Ordainduk eta Eskuratuk salatutako engainurik ez zela egon ebatzi du. Mondragon epaiarekin "pozik" azaldu da;... [+]


2018-06-03 | Juan Mari Arregi
Arizmendiarrietatik Fagor eta Eroskira

Herritarrek aukera izan dute dokumental baten bidez Jose Maria Arizmendiarrietaren bizitza eta lana ezagutzeko: Arizmendiarrieta, gizon kooperatiboa.


2018-05-10 | Goiena
Fagorreko borondatezko ekarpenen auzia, epaia emateko prest

Ordaindu eta Eskuratu elkarteen eta Mondragon Korporazioaren arteko epaiketako ahozko bistaren azken eguna izan da gaurkoa. Bi aldeetako abokatuek ondorioak aurkeztu dituzte epailearen aurrean, eta lau egunak nola joan diren ikusita, esan daiteke demandatzaileen aldeko ebazpen... [+]


Eguneraketa berriak daude