Autobusean ahoak eman ahal ari dira, kamera aurrean direla eta ibiltariak interesatzen dituztela ustez: zerga sobera ordaintzen da, gobernu sozialistak lumatzen gaitu, gerra on batek bederen arazoak konponduko lituzke, eskuin muturrarentzat bozkatuko dugu beste aukerarik ezean, gazte alfer eta kanpotar mukizu horiekin larderiatsua datekeelako, ezkerrekoa naiz alta... Burua altxatu dut ikusteko nork zikintzen didan Joan Margariten poemak katalanez irakurtzeko premiazkoa dudan isiltasuna: “Hem perdut poc pero ho hem perdut tot”.
Nabaritzen dira jendeak barka ezinkeria obratzearen bezperan elkarren berotzen. Balentriaz. FN bozkatuko dute arraiki, atzo Etxarrin, Ainhoan eta Ezterenzubin bezala, konplexurik gabe, txirotasuna, ingurune sozial sarraskitua eta larru koloreagatik bazterketa pairatzea zer den ez dakiten laborari eta langile plazentek, Marine blonda eta bulartsua delako, zurien, jabeen eta kristauen heterozentrismo neoliberalaren ikurra harroki daramalako.
Nola ahantzi antzeko gorroto diskurtsoek zilegitu zutela Auschwitz? Ondorioak jakinez, tematzen baldin bagara, barkaezinak gara.