argia.eus
INPRIMATU
Xabier Mendiguren: "Guztiok gara neurri batean Hamlet"
Myriam Garzia 2013ko urriaren 30a

Nola hartu zenuen Hamleten egokitzapena egiteko lana? Nondik hasi zara?

Ez da berez proiektu pertsonal bat izan. Publikoari gorroto obraren lanketan zehar, Fuchs, Lipus eta gainerakoekin lanean jarraitzeko gogoa sortu zen; zenbait bilera izan genituen gero, zer egin erabakitzeko, eta hauxe adostu genuen azkenean.

Posible da Hamlet Euskal Herrian eta XXI mendean kokatzea?

Bai. Zuk diozun bezala, gaur eta hemen, Euskal Herrian eta XXI. mendean, gure arazo guztiekin. Jatorrizko istoriotik zer dagoen eta zer ez jakiteko, ikustera etorri behar.

Hainbat ispilu izan ditu Hamlet pertsonaiak historian barrena. Nolakoa da Hamlet Xabier Mendigurenen begietatik ikusita? Poeta? Eroa? Koldarra?

Alderdi asko dituen pertsonaia da Hamlet, dudarik gabe. Eta, horrez gain, guztiok gara neurri batean Hamlet, edo guztiongan bizi da Hamlet txiki bat. Ikuspegi hori ere azaltzen du obra honek.

Jatorrizko antzezlanean hizkera gortesaua erabiltzen du Shakespearek, korteetako pertsonaiak dira gehienak, hizkuntza kultua erabiltzen dute. Zein baliabide erabili duzu testuan?

Erregistro ezberdinak erabili ditugu: palazioan palaziokoa, eta kalean kalekoa.

Hamlet bezalako antzezlan bati aurre egitea mugarria al da euskal antzerkigintzarako?

“Mugarri” hitz potolo samarra da; gauzak ondo egiten saiatu gara gu, publikoari lan mamitsu bat eskaintzen, estetikaz eta edukiz zer pentsatua emango diona, eta horretan jarraitu nahi genuke aurrerantzean ere, euskal teatroa aberasten.