Ogi egin berria eta atomoak

Demokritori
Demokritori "barre egiten duen filosofoa" ere esaten zaio, eta Johannes Moreelse Herbehereetako margolari barrokoak hala irudikatu zuen 1630eko olio honetan. Bizitzaren alde komikoaren garrantzia nabarmentzeaz gain, Demokritok hainbat ekarpen egin zituen; atomismoaren teoria garatzen lehena izan zen, esaterako. (Arg: Utrecht Museoa)
Abdera  (Trazia), K.a. c. 460. Demokrito Antzinako Greziako filosofoa jaio zen. Besteak beste, atomismoaren teoriaren sortzailea izan zen, Leuziporekin batera; materia gai zatiezinez osatuta dagoela uste zuten.
 
Elezaharraren arabera, Demokritori goiz batez iritsi zitzaion inspirazioa. Ia egunero bezala ogi egin berria usaindu zuen, baina goiz hartan, jateko gogoaz gain, jakin-mina ere piztu zion usainak filosofoari. Nolatan  antzematen zuen bere sudurrak usain hura, ogia urrun egonda, sudurraren eta ogiaren artean loturarik ez bazegoen, bien artean airea besterik ez bazegoen? Galdera horretatik abiatuta Demokritok ondorioztatu zuen partikula ñimiño batzuk existitzen zirela, airean flotatuz ogi zati txiki ikusezinak sudurreraino iristen zirela eta horregatik har zezakeela ogi egin berriaren usaina. Hau da, mundua elementu ñimiño, zatiezin, suntsiezin eta eternoz osatuta zegoen, eta horiek bat egitean sortzen ziren unibertsoko gauza guztiak. Atomo –zatiezina, grekoz– esan zien.
 
Beste hainbat filosofo greziar bezala, Demokrito arrazoibide logikoan oinarritzen zen teoriak azaltzeko, eta ez zuen esperimenturik erabiltzen postulatuak berresteko. Nahita ere, mende asko falta ziren oraindik atomoen teoria enpirikoki egiaztatzen lagunduko zuen teknologia garatzeko. Horregatik, teoria jaio berriak hutsune asko zituen. Esaterako, Demokritok ez zuen uste naturaren prozesuetan inolako “indarrik” edo “espiriturik” dagoenik; ez zuen energia kontuan hartu, beraz. Errealitate guztia badiren gauzek (atomoek) eta ez direnek (hutsak) osatzen dute. Eta zentzumenen bidez antzematen den guztia atomoak dira; adibidez, haren ustez, Ilargia ikus daiteke satelitearen atomoak gure begietara iristen direlako.
 
Eta, jakina, oinarrizko partikulei ipini zien izenean ere ez zuen asmatu. 1830 inguruan, Michael Faraday izan zen atomoen zatiezintasuna zalantzan jartzen lehena. Mende horren amaieran, Joseph J. Thomsonek elektroiak aurkitu zituen izpi katodikoak aztertuz, eta azkenik, 1911n, Ernest Rutherfordek atomoaren nukleoa aurkitu zuen. Baina izenez zatiezina zena partikula azpiatomikoetan zatituta ere, atomoek Demokritok ipinitako izena atxiki dute, eta askok filosofo greziarra “zientzia modernoaren aitatzat” jo izan dute bere ekarpenak medio.
 
Duela urtebete Bretagne-Sud unibertsitateko lantalde batek The Journal of Social Psychology aldizkarian argitaratutako ikerlan baten arabera, ogi egin berriaren usainak ezezagunekin adeitasun handiagoz jokatzera bultzatzen gaitu. Alabaina, ikerlanak ez du frogatu usain horrek teoria atomikoa ulertzen laguntzen duenik.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Materialismo histerikoa
"Mario Lopez" eta "Gernika"

Krimen matxistak, mediatizatzen direnean, emakumeontzat lezio bilakatu ohi dira, eta bizirik badago, biktimarentzat. Nerea Barjola ikertzaileak Alcasserko kasuaren bidez azaldu zigun hori. Eta Nagore Laffageren hilketak ere lezio astun bilakatzeko arriskua izan zuen, lezioa... [+]


Jokin Pantxeska Etxebarria. Gerrako ume, aitaita
"Hiru aldiz esan dute gorria naizela, komunista!"

Irisarriko herrigunera sartu orduko, hantxe, etxe baten atarian, ikurrina eta estelada. Jokin Etxebarriaren bizitokia duzu. Gerrako ume izandakoa, hamaika ibilera –eta hamaika baino gehiago ere bai–, han eta hemen egindakoa. 92 urtek nahi beste bizitzeko aukera... [+]


Nabigazioaren historiaren argazkia

2019an, Greziako Kasos uharteko uretan, ikerlan bat abiatu zuten Ikerketa Helenikoen Fundazio Nazionalak eta Greziako Kultura Ministerioak. Lanaren emaitza berriki jakinarazi dute: guztira, hainbat garaitako hamar ontzi-hondar aurkitu dituzte. Zaharrenak 5.000 urte inguru ditu... [+]


Fra Mauroren mundu zehatzagoa

Venezia, 1459ko apirilaren 24a. Fra Mauro monje eta kartografoak bere munduko mapa amaitu zuen San Michele de Murano monasterioan zeukan kartografia tailerrean. Portugalgo errege Alfontso V.aren enkarguz egin zuen lan hura, eta, mapa amaitu bezain pronto, Portugalera bidali... [+]


Artoaren iraultza: Ameriketatik etorritako ogia

 Hainbat herritan antolatzen diren sagardo egunetatik hasi eta neguko solstizioa zedarritzen duen San Tomas feriaraino, artoa ezinbesteko osagaia da folklore-kutsua duen ospakizun orotan. Nonahi ikus daitezke talogileen postuak, olanazko estalkietatik zintzilik jarritako... [+]


Eguneraketa berriak daude