Espetxealdiaren osteko bizitza

  • “Preso egon denaren gogoa gartzelara itzultzen da beti. Kalean juje, fiskal eta abokatuekin gurutzatzen da, eta poliziek, identifikatu ez arren, beste inori baino gehiago begiratzen diote, bere pausua sosegatua ez delako edo sosegatuegia delako. Bere bihotz barruan betirako kondenatu bat dago”, idatzi zuen Joseba Sarrionandiak Hau da ene ondasun guzia poema bilduman. Urte asko preso igaro ostean jendartera egokitzea ez da uste bezain erraza izaten.

"Lehen egunean jende asko besarkatzen duzu, baina ez dakizu nor den ere. Hurrengo egunean aurpegiez ere ez zara gogoratzen", dio Begoña Uzkudunek. (Arg: Dani Blanco)
“Gizartera berriro ere egokitzea urtebete inguruan lortzen dute denbora asko espetxean pasatu duten preso ohiek, baina badaude inoiz lortzen ez dutenak ere, bere buruaz beste egin duenik ere bada”, adierazi du Krispin Batiz psikiatrak. Begoña Uzkudun errezildarra, Juanra Rojo irundarra eta Jon Agirre aramaioarra jada egokituta dauden preso ohiak dira, edo hori lortzeko bidean dira bederen. Hala ere, espetxeko ohiturak aldatu eta horiei aurre egiteak lana eskatzen diela aitortu dute. “Jendea aztertzen duzu kalean, kartzelan hori egiten ikasten duzulako. Espetxea mundu txiki bat bezalakoa da, eta aztertzea ez da hain konplikatua, kalean, aldiz, gehiegizkoa da”, adierazi du 21 urte espetxean pasatu ostean martxoan atera zen Juanra Rojok. 
 
Ez dute Estatuaren aldetik oztopo handirik izan. Jarraipenak bai, maiz. Uzkudunek, esaterako, lanera bidean sentitzen du hori gehien: “Goizeko ordu txikitan joaten naiz eta askotan auto bat izaten dut atzean, presionatu egin nahi gaituzte”. Batiz psikiatrak ezagutu dituen kasu askotan pasatu da hori: “Gainera, jarraika dituztela sentitzea da polizien asmoa, nahita egiten dute”. Preso ohiek “mamuak” leku guztietan ikusten dituztela uste du, eta askotan badaudela ere bai. Batizi garrantzitsua iruditzen zaio espetxetik irten aurretik prestatzen hastea. Duela urte batzuk presoekin egoteko aukera izaten zuten psikiatrek, eta prozesu hori lantzen zuten, jarraipena egiten zieten, baina egun ez da hain erraza izaten, presondegiak mugak jartzen baititu. “Garai hartako presoak errazago egokitzen ziren geroagokoak baino”. Horregatik, psikiatrekin egon ez arren, bakoitzak lanketa hori egin beharko lukeela uste du berak. 
 
Hiru preso ohiek oso ongi oroitzen dute espetxetik irten ziren eguna. “Desio duzun eguna da”, dio Rojok. Hiru hilabete pasatu zituzten epaileek Rojori Parot doktrina ezarri ala ez erabakitzen. Azkenean martxoaren 8an irten zen kalera. Eguerdiko 12:00etan patioan zegoen eta funtzionario batek beregana joateko esan zion. Presoak pentsatu zuen modulu aldaketaren bat-edo jakinarazteko zela. Eta honela esan zion naturaltasun osoz: “Rojo zure askatasuna heldu da, igo eta gauzak jaso behar dituzu berehala”. Beretzat izugarria izan zela oroitzen du. “Hamarkadak daramatzazu horren zain eta hamar minututan bizitza erabat aldatzen zaizu. Zurbil geratzen zara une horretan, ez duzu sinesten, begietara begiratzen diozu funtzionarioari esandakoa berresteko esperantzaz”. Buelta erdia eman zuenean kideak paseatzen ari zirela ikusi zuen, ez zuten elkarrizketa entzun, eurengana joan eta bazihoala esan zien. Emozioz betetako unea izan zela nabarmendu du, elkar besarkatu zuten eta agurtzea ere zaila izan zela ziurtatu du. Atea pasatu, sinatu eta irten zen. “Sentsazio ezberdina zen, airea ere zen desberdina”. 
 
Jon Agirrek sentsazio bera izan zuen irtetean, espetxeak bat-batean ez zuela barruan nahi, “ahal bezain laster” bota nahi zuela. Parot doktrina ezarri zioten. 30 urteren ostean esan zioten hurrengo goizean irtengo zela. Ez zioten gosaririk eman eta alde egiteko esan zioten. 
 
Denentzat da “zirraragarria” lehenengo egun hori, urteetan zehar itxarondako eguna. Uzkudunentzat ere egun “ederra” izan zen. Desio zuena anaia bisitatzea zen; istripu baten ondorioz ibili ezinik geratu zen, eta lehenengo lana hori izan zen, bera ikustea: “Gogo izugarria nuen. Amesten duzun eguna da. Jende asko besarkatzen duzu, baina ez dakizu nor den. Hurrengo egunean aurpegiez ere ez zara gogoratzen”. 
 
Baina askatasuna “gazi gozoa” dela nabarmendu dute, hasierako une horietan espetxean daudenekin gogoratzen direlako. “Kanpoan zaude, baina hain duzu gertu barruan bizitakoa… Bi sentsazio nahasten dira”, azaldu du Uzkudunek.
 
Hasieran babesa ugari, gero ordea gutxiago
Lehenengo egunak maitasunez oroitzen badituzte ere egoera nolabait “artifiziala” dela nabarmendu du Batiz psikiatrak, eta egun horien ostean egoera zaildu egiten dela. “Lehen egunen ostean oso gaizki pasatzen dute presoek, gauza atsegina dela pentsatzen dute herritarrek, baina beraientzako oso gogorra izaten da. Hortik jaistea asko kostatzen zaie”. Hasierako hilabeteetan babesa sentitu dezaketela dio, baina ez direla harreman sendoak. Hilabeteak pasatu ostean arazoak hasten direla ziurtatu du. Eta horri aurre egiteko garrantzitsua deritzo inguruan senide eta lagunen babesa izatea. 
 
Hiru preso ohiek ere ingurukoen laguntza beharrezkoa dela uste dute, eta bat datoz psikiatraren iritziarekin: hasieran, espetxetik irtetean jende asko hurbiltzen bazaie ere, gerora hutsunea sentitzen dute, herritarrek eguneroko bizitzari ekiten diotelako eta eurak ez dakitelako bizitza horretan nola murgildu. Lagunei deitzea, esaterako, zaila egiten zaie, euren ohiturak ezagutzen ez dituztelako. Gurasoen edo senideen etxean ere askotan arrotzak sentitzen dira. Eta berriz hasi behar dira harremanak egiten.
 
Begoña Uzkudunek zazpi urte daramatza kalean, kartzelan 17 urte eta erdi egin ostean. Atxilotu zutenean bi urteko alaba zuen, irten zenean 19 urteko gaztea zena, eta salto hori ez da pentsa litekeen bezain samurra. Etxean ezezaguna zen alabarentzako: “Pentsa zein gaizki pasa zuen gaixoak. Ihintzak nire amari esan zion ea zer egin behar zuen: ‘Amarekin joan behar dut?’, eta nire amak erantzun zion: ‘Zu non sentitzen zara egokien, lasaien?’. Berekin gustura zegoela esan zion, baina ez zekiela nirekin etorri beharko lukeen. ‘Zu hemen gustura sentitzen bazara amak badaki eta hemen egon lasai’, esan zion amonak. Eta orduan lasai geratu zen eta erabakia hartu zuen”. Argi izan zuen hasieratik alabari ezin ziola berekin joatea eskatu, eta atea irekita izango zuela. Harremana poliki-poliki garatzen joan direla dio, ahalegin asko egin dituztela eta egiten jarraituko dutela: “Pentsatzen dut ‘etorriko da eta etortzen denean hemen izango nau’. Beti izan dut bera buruan. Orain gertu bizi naiz”. 
 
Harreman hori da espetxeko egonaldiaren ostean Uzkuduni gehien inporta izan zaiona. Baina hasierako hilabeteetan bikotearen beharra eta garrantzia nolakoa izan zen ere azaldu du. “Nire bastoia zen, nire segurua”. Etxetik irtetean nora joan behar zuen pentsatzen zuen Uzkudunek eta zuzenean hara joaten zen, ingurukoei erreparatu gabe, “patioan bezala”. Bikotekideak lagundu zion ohitura horiek aldatzen. 
 
Etxean lo egitea ere hasieran zaila dela diote. Ohera sartu eta pasilloko iluntasunak segurtasun falta sortzen die, eta Rojok, esate baterako, atea giltzarekin itxi behar izaten zuen lasai lo egiteko. Ziegan bezala. “Tortura aspaldi gainditu dut. Baina egia da une batzuk daudela zerbait egitean oroitzapenak ekartzen dizkizuna eta segurtasun falta sentitzen duzu. Nire atxiloketa gogorra izan zen, eta etxean lo egiteak hori ekartzen dit gogora, nahi gabe ere”. Hasieran bizipen horiek izatea oso normala dela dio Batizek: “Gehienek izaten dituzte lo egiteko arazoak. Horrez gain, kaleko abiadura ere ikaragarria iruditzen zaie, harrigarria da nola bizi garen eurentzat”.
Rojok, kartzelatik irten eta gutxira hilabete pasatu zuen Bretainian. Iheslaria izan zenean bizi izandako lurraldean. Bikotearekin joan zen. Batizi garrantzitsua iruditzen zaio espetxetik atera ostean denbora batez senideren batekin kanpora joan eta gero bizitza normalari ekitea. Zuzenean lanean hasi edo bizitza normalari heltzea ez da onena izaten psikiatraren arabera. Baina presoek desio izan duten guztia egin nahi izaten dute irten bezain laster.
 
Egoera berriarekin “arduratsu”
ETAko kide ohiak izateagatik babestuak eta baztertuak izan dira. Inguruaren araberakoa izaten omen da hori. Leku batzuetan inguruan duten jendea haietaz lotsatzen dela sumatu dute. Lana bilatzeko ere oztopoak izaten dituzte. Hau da, zigorraren zama gainean daramatela sentitzen dute, zigorra bete ostean ere. 
 
Egungo egoera politikoak ilusioa eragiten die: “Garai berri batean gaude, eta pauso bakoitza kontu handiz eta ongi eman behar dugu, une zirraragarria da, eta kanpoan bizitzeak beste perspektiba bat ematen dizu”, dio Rojok. Atzera begiratzean ETAk duela bi urte hartutako erabakia ekarri du gogora. Rojo espetxean zegoen une horretan: “Momentu pertsonalak oroitzen dituzu, bizi izandakoa. Zure burutik pasatzen dira irudi zehatzak. Laburpen bat. Zuk eta zure aurreko belaunaldiek bizi izandakoa. Puntu horretara heltzeko bizi izan den sufrimendu guztia”. Atzera begiratuta bizitza berreskuratu duela sentitzen du irundarrak eta intentsitatez bizitzen ari da ahal duen oro, ez omen du inoiz pentsatu galdu duen horretan: “Militantzian sartzen zaren lehenengo minututik gainetik kendu duzulako”. 
 
2011ko urriaren 20ko gau hartan ez zuen begirik jo, etorkizunean gertatuko zenaren zirraraz, gertatutakoaz pentsatzen. “Gauza asko ezezagunak dira eta zalantza sortzen dizute kartzelan. Baina herri honek urteetan izan duen esperientzian pentsatzen duzu era berean”. Hurrengo egunean ziega ireki eta kideekin hitz egiteko gogoa sentitu zuen. Negar egin zuten. “Senideei deitzeko beharra sentitu nuen, kalean jendeak zer pentsatu eta sentitzen zuen…”. 
 
Agirrek eta beste preso askok bazekiten ETAk adierazpena egingo zuela. “Gu langileak ginen, buruek erabaki hori hartu zutela jakin genuen eta listo. Merezi izan duen pentsatu izan dut askotan. Haserrea bezalako zerbait ere sentitu nuen orduan”. Baina “errealitatea gogorra” izan arren, onartu egin behar dela dio eta erakundeak erabaki hori hartu bazuen “onena” izango zela.  
 
Biktimez ere hitz egin du Uzkudunek. Nabarmendu du alde desberdinetan daudela eta denek behar dutela “zor zaien errekonozimendua”. “Alde jakinekoei askotan egin izan zaie gorazarre, biktimak soilik ETAk eragindakoak direla irudikatuz” dio preso ohiak. Bere ustez PPren Gobernuaren “tresna” bilakatu dira ordea: “Nik ulertzen dut biktimek senti lezaketen mina, baina minaren adierazpena baino, sigla jakin batzuek gorrotoaren erabilpena indartzen dute”.  
 
Espetxean urteak igaro ostean egoera berrira egokitzeko konbentzimenduarekin irtetea beharrezkotzat jo dute elkarrizketatuek, baita preso ohiekin elkartu eta esperientziak partekatzea ere. Ilusioz bizi dute une bakoitza, egun bakoitzari “zukua atera” nahi diote, baina gizartea erabat aldatu da eta Agirreri, adibidez, horrek asko eragin dio: “Bi urte eta erdi daramatzat kalean eta sekulakoak galdu dira denbora honetan. Txarrera, gainera”, kritikatu du. Gazteen jarrerak haserretzen du gehien, indibidualistak direla dio:  “Guk bizitza osoa pasatu dugu lanean, eta 20 urteko gazteak auto izugarriekin ikusten ditut. Herri mugimenduei dirua emateko ez dute gazteek, baina kontsumitzeko bai”.
 
Euskal Herriak “herri gisa” izan duen jarreran sinetsi eta etorkizuna kalean bizitzeko gogotsu daude. Hala ere, barruan geratutako presoez uneoro akordatzen dira eta badakite haiek irten artean ez direla lasai egongo. Rojo Hendaiako hondartzara joan zen espetxea utzi eta denbora gutxira, hanketan hondarra eta ura sentitzea izugarria egin ei zitzaion: “Askotan espetxean begiak itxi eta imajinatu egiten nuen, ia usaintzeraino heltzen nintzen. Olatua hautsi eta hanken azpian hondarra urak nola eramaten duen sentitu nahi nuen. Askatasunarekin lotzen duzu. Negargura izan nuen, hunkigarria da. Hemen nago pentsatu nuen, atera naiz, sistema gainditu dut, irabazle sentitu nintzen. Baina itsasoaren sakontasunera begiratzen nuen neurrian barruan zeudenez oroitu nintzen eta pentsatu nuen horiek guztiak irten arte gure borrokak jarraituko duela”.
Juankar Ioldi Harrera Elkarteko lehendakari ordea eta Jon Ugarte koordinazio lanetako arduraduna:
“Erronka honek gizarte osoarena izan behar du”
“Preso ohiak garelako konturatu ginen presoak kartzelatik irtetean edo erbesteratuak itzultzean, askotan, senide eta lagunen babesa besterik ez zutela. Beste batzuk ezta hori ere”, dago idatzita Harrera Elkartearen webgunean.

Zergatik sortu zenuten Harrera? Zein behar ikusi zenuten?

Hastapenetan preso ohiek egindako hausnarketa baten ondorio da. Espetxealdia pasatzen dugu baina itzuli egiten gara, bakoitza bere herrira itzultzen da eta testuinguru horretan normalean gizarte berri horretara egokitzea konplikatua da. Gizartea aldatu egin da, eta presoaren egokitze prozesuan zailtasunak agerian geratzen dira. 
Preso asko izan dira Euskal Herrian, 13.000 inguru azken 50 urteetan. Gehiengo batek lehenago edo beranduago egokitzea lortzen du, baina konturatu ginen batzuk ez direla behar bezala egokitzen. Horiei begira egin zen hausnarketa. Itzuli ezinik ibiltzen denari gure elkartasuna, gure laguntza nola bideratu pentsatzetik. 

Zein egoeratan izaten dira espetxetik irtetean?

Pertsona bat mundu bat da. Batzuk ikasketa tituluarekin irteten dira, gehiengoa ez. Beraz, atxilotuak izan ziren unean zuten formazio bera dute irtetean. Hasieran bizi pozarekin irteten dira, dena xurgatzen saiatzen dira, eta hilabeteak azkar pasatzen dira. Baina jendea ohitzen denean zu ikusteaz, bakoitza bere lekura itzultzen da eta preso ohiak hutsune nabaria sentitzen du. 

Zehazki zein esparrutan laguntzen diozue preso ohiari?

Norbanakoaren egoeraren araberakoa izaten da. Preso ohia umezurtza da gizarte berriaren aurrean. Elkartearen ezaugarri nagusietako bat asistentziala da. Ez gara eztabaida politikoan sartzen, horretarako badira herri honetan tresna ugari, dituzten beharrei erantzuten diegu soilik. Arlo administratibo eta juridikoan laguntzen diegu, osasunari dagokionez izaten dituzten arazoei irtenbidea bilatzen, etxearen premia daukaten preso ohiei bizileku bat eskaintzen diegu, eta formazioan eta lan munduan ere laguntza eskaintzen diegu. Espetxean lagunen edo senideen menpe egoten dira, eta kanpoan beren kabuz bizi nahi izaten dute, bestela frustrazioa eragiten die.

Zenbat pertsona daude laguntza beharrean?

Azken bi urteetan 200etik gora izan dira kaleratuak, %40a behin behineko egoeran eta epaiketaren zain, horrek suposatzen duen guztiarekin. Alegia, berriro espetxeratu ditzakete. Bestalde, hauetatik 65 lagun ditugu lan beharrean, ekonomikoki egoera zailean. Laster 197/2006 doktrina ezarri zitzaien kideak kaleratuko dituzte. Alegia, 68 lagun inguru soslai jakin bereziarekin: 25 urtetik gorako espetxealdia burututa eta 50-55 urtetik gorakoak. Lan munduan integratzeko zailtasun handiak izango dituzte. Azkenik, datozen 4-5 urtetan 25-30 kide jubilatzeko adinean izango dira eta 316 euro inguru baino ez dituzte kobratuko. Eta horrekin biziraun behar. 

Herritarrek nola lagundu dezakete?

Erronka honek gizarte osoarena izan behar du eta denek lagundu behar dugu aurrera egiten. Guk eginkizun argia dugu eta Harrerako bazkide izatea ekarpen handia litzateke jada, egoera ekonomiko zailak bideratzeko eta arintzeko erabiltzen da bazkideen ekarpena. Nahi duenak, gure webgunean aurkituko du egiten dugun lanaren informazio zabala.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal preso politikoak
26 urteko espetxealdia atzean utzita aske da Iñaki Garces otxandiarra

Astelehenean jakinarazi du albistea Etxerat elkarteak. Otxandioko preso politikoa baldintzapeko askatasunean zegoen 2023ko martxoaz geroztik.


Euskal preso eta iheslari politikoen aldeko jaialdia egingo dute Ezpeletan larunbatean

Kontzertuen bidez euskal preso eta iheslariak laguntzea da xedea. Aurten, Rakatapunk, Xutik eta Esne Beltza dira egitarauan.


2024-01-15 | ARGIA
Espetxe politikan salbuespeneko arauak desagertzeko exijitu dute 68.000 lagunek Bilbon

Hamarnaka mila lagunek Bilboko kaleak bete dituzte larunbatean, euskal preso politikoen eskubideak betearazteko eskatzeko manifestazioan. Sarek gogorarazi du ez direla pribilegioak eskatzen ari eta azpimarratu du “euskal gizarte pluralaren ahalegina” ezinbestekoa... [+]


Eguneraketa berriak daude