argia.eus
INPRIMATU
Erredukzionismoa

Edu Zelaieta Anta 2013ko urriaren 31

Kexu dabil jendea kalean, udazkena dela eta. Gero eta urrutiago ditugu iragan udako eguzki bero eta luze haiek. Heldu den urtera arte itxoin beharko dute hondartzek lehorrekoon bisita mukurutua berriz jasotzeko. Kexu dabil jendea, hemengo eguraldia kaskarra delako berez, petrala. Uda soilik maite dugu, nonbait. Iduri du udako eguraldia nahiko genukeela urte osorako: gainerako hiru urtaroak aise ezabatuko genituzke era plesbizitario batez, demokraziaren logika naturalaz.

Erredukzionismoa praktikatzeko garai egokiak ditugu, bistan denez. Murrizketen giroa, baina, barren-barrenean daramagu, ez sakeletan bakarrik: musika mota jakin bat nagusi irratietan, literatura konkretu bat ageri erakusleihotan, programen arteko elkarren kopia telebistetan...

Eguraldiarekin gertatzen den erredukzionismo ariketa antzekoa egiten dugu munduaren zabalarekin: planetako dibertsitatearen hiru laurdenak soberan ditugu egiazki. “Mundu bat, urtaro bat, kultura bat” olatu kosmopolita aspaldi ari da gure hondartzak bustitzen. Moldatzen. Murrizten.