Harrizko herri hau

  • Agurain ez dago dagoen tokian kasualitatez. Nor ez da noizbait Aguraindik pasa? Iruñera bidean, Bilbora doala, edo etxera bueltan. Ez dago Aguraina propio joan beharrik, non dagoen jakiteko. Agurainen ez da biderik bukatzen, bera dago bidean. Ez dago ezkutuan hurbiltzerik. Beti begira, beti zelatan, beti zain, ortzi-mugan norbait ikusten duenetik bere harrizko besarkadan estutzeko bezainbeste gerturatzen den arte.

Erregearen Ataria kalea, gure bidearen abiapuntua. (Arg: Pedro Tapias/ Baskimagen)
Erregearen Ataria kalea, gure bidearen abiapuntua. (Arg: Pedro Tapias/ Baskimagen)
Artzainak eta ehiztariak, Nafarroa zein Gaztelako erresumek bidalitako gerlariak, kontrabandistak eta aduaneroak, merkatari eta erromesak. Guztiek ikusi dute Agurain lautadan sartzean eta guztiak ikusi ditu Agurainek, gerturatu ahala. Horregatik dago Agurain dagoen tokian. 
 
Duela 5.000 urte abeltzainak arabar ekialdeko lautadako muinotik pasatzen ziren, abereak udako mendi-larreetatik neguko larre lauetara eramateko. Agurain inguruan eraikitako trikuharriak dauden lurralde beretik. Urteen eta mendeen joan-etorriak basoak larre eta soro bihurtu zituen eta larre eta soro haien artean marraztu zuten erromatarrek Bordeletik Astorgara eraikitako bidea, Iter XXXIV galtzada. Galtzada zahar haren harriak hartzen dituzte oraindik ere hankapean San Adriango tuneletik, Santiagora bidean, Aguraindik pasatzea aukeratzen duten erromesek. 
 
Erregearen plana 
Baina Agurain ez da beti harrizkoa izan. 1200. urtera arte Nafarroa izana, Gaztelako erresuma Agurainen jabe egin zen urte hartan. Laster jabetu zen Alfonso X.a Jakintsua Donostiara bidean beste geltoki bat behar zuela eta 1256. urtean hiribildu forua eman eta Hagurahin herrixka Salvatierra bihurtu zuen. Ordukoa da herrian sartzeko zeharkatu beharreko harresia, eta ordukoak horretarako dauden zazpi ateak. Bisita, erregeak bezalaxe, Erregearen Ataritik sartuta has dezakegu. Lurrak ilargia bezala, San Juan enparantzako gotor eliza erraldoiak plazara erakarriko gaitu. Haren XV-XVI. mendeetako horma sendoek eta leiho estu eta urriek argi erakusten dute eliza ez zela meza entzuteko bakarrik erabiltzen. 
 
Elizaren parean, ezkerreko kaletik gora segitzen duen arkupe handi ilara luze bat ikusiko dugu, eta haren ondoan beste bi kale. Gaztelako erregeak Kantauriko portuetarako bidea, txirrindulari lasterketa bat balitz bezala, gurdiz egun bakar batean egin zitezkeen etapetan banatu zuen. Guardia, Vitoria, Segura, Villafranca, Salvatierra… Izen propagandistikoaz gainera, herri horietako askok egituran ere badute elkarren antza: herriaren alde banatan egon ohi diren elizen parean elkar aurkitzen duten kale luzeek osatzen dituzte. 
Hiru kale daude Agurainen. Erdikoa, Nagusia. Gurdian pasatzeko adinako zabalera du, eta bertan daude herriko etxe dotoreenak. Ezkerrekoa Zapatari kalea da, eta eskumakoa berriz, Harategien kalea. Azkeneko horretatik gora abiatu aurretik, elizaren bestaldean, harrizko koxkahandi batzuen atzean dagoen auzunean erreparatu dezakegu. Ez da akaso begira egoteko ikusgarria, baina aguraindarrok Urdai Gutxi izenez ezagutzen dugu herriko txoko hori. Hori zen Aguraingo judutarren auzoa, eta bertan dago harresiaren beste zazpi ateetako bat. Erregea bezala sartu, eta judutar bat bezala aterata, harresiaren inguruan bi kilometroko osteratxo polita eman daiteke, atzera Erregearen atarian azaldu arte.
 
Harategien kalea 
Jende eta kotxe gutxi ibili ohi da Harategien kalean, eta bukaera arte ez dago ez taberna ez dendarik. Zenbait txokotan mende batzuk atzera egin dela imajinatzea ez da zaila. Kalearen hasiera enparantza bat da berez, herriko besteak bezala, foruarekin lortu zuen azoka ospatzeko baimena baliatzeko erabilia garai batean. Baina kalean behera abiatu orduko, harrizko hormek estu hartuko gaituzte. Eskumatara, lekaimeen komentu erraldoia. Ate gainean herriko armarriaren alerik zaharrenetakoa duela. Beheraxeago, kantoira iritsi aurreko azkeneko etxea, Alargunena. Hori da Agurainen dagoen eraikin zibilik zaharrena, 1564. urteko sutea baino lehenagokoa baita. Bideak ez zituen merkatari eta erromesak bakarrik ekarri: urte hartan 600 lagun baino gehiago hil omen zituen izurrite beltzak. Eta suak, akaso, izurrite beltza hil zuen. Alargunen etxea omen zen ordura arte Agurainen zegoen harrizko etxe bakarra, eta horregatik iraun omen zuen zutik. Sutearen ondoren, ordea, harrizko harresiak behera egin zuen, suak erretako egurrezko etxeen lekuetan harrizko etxeak eraiki ahala. Horien artean, plazara iritsi aurretik ikus daitekeen hamarrenak jasotzeko etxea. Armarri txikiko hiru galburuek salatuko dute. 
 
Iparraldeko atea
Konturatzerako kaleak elkarrarazten dituen beste gotor eliza izango dugu begien bistan, eta guri begira. San Juanena bezalaxe, Santa Mariaren hau ere XVI. mendeko eliza gotikoa da. Eliza-atarira sartu gabe, eskuma aldeko paretan ondo begiratuz gero, zerealen azoka ospatzeko prestatuko txokoa ikusiko dugu. Argi ikus daitezke horman izenak, parean zakuak jartzeko prest: trigo, cebada, alolva... Eliza-atariaren ezkerralderantz pausoa luzatuz gero, berriz, Aguraina sartzeko jatorrizko Iparraldeko Bidea ikusi daiteke. 
Iparraldeko hau zen Gipuzkoatik, Aratz eta Aizkorri mendien artean dagoen San Adriango tunela zeharkatuz zetozen erromesek herrira sartzeko erabiltzen zutena, eta dutena. Haien bideari jarraituz, Azkarragatarren etxe dotorearekin egingo dugu topo lehenengo, eta armarri handi eta landuak dituzten etxe mordoxka batekin Kale Nagusian aurrera egin ahala, berriz ere San Joan plazara hurbilduz.  
 
Agurainen, olbeak
Olbeak. Oholbeak. Izen hori hartzen dute Agurainen etxeen arkupeek. Euskal Telebistan eguraldiaren iragarpena ikusi ohi duenak ongi daki neguak hotzak izaten direla hemen, baina Ekik ere ederki berotzen gaituela udan. Azoka egiteko eraiki zituzten aguraindarrek lehenengo olbeak.
 
Olbea bezala, asko dira Agurainen euskaraz gorde diren hitzak. Sarda eta eskuara erabiltzen dituzte esaterako, aguraindar erdaldunenek ere, belarretara joateko. 
 
Herriko jira bukatzear, kaleetan barrena ibili den bisitaria jabetuko zen jada aguraindarron euskaraz bizitzeko gogoarekin. Agurain Euskal Herriko beste herriren batekin alderatu beharrean duela 50 urteko Agurainekin alderatu duenak, argi ikusiko du zenbat egin duen aurrera gure hizkuntzak gure herrian. XX. mendea bertako euskal hiztunik gabe hasi zuen herriak, eta gaur egun %50 euskalduna edo ia euskalduna da. 
 
Arrautza bat zapata artean
Olbean gora Zapatari kalean abiatu eta segituan egingo dugu topo eraikin gorrixka dotorearekin. Ez dago Aguraingo Udaletxea arrautza bat bezala baina hobeto deskribatzerik. Barruan XIII. mendeko gorringoa duen arrautza-azala da udaletxea. San Martingo eliza zaharra babesten duen oskola. 
 
Eliza horren atarian ospatu ziren Hagurahin zaharreko lehen bilerak, eta bere hormen kontra eraiki kartzela, biltegi eta bestelakoak, XIX. mendean eliza eta inguruko gehigarri guztiak teilatu bakarrarekin estali ziren arte. Duela urte gutxi batzuk eraberritua, merezi du benetan bisita egitea, eta horretarako nahikoa da Kale Nagusian dagoen turismo bulegoan aukeren berri galdetzea. Bisita bukatzeko modurik onena? Harrizko herria ezagutu eta gero, aguraindarrekin nahastu eta tragoxka bat hartzea.
 
Ordura arte! 

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Araba
Nola obedituko diot eroari

1997. Aguraingo Intsumiso Eguna. Antimilitarismoak milaka lagun biltzen zituen bere ekimenetan, artxibotik berreskuratu dugun argazki honetan ikusten den moduan. Aurten 30 urte beteko dira Intsumiso Eguna ospatzen hasi zirela.


Abalak behar dira Gasteizko Kulturgune euskaltzalea martxan jartzeko

Kulturgune euskaltzalea martxan jartzeko eskaera bikoitza egin nahi du Lazarraga Kultur Elkarteak. Izaskun Arrue Kulturguneak oraindik ezin ditu bere ateak ireki, urte eta erdi pasa ondoren publikoki irekitzeko moduan zegoela adierazi zenetik.


Natasha Rueda, Gasteizen euskaldundua:
"Euskarak duen traba nagusietako bat da ikasteagatik dirutza ordaindu behar izatea"

Astelehen iluntzean ibili da 23. Korrika Gasteizko kaleetan zehar, eta euskaltzaleek hiria aldarriz bete dute. Bertan izan da Natasha Rueda ere, eta prestaketa lanetan zebilela hitz egin dugu berarekin. Kolonbiarra jatorriz, Gasteizen bizi da duela 25 urtetik; Korrika pasa dela... [+]


Euneiz unibertsitate pribatuaren proiekturako egindako "zuhaitz mozketa masiboa" salatu du Elkarrekin Arabak

David Rodriguez bozeramaileak ohartarazi duenez, jarduerak “eragin larria izango du Salburuako hezeguneetan, bertako floran eta faunan”.


Eguneraketa berriak daude