Hostoa eta orria. Hizkuntza kontuetan iaioa den Markel bat badut lagun, Saldiasen. Eta, lehengo asteko idatziaren arrastoan, berak esana dit filologoen araberako “hosto” hitzaren etimologia. Hosto guztien amama orria, “orri” hitza omen. Orri txiki esateko, “-sto” atzizki txikigarria eransten zaio, “orri” + “sto” da hostoren ama.
1973ko apirilaren 30ean, honela idatzi zuen Imanol Berriatuak Anaitasuna aldizkariko 254. zenbakian, Ikasi zeure hizkuntza ataleko hiztegian: “HORRIALDE, página, page. (Armendaritzek berba hau H-z idazten du, hosto hitzak H duelako. Hosto hitza –Oihenarteren horsto eta Kandido Izagirrek Oñati inguruan jasotako ostro lekuko– horri-ren diminutibotzat har daiteke, horristo alegia, errekasto eta idisko bezala)”.
“Horsto” ez dut inoiz aditu. “Hostro”, bai, entzun izan dut. Sekula entzun gabea nuena “luma” da, pinu orriari “pinu luma” deitzea, alegia. Goierriko Telleriarteko Egizearreko Asierrek esan dit, hark ere lehengo astekoaren uberan. Inaurkinetarako garoa ebaki eta bere horretan utzi, eta gero, ilargialdi batera edo, pinu lumez estalita, inaurkin gehiago eta gozoagoa metaratzeko ohitura dute.
Beste luma bat ere agertzen da lehentxeago aipatu dudan Anaitasuna-ren zenbaki horretan. Idazle batek bertan jasan zuen zentsura salatzen du eskutitz luze batean, eta tartean hau dio: “Zeren zuen errebista horretan egin zaidana bezalako zentsura bezalakorik ez baitu orain artean egundo neure lumaren zorroztasunak ezagutu. Artikulu ongi landuak, poesia koadratuak, atzera bota zaizkit”. Horrela adierazten du, gordin asko, idazleak pairatu duena. Baso bat du abizen poetak. Orbel ederraz gain, zur bikaina eta bi fruitu, behinik, ematen dituen zuhaitzen basoa. Ezkurra eta kuskuilua edo kuku sagarra. Hirugarren fruitua ere ematen du bai baso horrek: “poesia koadratuak”.
Haritzezkoa da basoa, eta bera Gabriel, Gabriel Aresti. Arestiren orrialdeen basoak hostaila bikaina du. Hostotza, orritza, hostrotza, berdetza eta mastratza mardul horrek orbel eta inaurkin ezin hobea ematen du. Azpi gozoko oheetarako...