Nola egokitu ordu aldaketara?

Salvador Daliren memoriaren persistentzia koadroa
Salvador Daliren memoriaren persistentzia koadroa
Zenbait herrialdetan ohitura da ordua aldatzea, energia aurrezteko intentzioarekin –arrazoi ekonomikoek eraginda, beraz– edo urte-sasoi berri bati ekiterakoan ordutegi naturala egokitu eta aldatzeko, besterik gabe. Baina pertsona batek kontinente batetik bestera bidaiatzen duenean ere ordutegi aldaketa gertatzen da, eta horrek pertsonaren ziklo biologikoei erasaten die. Azken fenomeno horri “jet lag” edo ordu-eremuen sindromea esaten zaio.
 
Neurologoek, fisiologoek eta gainerako adituek diotenez, gure gorputzak denbora puska bat behar izaten du edozein arrazoi dela medio gertatutako ordu aldaketetara egokitzeko: egun bakarra batzuetan, baina kasurik gogorrenetan bost egun ere behar izaten dira. Eta zenbaitetan egokitzapen-prozesu hori oharkabean pasatzen bada ere, badira honako sintomak  izaten dituzten pertsonak: ondoeza orokorra; nekea, errendimendu eskasagoa lanean; ezertarako gogorik ez edukitzea; suminkortasuna, loezina edo insomnioa; kontzentrazio, arreta edo memoria arazoak; aldartearen aldaketak, depresioa; trastorno digestiboak, apetitua egunez gutxitu eta gauez gehitzea...
 
Sintomak zorrotzagoak izan ohi dira umeengan eta adineko pertsonengan, eta trastorno neurologikoak –migraina edo epilepsia, usuenak aipatzearren– jasaten dituztenek okerrago eta modu indartsuagoan pasatuko dute egokitzapen garai hori.
Sinkronizatu zure barruko erlojua
Gure barruko erloju biologikoa ordu aldaketara egokitu dadin, adituek hurrengo ohar eta jarraibideak betetzea aholkatzen dute: 
  • Ordua aldatzea tokatzen den asteburua baino egun batzuk lehenago, gure ohiko errutinak, elikadurarekin eta loarekin lotuak daudenak bereziki, egunero hamar bat minutu aurreratuz joatea komeni da. 
  • Aldaketaren hurrengo hiru egunetan, berriz, egizu lo gauez, eta siestarik ez egin logura edo lozorroa eduki arren, loaldiaren zikloen alterazioak eta nekea saihesteko. 
  • Argi naturalaren pean jartzea eta goizean goiz ariketa fisikoa egitea ere oso mesedegarriak gertatzen dira gure gorputzaren adaptazioa errazteko. 
  • Hidratazio egokiak nekea arindu eta gogorik eza murrizten du.
Nork bere erara bizi du
Dena den, beste edozein aldaketarekin gertatzen den bezala, sintomak eta erreakzioak oso diferenteak dira pertsona batetik bestera, hala nola aldaketa horrek gure eguneroko bizimoduan ekar ditzakeen eraginak ere, ordu aldaketaren endredoa ez baita maila berekoa lanbide mota guztietan, ezta adin guztietan, ezta gizarteko egoera guztietan ere.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osasuna
Psikologo gutxiago indarkeria matxisten biktimak artatzeko

Bizkaiko Foru Aldundiko Emakumeak Babesteko eta Familiei Laguntzeko zerbitzuan, lau psikologotik hiru kendu dituzte. Are gehiago, langileek salatu dute indarkeria matxistaren biktimak artatzeko plan berriak emakume ugari uzten dituela kanpoan.


Irati Unamunzaga eta Jon Arriaga. Dolu perinatala
"Mina ez da tapatu behar; bizi egin behar da, aurrera egiteko"

Iaz, irailaren 9an, jaio eta egun gutxira zendu zen Irati Unamunzagaren eta Jon Arriagaren umea, Nare. Haurdunalditik beretik, bidearen gazi-gozoak konpartitu dituzte ingurukoekin, naturaltasunez, eta dolu perinatalaren prozesuarekin beste pauso bat egitea erabaki dute:... [+]


2024-04-05 | ARGIA
Hegazti gripea behitegietara zabaltzen ari da AEBetan

Hegazti gripea behien ganadutegietara ari da zabaltzen AEBetan eta kezka iturri da, gutxienez pertsona bat ere kutsatu delako. Bitartean, oilategietan gripeak sorturiko kalteen ondorioz arrautzen prezioa gorantz doa etengabe.


Eguneraketa berriak daude