Maskara eman

New Yorken sortutako Guerrilla Girls kolektibo artistiko feministaren atzera begirakoa dago ikusgai Bilboko Alhondigan. 1985etik hona artearen munduan ematen den emakumeen kontrako diskriminazioa salatzen jardun izan dira gerrilla kideak, museoetan paratzen dituzten gizon-emakume artisten obren presentziari buruzko datu estatistikoak plazaratuz eta bazterketa praktikatzen duten zentroetako arduradunak izen abizenez seinalatuz. Kartelak eta posterrak itsasten dituzte hirian, nortasuna ezkutatu eta hildako emakume artisten ezizenez identifikatu. Edonola ere, benetako sona gorila maskarekin azaltzeak eman die, eta noski, maskarek eragiten duten inpaktuak izan du zerikusia beren ekintzen oihartzunean. Ez alferrik gorilaren mozorroak femeninotasunaren irudi normatiboa kordokatzen du lehen begi kolpean. Maskaren eta feminismoaren uztartzearen baliagarritasuna erakutsi du, halaber, Pussy Riot talde feminista punk errusiarrak. Aurpegiak kolore biziko buru-berokiz estaliz mundu mailako sona lortu zuten 2012ko otsailean Moskuko Kristo Salbatzailea katedralera sartu eta gitarrei eraginez ama birjinari orazio bat kantatu ziotenean, zertarako eta, Vladimir Putin eta eliza ortodoxoaren arteko harremanak salatzeko.

Duela hilabete pasa bururatu nuen azkenekoz maskara bat. Donostiako Egia auzoko Porrontxo jaien baitan Poemaskarada ospatu genuen lutxa libre mexikarreko maskarak jantzita eta gizakiz osatutako ringean poemak errezitatu genituen. Piztia poetikoak askatzeko saiakera izan zen, gidari izan genuen Ion Olano Carlos sortzaile lagunaren hitzetan. “Aurpegia estalita, askeago sentitu nintzen barrenak biluzteko”, aitortuko zidan beranduago. Niri ere barrenak mugitu zizkidan maskarak. Ni oldartsuago bat ernai zitzaidan. Virginie Despentesek Teoria King Kong entseguan aipatzen zuen antz gehiago duela King Kongekin Kate Moss-ekin baino. Alderdi basak oihu egiten dio emakumetasun pasiboari. Beharrezko zaigu ariketa hori derrigorrean, genero eraikuntzaren aldamioa desmuntatzearen praktika kontzientea eginagatik, hainbat jarrera irakatsik gugan baitiraute. Maskarak gogorarazi zidan domatzea lortu ez duten basakeria dudala barruan. Gogorarazi zidan nire baitako piztiak gauza asko dituela artean aldarrikatzeko. Kuriosoena da errebeldia hori alderantzizko bidetik bilatu izan dudala. Gardena izatea hobetsi izan dut injustiziei aurre egiterakoan. Gauzak aurrez aurre esateko joera izan dut eta ez ezkutatzekoa, berdin ekintza pertsonal zein kolektiboetan, maskara gabeko estrategiez ia beti. Alta, maskararekin izan nuen sentipenari erakusketatik erreskatatutako hitzok gehitzen zaizkio: “Prentsak beti izan du gogoa gorilen mozorroak daramatzaten feministekiko eta feministei buruz hitz egiteko. Elkarrizketa asko egiten ditugu idatzizko hedabideentzat, irrati eta telebistentzat, eta beti joaten gara oihaneko jantziaz goitik behera atonduta. Ezin duzu imajinatu ere egin zer esan dezakezun gorila-mozorroa jantzita daramazunean”. Horixe bera. Eta gehiago. Aldarri egin nahi duen errebeldea zailago da identifikatzen maskarapean. Eta garrantzitsuago, arerioei maskarak ez die uzten gure malkoak ikusten, ezta erresistitzeak tarteka dakarren keinu samina ere. Animalia otzan nahi gaituzten garaiotan maskarak pizten du piztia. Errebeldia eta poetikotasuna, biak artez batzen dituen Liliana Felipek honela dio: “Beldur digute beldurrik ez diegulako”. Aurpegia, maskara emanez, ematen dugu basati.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude