Goiz bat Lakshmiren etxean

  • Mari Artanok Indiako etxeetara sartu eta bertako emakumeen istorioak ekartzen ditu Sareedunak eta Sareegabeak blogean. Oraingoan, Euskal Herriarekin lotura duen Lakshmi-reneko atea jo du.


2013ko urriaren 27an

Indiako ohiturak jarraituz, oinetakoak erantzi eta sartu gara etxera Eshana eta ni.
–Namaste.
–Namaste.
Indiako ohiturak ahantziz muxuak eta besarkadak eman dizkie Eshanak etxekoei. Hoztasunez jasotzen dituzte mimoak. “Badakit ez zaiela gehiegi gustatzen, baina nire ohitura da eta onartu egiten dute”.

Eshana kataluniarra da, baina ez da atzerritar arrunta: Indian jaso zuen izena erabiltzen du –“desira” esan nahi du sanskritoz–, eta gutxitan elkartzen da gainontzeko atzerritarrekin; zurien planetatik alde egin eta aterpea bilatu du bere familia indiarrean. Duela sei bat urte iritsi zen Eshana Punera, Gobernuz Kanpoko Erakunde batean lan egitera. Orduan ezagutu zuen familia, GKEko fundatzailearen bitartez. Eta ordutik ia astero bisitatzen ditu. Nik ere ezagutu nahi nuen bere familia indiarra, eta eraman nau azkenean.

Lakshmi da ama, aitarik ez da ageri eta hiru seme-alaba gora eta behera dabiltza. Beno, hirurak ez, seme gazteena kieto dago lurrean, Rangoli bat osatzen ari da etxeko aldare aurrean. Koloretako hareaz zoruan egiten den marrazkia da Rangolia.

Eta iritsi zait kafea, eta galderak egiteko txanda. “Zergatik zuri eta niri bakarrik? Beraiek ez al dute kaferik eta gailetarik nahi, Eshana?”. “Guk gaur barau eguna dugu, Navratri festaren hasiera delako, horregatik ari naiz Rangolia marrazten, eta bederatzi egunez ez gara aulkietan eseriko, zoruan bakarrik”, aldare aurrean marrazten ari den gazteak erantzun dit, Akshay da bera.

Berriketan hasi eta amak seme baten falta duela konturatu naiz. “Eta non da ba?”, “Spain” amak, “Donostian!” Eshanak, “Hara!” nik. Orduan etxeko alaba bakarra, Chandra, koko bat hartu eta hura apaintzen hasi da aldarean, “jainkosaren irudia egingo dut kokoarekin”. Durga jainkosaren omenez ospatzen dituzte egun hauek, eta harrigarria izan da pausoz pauso kokoari Durgaren itxura nola eman dion: lehenengo margotu, gero begiak eta ahoa jarri, gero jantzi, gero belarritakoak… zenbat filigrana, zenbat detaile batzuetan; eta zer nolako soiltasuna besteetan: amak esan digu “jana?”, guk “ez, lasai”, eta amak berriz “ondo da”.

Eta pixkanaka dena kontatu didate: familia Karnataka-tik (India hegoaldeko estatua) etorri zen Punera lan bila. Hemen jaio ziren semeetako bi (lau dira guztira), etxerik ez eta kalean bizi ziren denak. Gizonak edan egiten zuen eta zorrak sortu eta amak familiatik bota egin zuen. Semeetan azkena, Akshay, ttipiegia jaio zen eta ez zuela bizirik iraungo esan zioten. Orduan Uilhas (falta den semea), mutil koskorra, atzerritarren kafetegietara joaten hasi zen, anaiarentzat esnea erosteko diru eskean. Hala, egun batean Uilhasek Juleni eskatu zion dirua. Eta Julenek dirua baino zerbait gehiago eman zion.

Uilhas Donostiara iritsi zenekoa

Julen donostiarra da, eta sarri bidaiatzen zuen Indiara. Kaleko haurren egoerak kolpatuta Asha-Kiran fundazioa sortu zuen 2002an –hau da Eshanak lan egiten duen GKEa–. Eta sasoi horretan ezagutu zuten elkar Julenek eta Uilhasek. Hasteko, Julenek bidaia bat proposatu zion Uilhasi eta eskean ibiltzen ziren beste bi haurri: hondartzara eraman nahi zituen, opor batzuk oparitu nahi zizkien kaleko ume horiei. Lakshmik, amak, ezezko borobila eman arren semea Goa-ra joan zen, itsasoa ezagutzera, eta amak zortzi egun negarrez pasa zituen semea lapurtu ziotela pentsatuz. Baina itzuli zen Uilhas, pozik.

Julen Uilhasen familia laguntzen hasi zen apurka, etxetxo bat, dirua, jatekoa eta lana lor zitzaten. Atzerritarra gero eta sartuago zegoen familian eta orduan egin zuen bigarren proposamena: “Lakshmi, zure semea nirekin eraman nahi dut bizitzera”. Eta amak hasieran ezetz. Baina Uilhasek ere desio zuen eskaintza, kaletik mundu berri batera joatea. Horrela iritsi zen Uilhas Donostiara.
Eta amak zenbat negar, bere semetxoaren faltan… baina sarri etortzen da Uilhas amarenera, urtean bizpahiru aldiz. Eta amak errietan egiten dio zigarroa erretzen duelako, eta errietan egiten dio Juleni ere erretzen uzten diolako. Baina Uilhas pozik dago eta osasuntsu, amak badaki: “Hemen jarraitu izan balu ez luke aurrera egingo, bere lagunak kartzelan daude, edo hiesak jota, edo ez daude…”.

Jaso eta eman

Lakshmik eta bere familiak, beren xumean, ez dute ezeren faltarik: “Lehen ez genuen ezer: ez dirurik, ez etxerik. Nik eraikuntzan egiten nuen lan eta egunean hogeita hamar errupia (0,5 euro baino gutxiago) irabazten nituen asko jota”. Orain etxea dute eta ikasteko lekua ematen die ilobei eta auzoko haurrei etxean. Uilhasek Asha-Kiran fundazioan lan egiten du. Hau ez al da jasotako eskuzabaltasuna ematearen eredua?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: India
Indiako nekazariek hiribururako martxari eutsi diote

Indiako Poliziak bonba negar-eragileak jaurti dizkiete New Delhira bidean diren milaka nekazariei, gobernuak egin dien eskaintzari uko egin ondoren.


Indiako gobernuarekiko kritikoa zen hedabide baten aurka egin du Poliziak

NewsClick ezkerreko hedabidearen sortzaile eta erredaktore burua eta Amit Chakravarty giza baliabideen arduraduna atxilotu ditu Indiako Poliziak, zenbait egoitza eta hainbat kazetariren etxebizitza ere miatu dituzte.


Eguneraketa berriak daude