argia.eus
INPRIMATU
Fagor etxekotresnak
Fagor eta alboko eraginak
Juan Mari Arregi 2013ko urriaren 24a

Mondragon Taldeko Fagor Etxetresnak ordainketak eten eta kiebra jo dezake lau hilabete baino lehen egoera finantzario oso larria konpontzen ez badu. Banku hartzekodunek neurri soziolaboral drastikoak exijituko dituzte Fagor finantzatzen jarraitzeko. Berehalakoan, langileak langabezian geratuko dira. Munduko lehiakideen artean txoko bat egiteko inbertsio zalantzagarriak egin zituen kooperatibak, baina krisiak eraikuntza eta kontsumoa murriztu ditu eta horren ondorioz zor handia pilatu du. Egoera horri aurre egiteko ahaleginak ez dira nahikoa izan. Bankuek ez dute bihotzik enpresa txikiekin eta bazterrean uzten dituzte; baina orain enpresa ikur batekin ausartu dira, eta badirudi zalantzak dituztela Fagor finantzatzen segitzeko.

Kooperatiba hondotik ateratzeko lanean ari diren eragileek kontuan eduki beharko lukete ordainketen etenaldiak edo kiebrak zein alboko eragin izango duen langileengan –5.642 langile munduan barrena ezarritako 13 lantegitan, horietako 1.800 euskaldunak–, bazkideengan, kapital ekarpena egin duten milaka pertsonengan, enpresa hornitzaile ugaritan, eta Arrasate inguruko zerbitzuetan.

Mondragon Korporazioak ardura handia dauka bere langile eta bazkideekiko, baita euskal jendartearekiko ere. Lehenbailehen argitu beharko luke Fagorren egoera, gestio erantzukizunak baleude, horiek garbitu beharko lituzke, eta Fagorren eta talde osoaren etorkizuna zehaztu beharko luke. Zeren eta Eroskiren egoera, adibidez, ez da oso lasaigarria; honek ere inbertsio handiak egin zituen eta orain oso zorpetuta dago. Bai Fagorrek bai Eroskik, euren langile eta bazkideekiko ardura izateaz gain, beste milaka pertsonari ere azalpenak eman behar dizkiete, ehunka milioi euro jarri baitzituzten enpresa horien mantenu eta garapenerako. Inbertsio hori –menpeko ekarpenak– jadanik oso txarto dago, baina erabat galduko litzateke ordainketen etenaldiarekin edo kiebrarekin. Fagor hondotik ateratzea enpresa bat salbatzea baino askoz gehiago litzateke.