argia.eus
INPRIMATU
Pestizidak ardoetan, araurik ez

Joxerra Aizpurua Sarasola 2013ko urriaren 15
Pestizidak ardoetan
Pestizidak ardoetan

Frantziako Kontsumitzaileen Elkarteak 92 ardo beltz, gorri eta zuri aztertu eta guztietan pestizida zantzuak atzeman ditu. Aurkitutako kantitateak txikiak izan dira kasu guztietan, toxikotzat har daitekeen mailatik behera, adierazi dutenez. Baina, aldi berean, gai horren inguruan lege-araurik ez dagoela ohartarazi dute.

Mahats eta fruitu gehienek, kontsumituak izan aurretik, Europak ezarritako Hondakinen Gehienezko Muga (LMR) bete behar dute, baina fruitu horietatik ateratzen diren zukuetarako –ardoak barne– ez dago LMRaren antzekorik.

Mahatsean pestiziden maila kontrolatuta izateak nolabaiteko segurtasuna eman lezake ardoari dagokionez, baina zer gertatzen da egunero edo maiztasunez ardoa edaten bada? Pestiziden metaketak eragin kaltegarriak izan ditzake osasunean? Eta ardoa egiteko mahatsei osagai kimiko artifizialak ezartzen zaizkienean...

Inongo ardoren etiketan ez dugu ikusiko pestiziden edota antzeko substantzien kantitateen berri ematen duen testurik, ez baitago bere kabuz hori neurtzen duen ardogilerik. Egoera horren aurrean ematen diren aholkuak jaki guztientzat ematen direnen antzekoak dira; ardoetara ekarriz, hauxe esango genuke: saiatu leku eta mota desberdinetako ardoak edaten, horrela substantzia zehatz batzuen metaketa ekidingo baitugu.