argia.eus
INPRIMATU
Lampedusa

Amets Arzallus 2013ko urriaren 15

Haltzak ez dü bihotzik ez gaztaberak hezürrik... Lampedusako uretan ito diren etorkinetako inork ez zuen abestuko Supplique pour être enterré sur une plage de Sète, haiek beste hizkuntza bat izango zuten, beste kantari batzuk, baina Brassens zenaren desioa haiek konplituko dute, gure hondartzetan ehortziko ditugu, zientoka hezur eta bihotz.  

Batzuetan pentsamendu gordin bat etortzen zait, zorionekoak ito berriok, gure malkoen ertzeraino iritsi baitzarete azken arnasa ematera, gure begien bistan hil zarete, ez hango lur mutu eta gorraren gainera erori, goseak ala gaitzak edo gerlak kolpaturik, beste hainbeste bezala, azken auhena entzunarazteko beste hurbildu zarete gugana, eta lur agor haietatik jendeak ihes egiten segitzen duela gogorarazi diguzue, guk horren zergatiaz pentsa dezagun istant batez bederen. Eta ez hainbeste integrazioaz.

Lampedusako kostaldera itsasoak odolaren mintzoa dakar, eta Xalbadorrek bere liburuan injustizia makabro horri hitz xuxenak jarri zizkion: “...kolorez beltzak izana gatik, heiek ere ama banak, bertzek bezala sofriturikan, mundu huntarat emanak”.