"Publikoaren begirada beharrezkoa da dantza-lana erabat osatzeko"

  • Bruselan bizi da Jorge Jauregi, dantzari gasteiztarra. Beste askok bezala, Euskal Herria utzi behar izan du bere arloan profesionalki aritzeko. Dantza garaikidearen eremuan kokatzen bada ere, beretzat eszenak ez du arau jakinik espresatzeko garaian.  The Darling Scenes azken lana aurkeztera itzuli da Bilbora. Errealismo basatia eta abstrakzioa batzen ditu lanak.

Zein izan zen zure lehen kontaktua dantzarekin?

Lehen kontaktua ikusle gisa izan nuen, La Fundicion areto zaharrean egiten ziren dantza garaikideko lanak ikusten ari nintzela. Gasteizen ikasle nintzela klaseak hartzen hasi nintzen. Inprobisazio eta kontaktu tekniketan trebatu nintzen. Sorkuntzarako laguntza batzuk jaso nituen eta berehala pieza txikiak egiten hasi nintzen. Zaletu gisa aritu nintzen pare bat urtez lagunekin, eta 2001ean, Damian Muñozek deitu zidan lan baterako [dantzari gasteiztarra berau ere, Bartzelonan eta Milanen bizi da] eta Bartzelonan geratzea erabaki nuen. Orduan hasi nintzen benetan dantzari lanetan. Azkenean Bruselara joatea erabaki nuen, hango Ultima Vez dantza taldeak interesa piztu zidalako. 2009 arte konpainia horretan lan egin dut eta orain bakarlari gisa aritzen naiz. Datorren urtean beraiekin arituko naiz berriro ere, haien azken lana dela eta, biran.

The Darling Scenes bakarlari gisa aurkeztu  duzu. Aurreko lanetan bezala, publikoarekin harreman berezia sortzen duzu. Begiratzen dituzu, seinalatzen dituzu, euren jarrera zeureganatzen duzu. Publikoa probokatzea gustatzen zaizu?

Lotura berezia sortzea maite dut, espazio eszenikotik harago zerbait proiektatzea. Probokatzea baino gehiago, publikoarekin konexioak bilatzen saiatzen naizela esango nuke, ez dut euren presentzia saihesten eta norbait begira badut, jakin behar dut erreala dela. Azken lan honetan bereziki, pertsonaia inguratuta sentitzen da, presentzia hori nabarmena da.

Sor daiteke sortzeagatik ala sorkuntzak beti izan behar du erakusteko xedea?

Beti ari gara sortzen sortzeagatik. Alabaina, batzuetan norabidea edota asmoak argitu behar dituzu, egituratu egin behar duzu egiten ari zarena, baina oinarrian osagai hori dago, sortzea. Erabat baliagarria da sortzea sortzeagatik, azken finean fisikoki lan bera egiten ari zara. Sortzen duzunean sortzeagatik egitea, edo dantzatzen duzunean dantzatzeagatik, erabat zilegi da.

Publikoak beste dimentsio bat ematen dio antzezlanari?

Jakina. Zerbait partekatzea, ikusia izan dadin, horixe da azken helburua. Trukaketa moduko bat sortzen da, eta kanpoko begirada horrek osatuko du egiten ari zarena. Horregatik, garrantzitsua da publikoarekin hitz egitea, haiek gustuko dutena zer den jakitea. Alderik interesgarriena da, kanpoko begirada horrekin antzezlana osatu egiten baita. Sorkuntzaren azken xedea da, egindako lanak bueltan ekarriko duena interesatzen zait bereziki.

The Darling Scenes azken lan honetan, mugimenduaz gain, hitza ere erabiltzen duzu, hainbat joera eszeniko nahasten dituzu.

Bai, lan honetan hainbat erregistro ezberdin dago. Nire ibilbidearen antzekoa da, nahiko heterogeneoa. Azken finean, hori gara, zaku bat, non ibilian ikasitako guztia sartzen duzun, eta dena nahasten duzun. Oso gauza ezberdinak egin ditut, eta hori lan honetan ere islatzen da. Gorputzak, berez, espresiobide gisa ezaugarri asko ditu. Diziplinatan banatu daitezke, antzerki-dantza bezala uler daiteke. Nire ustez, arte eszenikoak dira oro har. Azken finean, ahotsa ere gorputzaren ezaugarrietako bat da, komunikazioa lortzeko bidea. Musika tresna bat afinatzea bezalakoxea da, nora heldu nahi duzun egindako lana komunikatzeko. Azkenean, era naturalean atera zait, baina egia da erregistro asko dituela. Ez dago araurik. Mundu abstraktoa errealismo hutsa bezain baliagarria da, azken lan honetan erakusten den moduan. Unearen eta norberaren beharrizanen araberakoa izan behar du sorkuntzak.

Bruselara joan zinen Euskal Herrian ez dagoelako dantzarientzat lanik?

Ez dago dantzari gisa profesionalki lan egiteko aukerarik. Eta ez dago dantzarientzako lanik, lehenengo eta behin, konpainia iraunkorrik ez dagoelako. Norberak sortzen du berea, eta zorte on! Ez da posible. Karrera profesional bat izateko kanpora joan behar da, lan bat sortu eta hori 100 bider erakusteko aukera izateko. Belgikan dantzariaren lanbidea beste lanbide bat gehiago da. Free lance lana nagusitu da han ere, baina konpainia baterako lan egiteko eta lan kontratu bat izateko aukera ere bada. Languntza iraunkorrak badira eta jendea hortik bizi da, familia osatzen dute, eta gainerakoak. Han hori normalagoa da, hemen bideraezina da.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude