argia.eus
INPRIMATU
Inaurkinetan
Jakoba Errekondo 2013ko urriaren 15
Babarrun uzta
Babarrun uzta

Hostoa eta orria. Eta hostorria. Guk hostoa hitza ikasi genuen txikitan. Orria soilik pinuarenari deitzeko erabiltzen zen, pinuaren orria. Beste guztiak hosto. Eta liburuak jaten hasi nintzenean, orrialdeak gora eta orrialdeak behera. Hostoaldea ez al zen hobe? Orduan ikasi nuen hostoari, hosto zapal lau xafla itxurako horri orri ere deitzen zaiola. Eta, ufako baten ondoren, lasai jarraitu nuen orrialdez orrialde.

Orbel giro da. Gaur egun aziendaren azpitarako ez da asko behar: azienda gero eta urriago eta dagoenari lastoa edo zerrautsa zabaltzen zaio hankapean. Bat ere azpirik gabe etzaten denik ere bada, burdinazko sarean... Horrelakoa da gero eta esne-azienda gehiago: ardi asko eta, jakina, gure behi gehien-gehienak. Ez dituzte beren arbasoek adarrak tentetzen! Esne greba berehala genuke. Izan ere, garai bateko orbelezko ohea bezalako gutxi; baita geuk ere.

Ohe ederra da garoa ere. Ez hosto eta ez orri ez da garoarena, hostorria baizik; hostoa ebakidura sakon ugariz pikatua. Garo meta bat atarian duen ukuilua lau izarreko zenbait hotel baino hobea da. Iraila piztean gorritzen diren garomenak moztu eta ihartuta etxeratzen dituenak, aziendaren atsedenean pentsatzen du. Abaroa buruan duenak lehenik jatenak zaindu ditu. Burdinazko sare baten gainean lo egiten duenaren aldean, ederki elikatuko dute inaurkinetan lo harrarazten dutena. Horienak bakarrik jatea eta edatea hobe genuke.

Artaburuen artobero usain harroxkoa urte osoan aditzen bada ere, hemendik aurrera helduko dira artaleak. Gero arta zuztarrak jasoko. Zuztar hori ere ez da nolanahiko azpi. Ukuiluan zuztarra, logelan zurikina. Artazuriketan buruari kentzen zaizkion hostoak dira zurikin. Garai batean, luma hauta finez ez, baizik eta zurikinez beteak izaten ziren lastairak.

Pinu orria ere ez da azpi txarra. Inoiz ez dut oherako inaurkin bezala ezagutu, baina gero eta usuago darabilgu landareen azpietan. Pinu orriak belarra haztea nekezago egiten duenez, jorra lanak urritzeko erabiltzen da batez ere.

Hosto, orri, hostorri, orbel, zurikin... onena, inaurkin horiekin sortzen den simaurra. Simaur onena.