"Basurde eta orkatzak erakusten ari dira ehiza beharrezkoa dela"


2013ko urriaren 20an
Bizkaiko Ehiza Federazioko presidente Iker Hidalgo; eta ADECAP-Gazteak elkarteko Mikel Barrios (argazkian, koinatuarekin, eskuinekoa)
Bizkaiko Ehiza Federazioko presidente Iker Hidalgo; eta ADECAP-Gazteak elkarteko Mikel Barrios (argazkian, koinatuarekin, eskuinekoa)

Bizkaiko Ehiza Federazioak Bilbon duen egoitzan hartu gaituzte erakundeko presidente Iker Hidalgok (ezkerreko argazkian) eta ADECAP-Gazteak elkarteko Mikel Barriosek (argazkian, koinatuarekin, eskuinekoa). Duela hiru urte, oilagorrak “zelatan” ehizatzea legez kanpokoa eta gainerako ehiztariekiko errespetu gabea dela azaltzeko kontzientziazio kanpaina abiatu zuen ADECAPek, “jauzian” ehizatu behar delako hegazti hori, zakurrak sastraka artetik aterarazi ostean. Bestalde, usoa urtarrilaren 31tik aurrera ehizatu ahal izateko ahaleginetan dabiltzala azaldu digute bi gazteek. Europak 2005ean debekatu zuen kontrapasa, hegaztiak iparraldeko kumaldi lekuetara doazelako bueltan, eta haiek akabatzeak txita kopurua izugarri murriztuko lukeelako. Uso askok, gainera, ezin izaten diote neguari aurre egin, eta etorri baino gutxiago dira bueltan doazenak.

Usoa kontrapasan ehizatu ahal izatea nahi duzue.

Mikel Barrios: Badakigu oso zaila dela lehengoaren moduko kontrapasa itzultzea, garai batean apirilera arte luzatzen zelako. Pagausoa urtarrilaren 31tik aurrera ehizatzeko beste modu bat bilatu beharko dugu. Hemen oso uso gutxi botatzen ziren, 2.000 inguru. Urtero ia 6 milioi uso pasatzen direla aintzat hartuta, ez da batere kopuru handia. Uso populazioa, gainera, gorantz doa Europa osoan.

Iker Hidalgo: Aukera bakarra usoaren ehizaldia martxora arte luzatzea da, Espainiako zonalde batzuetan egin duten moduan. Frantziako Estatuan ere otsailaren amaiera arte ehiza daiteke. Ez litzateke kontrapasa izango. Kontrapasaren onena martxoa da, baina gutxienez otsaila bukaera harrapatuko genuke.

Legea ez da berdina leku guztietan…

I.H.: Hala da. Agian hegazti bat erkidego batean bota daiteke, eta ondokoan ez. Ez du zentzurik. Frantziako Estatuan animalia gehiago ahal dira ehizatu. Hegazti migratzaile batzuk Ipar Euskal Herrian ehiza daitezke eta Hegoaldean ez; Hendaian bai eta Irunen ez.

M.B.: Espainiako Gobernuko Nekazaritza eta Ingurumen Ministerioa Mendien Legea ari da lantzen. Ehizaren eskumenak lekuko administrazioenak diren arren, Estatu mailako batzorde batek ehizaldien irekiera eta bukaera datak proposatuko lituzke, eta erkidego guztietakoak parekatu. EAEren kasuan azken hitza diputazioek izango lukete, baina gutxienez gaiaz eztabaidatu eta agian zer edo zer mugitzerik izango da.

ADECAP-Gazteak-ek Esperari STOP kanpaina abiarazi du.

I.H.: Legeak espresuki debekatzeaz gain, ehiztariok ez dugu praktika hori onartzen. Oilagor gutxi dago, eta behar den moduan harrapatu behar dira. “Zelatan” ehizatzea errespetu falta da beste ehiztariekiko.

M.B.: Ehiztariek jakin behar dute oilagorrak “zelatan” ehizatzea txarto dagoela. Ez du meriturik. Batzuek traizioz ehizatzen dituzte. Ez da etikoa.

Zerk markatzen du etikoaren marra?

M.B.: Animaliari ihesbidea eman behar zaio, eta oilagorrari basotik kanpo itxaroten bazaio ez dauka.

Eta pasan datorren usoak bai?

M.B.: Oilagorrak gaur leku batean jaten badu, badakizu ziurrenik bihar ere hara joango dela. Usoak behin pasako dira zure paretik.

I.H.: Oilagorra basotik kanpora ez da ezer. Leku irekietan trankil-trankil doa, zuzenago hegan egiten du, defentsarik gabe dago… Basoan du ezkutatzeko abilidadea. Usoak arriskuaren aurrean altuago egin dezake hegan.

M.B.: “Zelatan” egiten den ehiza eragozteko, debekaturik dago oilagorra jatetxeetan-eta saltzea.

Furtibismoa zigortzen al da?

I.H.: Isun ekonomikoak jartzeaz gain, ehiza baimena kendu ahal dizute 3-5 urterako. Zaintza handiagoa egon beharko litzateke, guarda gehiago, baina krisiak administrazioak ere kolpatu ditu eta…

“Ehiztariok naturaren oreka bermatzen dugu”, entzun dugu maiz.

M.B.: Hala da, trafiko arazoak eragin eta uztak txikitzen dituzten orkatz eta basurdeen gainpopulazioa kontrolatzeko tresna garrantzitsua gara.

I.H.: Ehiztariak fauna urte osoan zaintzen du, gero ehizatu ahal izateko. Ehizarik gabe espezie asko desagertuko lirateke, eperra adibidez. Ekologistek diote natura geldi uzteko, baina gizakia beti egon da naturaren barruan. Ez doa hura alde batetik eta gu bestetik. Basurde eta orkatzak erakusten ari dira ehiza beharrezkoa dela.

Zergatik dago gainpopulazioa? Haien harrapariak, otsoak adibidez, desagertu egin direlako?

I.H.: Basoak aldatu egin dira, jendeak ez ditu zaintzen. Pinudi eta eukalipto ibilgaitzak paradisua dira basurdeentzat. Otsoa aspaldi desagertu zen arren, ez da hainbeste orkatzik sekula egon. Gehiago da basoen eraldaketagatik.

Basogintza politika aldatzeak lagunduko luke?

I.H.: Agian, administrazioek euren lurretan pinuen ordez zuhaitz autoktonoak, haritz edota pagoak landatuko balituzte mendiak garbiago edukitzeko... Mendi asko pribatuak dira, ordea.

Zer harreman duzue baserritarrekin?

I.H.: Baserritarrek, oro har, uxaldi gehiago eskatzen dituzte. Kontua da lehen baserriak ziren asko gaur egun txaletak direla. Mendira bizitzera joan diren askok ez dute onartu mendiak badituela berezko ezaugarriak: simaur usaina, oilarrak kantuan… eta ehiza. Betiko baserritarrek eta hauek diferente ikusten gaituzte.

Umeak ehizara eramatea begi onez ikusten al duzue? Eskopetaz inguratuta daudelako diot.

M.B.: 10 urteko gazteak ehizara joatea ongi dago, eskopetarik erabili gabe, noski. Arau batzuk daude: aitarekin edo osabarekin zoaz, ezin zara 15-20 metro urrundu… Animaliak-eta ezagutzen joateko primeran dator


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gizartea
2024-04-28 | Julen Azpitarte
Gangster maritxuen banda

“Gay azpitestuak beti hobetzen du film bat”
Quentin Tarantino

Juan Dos Ramos idazle eta Alex Tarazón ilustratzaile valentziarrek Gangsters Maricas: Extravagancia y Furia en el cine negro (Gangster maritxuak: nabarmenkeria eta indarkeria zine beltzean)... [+]


BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gilen Konkistatzailearen oinordeko aberatsak

Hastings (Ingalaterra), 1066. Gilen I.a Normandiako dukearen gudarosteak Harold II.a erregearen tropak mendean hartu zituen, eta tronua eskuratu zuen. Gilen I.a Konkistatzailea 1087 urtera bitartean izan zen errege.

Normandiarren konkistaren ondorengo erregealdi horretan,... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


Eguneraketa berriak daude