Bestelako telebista ereduak interneten daude

  • Telebista mundu mailako boteregune dela agerian jarri eta edukietan dituen ajeak azaldurik, internetera jauzi egiteko gomendioa egin zuen Axier Lopez Argiako multimedia arduradunak, urriaren 11n Donostiako Koldo Mitxelenan. Interneten zer ikusi, pistak ere eman zituen.

Axier Lopez:
Axier Lopez: "Telebista izatez zerbitzu publikoa da eta 80ko hamarkadan berau pribatizatu izanak audientzien lehia eta espektakularizazioa ekarri zuen telebista denetara, baita kate publikoetara ere".Lander Arbelaitz

Iametzak, Argiak eta Ametzagaiñak elkarlanean antolatutako EuskaraBildua jardunaldiek publiko anitza bereganatu zuten. Multimedia izan zuten zazpi hizlariek aztergai eta galderetan parte hartze handia izan zuten entzuleek. Hitzaldia ematen azkena Axier Lopez Argiako multimedia arduraduna izan zen eta medioen jabegoan dagoen monopolioa azaltzeko datuok eman zituen: “Munduan 6 komunikazio enpresa erraldoiren esku daude telebistak, irratiak, egunkariak, aldizkariak, musika diskoak, liburuak eta film gehienak: Time Warner, Disney, Fox News, Viacom, Seagram, General Electric, Sony eta Bertelsmann. 5 berri agentziek mundu osoan kontsumitzen diren albisteen %96a sortu eta banatzen dute. Munduko informazioaren %90a AEB, Europa eta Japoniak banatzen dute. Telebistan zein dendetan ikus-entzunezko produktuen %80a AEBetakoa da”.

Telebistaren ajeak

Telebista errealitatearen isla dela eta beraz, merezi duguna daukagula esanik justifikatzen da programazioa. “Hori egun ameskeria da. Egunero ikusten ditugun edukien hautapenean dagoen hierarkizazioa ahaztea litzatekeelako”. Hautaketa horren ondorio den telebista eskaintzaren ajeak agertu zituen adibidez jantzirik: Fribolizazioa eta banalizazioa; sexismoa eta edertasun molde bakarraren apologia; albiste andana emanik ere hausnarketa itotzea; Ipar ikuskera, eurozentrismoa barreiatzen duela mundu osora; emigrazioa delinkuentziarekin eta kriminalitatearekin lotzen duela; erreferenteak dirudunak izan ohi direla; telebista enpresek bere langileen esplotazioa bultzatzen dutela; eztabaida faltsua, azalekoa ematen dutela sakonera iritsi gabe; estatu-propagandarako makinaria dela –2012an AEBetako presidentetzarako karreran, errepublikarren lehen bueltan, 4 hautagaietatik 3k FOXen nomina zeukaten, aurkezle edo komentarista zirelako: Sarah Palin, Newt Gingrich eta Rick Santorum–; Hiztegia birmoldatzen duela –terrorismoa, demokrazia, fundamentalismoa definituz–; etsai berrien sortzailea edo gerrarako propaganda sortzailea dela –General Electric-ena da NBC telebista eta Irakeko gerrarekin etekinik gehienak General Electric-ek lortu zituen, gerra hau sutsu defendatu ostean–; krimenak ezkutatzen dituela; albistea zer den eta gehien bat zer ez den definitzen duela; eta batez ere kontsumismoa bultzatzen duela.

ETB aztergai

EAEko audientzietan Telecinco da lehena (%13,1), Antena3 bigarren (%10,3), eta ETB2 hirugarren (%9,7). ETB1ek %2,2ko  audientzia biltzen du, eta ETB3k honen erdia (1,1%). ETB1k %0,0 audientziako tarteak ere badauzka –1.000 ikus-entzuletik behera ez dira audientziak neurtzen–.

Lopezen ustetan, euskarazko lehen katea erdarazkoaren aldean “ahatetxo itsusia” da: “Diru gutxiago inbertitzen da eta betelanez josia dago (kamara ezkutua, su artifizialak, Alcorcon-Eibar futbol partida, pilota partiduak, igandero 2.500 euroko gastua meza santua emateko...). ETB2 audientzia eta publizitate gehiago lortzeko sortu zela gogorarazi zuen. ETB3 ausart hasi zela eta saiakera ona egin zela baloratu zuen baina “hiltzen uzten ari dira, umeentzako bilakatzen”. Bere ustez telebista publikoaren arazo handiena da “80ko hamarkadan pentsatu zen eredua, gaur egun arte ia bere horretan mantendu dela ez dela aldatu nahi”. Kalitatezko salbuespenak nabarmendu zituen: Mundo.hoy, Mihiluze, Azpimarra, Tumatxa...

Itzali TB eta erdu sarera

Komunikabide euskaldunek bi erronkari aurre egin behar dietela onartu zuen: “Telebista eta multinazionalen monopolioari aurre egitea, eta euskarazko irakurle-entzule-ikusleak sortzea. Ohiturak sortu behar ditugu, egungo herritarren kontsumoan medio espainolak baitira nagusi”. Ikus-entzuleak sortzeko gazteak dira klabeak Lopezen ustez, “eta gazteak nagusiki interneten dabiltza”. Ahuldade ere badiren krisia eta txikitasuna aldaketa ezartzeko indargune ere badirela azaldu zuen: “Txikitasuna abantaila da aldaketei azkarrago erantzuteko, aurrenak izan gaitezke, erreferenteak sortu. Horretarako ausardia eta esperimentazioa behar dugu. Esparru oso bat jorratzeko daukagu, tamalez eta zorionez”.

Interneten erreferentetzat dituen medio hauek gomendatu zituen: Google News (jendearen bilaketetan oinarrituz egindako albistegia), CNN Pipeline (hainbat lekutan dituzten kamerak hautatzeko aukera ematen die ikus-entzuleei), BBC (zerga bidez ordaintzen dutenez herritarrek, artxibategi guztia publiko jarria dute), WebTB txikiak (lefigaro.fr adibidez), La Tuerka, Fort Apache eta Cubainformacion (beste telebistek Kubarekiko duen ikuspuntuari erantzuten dio erreportajeekin).

Euskal Herrikoen artean Eguzki Bideoak (urteak baitaramatzate dokumental alternatiboak euskarazko azpitituluekin eskaintzen), Ateak Ireki (kazetaritza herritarrean puntakoa delakoan), Topatu, Aiaraldea (komunikazio integrala lantzen duelako euskaraz, irrati, aldizkari eta weba batuz), azpitituluak.com, greba egunetan hainbat medioek elkarlanean egindako jarraipen informatiboa eta Kanaldude: “ETB1en Iparraldearen orena bost minutuko saioa bukatu zen astean, Kanalduden Mihia Pitz ordubeteko lehiaketa egin dute Zuberoako gazteek, oso bitarteko gutxirekin”.

ARGIAko erronkak

Interneten bideoek duten arrakastarekin bat eginaz, Argiaren webgunean ere multimedia atala bisitatuena izateko gertu dago. Honen barnean dokumentalak eta film laburrak dira ikusienak. Iazko EuskaraBildua jardunaldietan Argiak emandako hitzaldian Youtuben 349.616 bisita zituela esan zen eta urte bakarrean 814.612ra iritsi da. Bide berean jarraitzea dela helburua azaldu zuen: “Euskaraz copyrightak ez du zentzurik, helburua edukiak zabaltzea delako”.

Behin Beranduegi amaituta, Argia aste osorako programazio multimedia bat eskaintzeko lanean ari dela azaldu zuen (egun batean WebTB saioa, hurrengoan dokumentalak...), telebistaren modura eskaintza ordenatuz erakargarriago egiteko.

Esperimentazioa dela bidea azpimarratu zuen: “Euskal Herriko Bertso Txapelketan umorezko saioa hasiko dugu (2009an Hitzetik Hultzera egin zen bezala), zuzeneko emisio gehiago egitea aurreikusten dugu, multimedian sail gehiago irekitzea...”. Ideia eta proiekturik ez da falta, irakurle eta ikus-entzuleak bidelagun izanez gero.
 

Espainiako telebisten jabe nagusiak

- Berlusconi: Gehiengoa du Telecincon eta Cuatron eta sozio minoritarioa ere bada Digital+en.

- Vocento: BBVA eta Correo dira taldekide eta telebista kate hauek dituzte: Net TV, La 10, TeleDonosti, Bilbovision, Alava7…. Viacomekin akordioa dute (MTV, Nickelodeon, Paramount Comedy, VH1, Comedy Central eta Spike), eta haren frekuentziak uzten dizkiote Intereconomía eta Disneyri.

- Prisa: 1.200 irrati dauzka Europan, AEBetan eta Hego Amerikan. Espainian Canal+, Localia… 2007an Prisak SOGECABLE erosi zuen, presidente Rodolfo Martin Villa zuena (harreman sindikaletarako ministro izana Manuel Fragarekin).

- Mediaset: Telecinco, Cuatro, LaSiete, FactoríaDeFicción, Boing, Divinity, Energy, Nueve, Telecinco HD eta Cuatro HD.

- Mediapro: laSexta, Neox, Nova, Nitro, Xplora, laSexta3, Antena 3 HD, laSexta HD, Antena 3 Premium, Antena 3 Internacional eta Gol Televisiónen eta Público egunkariaren jabeak. Liberty Acquisition enpresa britainiarrak akzioen %40 dauzka eta enpresa hau Hilll & Knowlton publizitate holdingaren parte da. Holding hau ezaguna da 1990eko Irakeko gerraren sustatzailea izan zelako.


ASTEKARIA
2013ko urriaren 20a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Telebista
Lodiek ez dute lekurik film eta telesailetan

Nahiz eta herritarren erdia baino gehiago "normopisua" delakotik gora egon, film eta telesailetako pertsonaien %3,3ak baino ez ditu gorputz horiek ordezkatzen. Apenas dagoen pertsonaia gizenik, eta dagoenean, sarri bere gizentasuna du trama nagusi, bereziki emakumea... [+]


Nerabeek ez lukete egunean ordubete baino gehiago igaro behar pantaila aurrean, ohartarazi dute

Espainiako Estatuko 12 eta 17 urteko gazteek sarean sei ordu baino gehiago pasatzen dituzte egunean, eta bost gaztetik batek pantailekiko menpekotasuna garatzeko arriskua du, dio Somos Conexión telekomunikazio kooperatibak. Udako oporretan haur eta gazteek pantaila... [+]


2023-05-12 | Sustatu
Casting deia musean aritzeko euskarazko telebista saio baterako

Kanaldude Nafarroa Behereko tokiko telebistak duela gutxi berritu du webgunea, eta hedapena zabaltzea erdietsi ere; eta orain beste mugarri interesgarri bat probatzera doaz: Mus lehiaketa bat telebista emankizun moldean antolatua. Bikote bila casting irekia deitu dute, Euskal... [+]


2023-05-05 | Euskal Irratiak
Etxeko telebistetara jauzi egin du Kanaldudek eta webgunea berritu dute

Kanaldudek internetetik gure etxeko telebistetara jauzi egin du. Oraindik goiti, Free, Bouygues eta Orange internet hornitzaileen telebista boxen bidez ikusten ahalko da. Orain lanean ari dira SFR-en bidez ere ikusi ahal izaiteko. Horrez gain, webgune berria estreinatu dute... [+]


Eguneraketa berriak daude