Gender trouble edo sexu/generoari bueltaka

  • Kathleen Winter ::Annabel

    Erein, 2013

Annabel liburuko azala

Abuztuan, oporretan egoteak ematen dizun pausari esker, konturatu nintzen sexu-generoaren gaia benetan dela garai honetako kezka sozial garrantzitsua. Alde batetik, prentsa idatzian aspaldiko terminoa zekarren “Alemaniak hirugarren sexu bat ‘sortu’ du” titularra zuen berria irakurri nuen, eta beste alde batetik, Kathleen Winter-en Annabel elaberriaren itzulpena argitaratu zen gurean (2010ean ingelesez plazaratua).

Kanadako herrixka batean jaio den protagonistaren barne gatazka eta bere inguruan biziko duen gatazka soziala kontatzen dizkigu nobelak. Wayne deitzen da, baita Annabel ere. Gizon bezala sozializatzen da, baina “emakume bat du barruan, ezkutuan” liburuan irakurri ahal dugunez. Homosexuala da? Galdetuko diote irakurle batzuek euren buruari. Ez, ez da. Transexuala da? Galdetuko dute beste batzuek. Ezta ere. Intersexuala da, jaiotzean organo sexual femenino eta maskulinoak zituen gorputzean.

Lehenago esan bezala oso gaurko gaia, sexu-genero sistemarena eta honen muga eta arauena, eta horregatik hartu nuen gogoz liburu honen irakurketa. Baina... zer gertatzen da literatura komertzialak, best-seller izateko anbizioz idatzitakoak, horrelako gai bat jorratu nahi duenean? Ikus dezagun, Los hombres que no amaban a las mujeres edo Cincuenta sombras de Grey, adibide ezagunak biak, oso liburu salduak izatera heldu dira jorratutako gaiaren gaurkotasun-berritasun horren ondorioz, baina... nolakoa da gai hauen trataera? Zelan planteatzen dituzte emakumeen kontrako biolentzia edo harreman (sexual) sado-masokistak? Gatazka agerian uzten dute, arazo bihurtzen dute?

Annabel irakurtzean fikziozko pertsonaia intersexual baten bizitza ezagutuko dugu, baina ez digu berak hitz egingo, izan ere, narratzaile orojakilearen begiradatik ikusiko dugu, distantziatik. Bere gurasoen sufrimendua ere oso presente izango dugu. Bere harreman afektibo-sexualak azalekoak eta urriak izango dira, heterosexualitatea eta maitasun erromantikoa auzitan jarriko ez dituztenak. Ikuspegi moralista agertuko zaigu ongia/gaizkia eta egia/gezurra behin baino gehiagotan agertuko baitira bere gorputza hizpide denean. Sexu/genero sistemaren binarismoa ere mantenduko da, “gizona edo emakumea izatea” erabaki beharko duelako eta genero identitate eta performancea ez direlako kritikoki bereizten gizonak horrelakoak eta emakumeak bestelakoak direla errepikatzen baita behin eta berriro.

El pozo de la soledad lesbianismoa tragikoki irudikatzen zuen nobela gogorarazi dit, eta gaiari buruz idaztea erronka polita dela uste dudan arren eta meritu hori aitortzen diodan arren, gai honi buruz interesa dutenentzat XXY pelikula gomendagarriagoa dela uste dut.


ASTEKARIA
2013ko urriaren 20a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude