Erretiratuen sinonimatua

Orain arte, erretiroa hartzeak erretiratua erretirodun bihurtzen zintuen, hileroko diru sari baten jabe. Hori noiz arte izango den horrela, ez dago esaterik, ongizate estatua eraisteko lanean gogor dihardute-eta, eskuin-ezker (badakit atzekoz aurrera dela berez esapidea, baina oraintxe gaude denok dislexia ideologikoak jota, eta apenas inork igarriko dion bi hitz horietan zeinek non behar lukeen).

Erretiroa hartu berria naizen honetan, azken treneko azken bagoia harrapatu izanaren irudipena daukat, baina nago benetako auzia ez dela ez trenaren lastertasuna ez trenbidearen zabaleroa, baizik eta gerora trenik batere ibiliko den ala ez, edo, hobeto esan, zenbati utziko zaien trenera sartzen, zenbatek egin beharko duten bidea oinez, eta zenbati ez zaien oinez ere biderik egiteko aukerarik emango.

Kontua, Humpty Dumpty nire filosofo zernahirakoak esango lukeen (edo ez lukeen) moduan, zera da: nork erabakiko duen aurrerantzean nor den nor, nor den zer, eta nor zabor. Bide batez esanda, hobe genuke zaborren ideologiaz hainbeste arduratu ordez ideologien zaborraz gehiago arduratzea.

Gauzak dauden bezala, dena da gaur hemen arazo etiko, edo hala behar luke, behintzat. Badirudi, ordea, hitzetik hortzera darabilgun “zoru etiko” hori gure gatazka antonomasikoaren esparrura mugatzen dela, hortik kanpo (eta hori baino lehenagoko) erabaki behar larririk ez balego bezala.

Nik neuk, erretiratzeko modu etikoki eta estetikoki egokia hartzen asmatu nahi nuke, eta uste baino gehiago kostatzen ari zait.

Erretiratzea, funtsean, baztertzea da (norberak nahita hala erabakitzen duenean, behintzat): plaza agerikoa utzi eta zurrunbilo publikotik bazter bizitzea. Egiten baino esaten errazagoa da, erabat bazter bizitzea ere ez baita kontua, ez behintzat gurea bezalako herri batean, garenetik izan nahi genukeenera iristeko bidean gehien-gehiena eginkizun dugula.

Baztertu bai, beraz, baina zenbat, zertatik eta nola? Hor dago koska, kontuak gutxitan izaten baitira “harresia itxi harresia ireki” kantu garai batean ezagunean aipatzen zirenak bezain zuri edo beltz.

Bolognek unibertsitatera ekarri duen formalismo zurrun, antzu eta malapartatutik aparte ibiltzea, esaterako, ez da erabakitzen zaila. Telebista eta irratietako oilotegi-tertuliei uko egitea ere, erabaki erraza da. Baina zergatik onartu Argian idazteko proposamena? Ganorazko ezer esan al diezaioket nik Argiako irakurleari, ala banitateak harrarazi dit erabakia?

Ekainean, orain adiskide dudan aspaldiko ikasle ohi batek, etxera etorri eta sarean nor izateko behar nituen guztiak utzi zizkidan prest. Funtsean, blog bat eta twitter kontua.

Blogaren izenburua garbi neukan hasieratik: Eza Batzen. Batetik, erretiroa hartu baino lehenago bazter utziak batu, berreskuratu nahi nituen. Bestetik, bistatik aldentzen, neure burua ezabatzen hasteko gogoa nuen.

Dudarik gabe, Argian idazten hastea ez da ezabatzen hasteko biderik egokiena, baina utzidazue, behingoz bada ere, kontraesanaren apologia egiten. Putzuan ito nahi ez badut ere, ezin dut euskalgintzaren eta herrigintzaren uretan busti gabeko bizitza irudikatu. Ez dut aparteko ekarpenik egingo, nire betiko zoroen inguruan jardungo dut, ezinbestean. Espero dut, hala ere, irakurleren bati edo besteri gustagarri gertatzea hemen plazaratuko ditudan neure zoroen inguruko jardunak. Horrenbestean, pozik nengoke ni. Zu, berriz, balizko irakurle hori, abisatuta zaude.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
"Mario Lopez" eta "Gernika"

Krimen matxistak, mediatizatzen direnean, emakumeontzat lezio bilakatu ohi dira, eta bizirik badago, biktimarentzat. Nerea Barjola ikertzaileak Alcasserko kasuaren bidez azaldu zigun hori. Eta Nagore Laffageren hilketak ere lezio astun bilakatzeko arriskua izan zuen, lezioa... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


2024-03-31 | Diana Franco
Teknologia
Gorputzaren memoria

Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen... [+]


Energia berriztagarrien zabalpen masiboaren iruzurra

EH Biziriketik sarritan salatu izan dugu energia berriztagarrien zabalpen masibo honen atzean   ezkutatzen   den   eredu   ekonomikoa.   Hazkunde   ekonomikoa   ezinbesteko baldintza duen eredu ekonomikoan... [+]


Eguneraketa berriak daude