Baletean edo izotzaren gaineko patinajean aritzen direnak gutxitan erortzen dira biraka egin ondoren. Aldiz, gutako edozeinek –baldin eta dantzari edo patinatzaileak ez bagara–, bira gutxi batzuk emanda lurrera eroriko ginateke ziurren. Nolatan?
Barneko belarrian dugun likidoa biratzen hasten da guk biratzen dugunean, eta gu gelditzean likidoak biratzen segitzen du, inertziagatik. Beraz, garunak biraketaren seinalea jasotzen segitzen du, eta gu horretan aritzea espero duenez, zorabioa sumatzen dugu gelditzean.
Esandakoa gertaera naturala da, baina artistek, praktikaren poderioz, garunari irakatsi diote belarri barneko likidoaren mugimenduari kasu ez egiten. Hala, biratu ala ez, garunak ez du igortzen zorabioa eragiten duen seinalerik.