Argia Ikastola,
Erriberako euskara eragile nagusia

  • Urriaren 20an izango da Nafarroa Oinez Tuteran eta Argia Ikastola ari da jaiaren prestaketa lanetan. Hirugarren aldiz ospatuko da Erriberako hiri nagusian euskararen eta ikastolen aldeko jai handia. Taupadaz bat egin! dio aurtengo leloak.

200dik gora ikasle ari dira ikasten Argia Ikastolan, txikienek 18 hilabete izaten dituzte eta zaharrenek 16 urte. Argazkian ikasleak, irakasleak eta begiraleak.
200dik gora ikasle ari dira ikasten Argia Ikastolan, txikienek 18 hilabete izaten dituzte eta zaharrenek 16 urte. Argazkian ikasleak, irakasleak eta begiraleak.Blanca Aldanondo

Nafarroa hegoaldeko azken ikastola da Argia; Erriberako bakarra. Fontellas herrian dago kokaturik; Tuteratik behera, 8 kilometrotara. 1984. urtean sortu zen ikastola. Administrazioari begira, ordea, 2006-2007 ikasturtean legalizatu zuten, eta harrez gero ikastetxe kontzertatua da. Nafarroako eremu ez-euskaldunean dago ikastola, eta eskualdeko euskara-eragile nagusia da.

Anika Lujan ikastolako zuzendaria tuterarra da. Bost urte daramatza Argiako zuzendari, eta irakasle lanetan orain 13 urte hasi zen bertan. Ikastolak 29 urteko ibilbidea egin eta gero, eskualdeko herritarrek hori guztia nola ikusten duten jakin nahi izan dugu: “Hiritarrek badakite ikastola hor dagoela. Ni Tuterakoa naiz, lagun gehienak ere bertakoak ditut, baina horietako askok ez dute aukeratu ikastola euren seme-alabentzat. Egoera ikuspegi soziologikotik aztertuz gero, bi aldagai nagusi daude horren atzean. Alde batetik, Nafarroako Gobernuaren hizkuntza-politika, eta beste aldetik, Euskararen Legea; ikusezin bihurtzen ditu euskaldunak eta euskara Erriberan. Eskualdeko paisaia linguistikoan ere ez dago euskararen aztarnarik. Adibidez, orain bi urte epaitegi berria egin zuten Tuteran, eta nonbait okertuta, euskaraz jarri zuten izena eraikuntzaren fatxadan; kendu egin zuten handik egun gutxitara”. Aipatu arrazoiengatik, jende askorentzat euskara ez dela existitzen eta ikastola ez dutela euren seme-alabentzat aukera gisa ikusten gaineratu digu Lujanek. Horri guztiari alderdi ekonomikoa gehitu behar zaiola ere azpimarratu digu; beste oztopo bat baita matrikulazioari begira.

Egun, 220 ikasle daude Argia ikastolan. Normalean 18 hilabeterekin hasten dira eskolan, 16 urte bete arte. Ikasle guztien bi heren Tuterakoak dira, eta beste herena inguruko 13 herritakoak. “Fontellasen bizi diren ikasleak kenduta, gainontzeko guztiek garraioa erabili behar dute ikastolara etortzeko; eta badira egunero 40 kilometroko bidea egin behar izaten duten ikasleak. Ikastolako jangela ere ikasle guztiek erabili behar dute. Familiek ez dute diru-laguntzarik jasotzen gastu horientzako. Eta hori guztia zailtasun bat da matrikula berriak lortzeari begira. Nahiz eta Erriberako familia batzuk euskararen oso aldekoak izan, hori guztia baloratu egin behar dute”, aipatu digu Lujanek.

Administrazioaren laguntza eza, Euskararen Legea eta krisialdia. Testuinguru horretan, Argia ikastolaren helburu nagusia da bere horretan jarraitzea. Anika Lujan: “Erriberan euskara zabaltzeaz eta sustatzeaz gain, Nafarroa Oinezeko helburu nagusia ekonomikoa da, benetan; ahalik eta diru gehien lortzea. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza irekita mantentzeko, Nafarroako Gobernuak ezarritako eskakizunak bete behar izan ditugu; inbertsio handiak egin. Kasu honetan, kiroldegia eraiki behar izan dugu. Eraikin hau egiteko Administrazioaren aldetik ez dugu inolako erraztasunik jaso eta hori dena familien esku geratu da”.

Guraso erdalduneko ikasle euskaldunak

Argia ikastolako ikasle gehienentzat ikastetxea bera da euskaraz hitz egin ahal izateko eremu bakarra. Erriberan ez dago euskaraz bizitzeko aukerarik. Ikastolatik at, gaztelaniaz bizi dira, oro har, ikastolako ikasle gehienak. Erdaldunak dira ikasle gehienen gurasoak, eta oso gutxi dira familian edo lagunartean euskaraz aritzeko aukera daukatenak. Tuteran topa daitezke familia euskaldun gehien; bertakoak dira egungo ikasle eta ikasle ohi gehienak eta bertan bizi dira Euskal Herriko beste txokoetatik etorritako familia gutxi batzuk ere. Horrez gain, euskaldun gutxi eta oso sakabanatuta daude Erriberan. Anika Lujan: “Ikastolako gurasoen jarrera ona da euskararekiko, jakina denez. Guraso erdaldunei eskaintzen dizkiegu euskaraz ikasteko ikastarotxo batzuk ikastolan bertan, eta batez ere saiatzen gara beraiei jakinarazten zein inportantea den jarrera positiboa izatea hizkuntzarekiko. Nahiz eta beraiek euskara ez jakin, esaten diegu ez diezaietela haurrei transmititu hori oztopo bat denik eta ez dezatela inoiz hizkuntza gutxietsi egunerokotasuneko egoeretan”.

Jon Illarramendi DBHko euskara irakaslea da, getariarra eta zortzi urte daramatza ikastolan; bere ikasleek, 12-16 urte bitarteko gazteek, Erriberan euskaraz ikastea nola bizi duten galdetu diogu: “Ikasleek badakite ikastolako helburuak zeintzuk diren. Zentzu horretan, euskararekiko oso jarrera positiboa daukate. Gertatzen dena da ikastolatik kanpo dituzten harreman gehienak gaztelaniaz finkatuta dituztela, eta ohitura horiek aldatzea asko kostatzen zaiela. Gaztelaniaz hitz egiteko joera handia dute, erraztasun gehiago daukatelako. Baina irakasleekin euskaraz hitz egiten dute eta saiatzen dira, hein handi batean, gelan ere euskaraz hitz egiten”. Horren harira, ikastolako zuzendariak gaineratu digu DBHko ikasleek asko baloratzen dutela hizkuntzaren transmisioaren ideia; badakitela balio berezia daukan hizkuntza bat ikasten ari direla eta euren esku geratuko dela hizkuntzaren transmisioaren jarraipena. Oso pozik dagoela adierazi digu Lujanek, gazte kontzientziatuak eta inplikatuak izango direla ikusten duelako.

Batxilergoa gaztelaniaz baino ez

Ikasleek ikastola uzten dutenean, euskara maila polita lortzen dutela jakinarazi digu Illarramendik; B2 maila arazorik gabe lortzen dute: “Ikastolan euskararen transmisioaren ideia eta kontzientzia lantzeaz gain, ikasleak Euskal Herriko beste herrialde batera joaten direnean euskaraz naturaltasunez komunikatzeko gai izatea nahi dugu. Maila informalean, ordea, lagunarteko hizkeran, dituzte komunikatzeko zailtasun gehien; hori da gehiago landu beharko litzatekeena, nire ustez. Gure ikasleak beste ikastetxeetako lagunekin elkartzen dira ikastolatik kanpo, eta euren artean gaztelaniaz aritzen dira; norbaitek euskaraz ez dakienean, hala egiten dute”.

DBHko azken maila ikasten ari den Aitor Bergara ikaslearekin hitz egiteko aukera izan dugu, bere egoera ezagutzeko. Txikitatik hasi zen ikasten Argian eta egun 15 urte ditu; azken urtea du ikastolan. Tuteran bizi da, baina Bergara eta Eibar ingurukoa da bere familia. “Nire gurasoek, zortez, badakite euskaraz, eta etxean euskaraz hitz egiten dut beraiekin. Nire gelako bakarrenetarikoa naiz. Kalean ez da euskara entzuten, baina ez zait arraroa iruditzen, txikitatik bizi naizelako hemen. Lagunartean, zoritxarrez gaztelaniaz hitz egiten dugu normalean. Gelan 20 bat ikasle gara, elkarrekin bost bat lagun ibiltzen gara, baina beste ikastetxeko lagun batzuekin ibiltzen garenez kalean, eta haiek euskaraz ez dakitenez, ba ezin dugu euskaraz hitz egin. Nahiago nuke euskaraz hitz egiten ibili, baina ezin dut”.

Datorren urtean, Bergarara joango da Aitor batxilergoa euskaraz ikastera. Euskarazko ikasketekin jarraituko duen bakarrenetakoa izango dela jakinarazi digu berak. Jon Illarramendik azaldu dizkigu zer aukera dituzten ikasleek ikastolatik irtendakoan: “Ikasleek ikasketak euskaraz egin nahi badituzte, Iruñera joan beharra daukate. Oso ikasle gutxi dira hori egiten dutenak; iaz hiru ikasle joan ziren, esaterako. Tuterako institutura joaten dira ikasle gehienak, A eredua daukate eta euskara ikasgai gisa aukera dezakete. Euskara ikasten jarraitzeko hizkuntza-eskola ere hor daukate, C1 maila ateratzeko. Eta unibertsitatera joaten direnean, euskara ere hauta dezakete”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nafarroa Oinez
2023-10-09 | ARGIA
Euskararen ofizialtasuna aldarrikatu dute Nafarroa Oinezen

Etxarri Aranatzen, Andra Mari ikastolak antolatu du 2023ko Nafarroa Oinez, Hotsein lelopean. Festaz gain, bi aldarrikapenek hartu dute tokia: euskara ofiziala izatea Nafarroa osoan eta Euskal Herri osoan euskaraz bizi ahal izatea. Hurrengo Nafarroa Oinez Zangozako Ikastolak... [+]


2023-06-14 | Ilargi Manzanares
Nafarroa Oinez kantuak aldarrikatuko du euskarak ofizial behar duela Nafarroa osoan

Etxarri Aranatzeko Andra Mari Ikastolak aurkeztu du asteartean “Nafarroa osoan bai!” kantua, San Ferminetarako prestatu duten Oinez Txokoarekin batera. Joseba Tapiak konposatu du musika, eta Maddalen Arzallusek egin du letra.


2022-10-30 | Leire Artola Arin
Nafarroa hegoaldetik sortu da euskararen aldeko bultzada berria

Euskararen Foru Legeak nafarrak diskriminatzen ditu, eta hizkuntza eskubideak esleitzen zaizkie bizi diren eremuaren arabera. Bada, duela urte batzuk ereiten hasi ziren hamaika ekimen zonifikazioari aurre egiteko, eta udazken honetan inoiz baino indartsuago hasi dira euskarari... [+]


Zonifikazioa Nafarroan
Hezkuntzan ere euskarak hamaika oztopo

Nafarroa osoan euskara ofiziala izan dadin hamaika ekimen antolatzen ari direla kontatu dizuegu erreportaje honetan. Bada, hezkuntzari dagokionez ere, zonifikazioari aurre egiteko zenbait modu dituzte; oztopo adina indar dute euskaltzaleek. Jarraian bi adibide: batetik,... [+]


2022-10-17 | ARGIA
Jendetza bildu da Tafallan euskarari babesa ematera

Urriaren 16an jendetza bildu da Tafallan Nafarroa Oinez ospatzeko. Egunaren arrakasta nabarmendu du antolakuntzak, "bai bertaratu den jendearengatik, bai eta normaltasun osoz igaro den jaiegunarengatik ere". Eskerrak eman dizkie, batetik, Tafallan "euskara... [+]


Eguneraketa berriak daude