argia.eus
INPRIMATU
“Aiaraldea Egunkaria” eta Tolosaldeko Ataria komunikazio proiektu berriak jaio dira

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2021eko ekainaren 30a

Aiaraldea Egunkaria Bizkaiko eta Arabako bederatzi herritan (Amurrio, Arakaldo, Arrankudiaga, Artziniega, Aiara, Laudio, Okondo, Orozko eta Urduña) banatzen da joan den ostegunaz geroztik. Hamabostekaria izango da, 16 orrikoa eta erdiak koloretan. 10.000 ale banatuko dituzte doan.

Aiaraldea Komunikazio Leihoa elkartearen erronka bat gehiago da. Elkarte horrek 2010ean aiaraldea.com ataria jarri zuen abian eta 2012ko abenduan, irratia. Elkarteko kideek badakite Aiaraldeko hainbat herritarrek ez dutela internet erabiltzen edo ez behintzat egunerokoan eta horregatik erabaki dute paperari heltzea.

Aiaraldea Egunkaria bederatzi herrietako tabernetan, ileapaindegietan, osasun zentroetan eta gainerako salmenta guneetan banatuko dute. Dena dela, arreta berezia jarriko dute ikastetxeetan eta euskaltegietan.
Aiaraldean 41.253 herritar bizi dira eta %58,55 dira gai euskara ulertu eta euskaraz aritzeko. Erabilera aldiz, askoz murritzagoa da. Kale neurketak dioenez, %5era ez da iristen. Elkartearen ustez, beharrezkoa da euskaraz aritzeko espazio berriak zabaltzea eta horietako bat izango da Aiaraldea Egunkaria.

Hiru egitasmo bat eginda

Tolosaldeko Hitzak, Galtzaundi Aldizkariak eta Txolarre irratiak bat egin dute, eta erredakzio bakarrean arituko dira lanean. Egitasmo berriak Tolosaldeko Ataria izena hartu du. Papereko Tolosaldeko Hitzak eta Galtzaundi Aldizkariak bat egin dute eta hemendik aurrera Hitzaren argitalpen egunak mantenduko ditu Ataria agerkari berriak, alegia, astearteak, asteazkenak, ostegunak eta ostiralak. Bi hedabide digitalak ere batu dituzte eta egitasmo osoak bezala Tolosaldeko Ataria (ataria.info) du izena. Txolarre irratiak berriz, Ataria izena hartuko du hemendik aurrera. Hiru egitasmoek hamar urtetik gorako ibilbidea izan dute gaur arte.

Ainhoa Oiartzabal Atariko arduradunak adierazi duenez, indarrak batu, baliabideak optimizatu eta eraginkorragoak izateko ahalegina egingo dute.